kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Errudun / Eric Dicharry / Maiatz, 2016

Poesia elektromunduglobalean Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-06-19

Jorge Oteizak artearen ildo bi bereizi zituen behin. Bere ustez, ildo batean —Cezanne, Picasso, Oteiza bera— ikerketa objektuaren gainean egiten zuten; bestean —surrealismoa, Dada, Duchamp— garapenaren gunea pertsona zen. Lehen ildoak pertsona berria sortu nahi zuen; bigarrenaren xedea, berriz, hura esnatzea zen. Eta interesgarriena: lehen ildoa, pertsona eraberritu nahi zuen hura, bukatua zegoen 60ko hamarkadarako; aldiz, bigarrena ez zen Oteizaren ustez inoiz bukatzen, eta pertsona esnatu nahian jarraitzen zuen beti, eta bereziki aro garaikidean, gizarte posmoderno lokartuan.

Oteizaren banaketa bitarra onartuz gero, Eric Ditxarriren lana bigarren ildoan jarri beharko genuke. Hemen ez dago poesiarik poesiaren gainean. Hemen poesia pertsonaren gainean egina dago. Pixka bat absurdoa ematen badu ere, garrantzitsua da hori kontuan hartzea. Zergatik? Ba, lehen ildoko lan bat dela onartuko bagenu, liburuaren literatur balioa hutsaren hurrengotik nekez pasatuko litzatekeelako. Tradizio poetikoa, erretorika, egituraketa… horretatik ezer gutxi dago hemen. M. Ibarguren, J.L. Padron edo K. Uriberen —bere garaitsuko hiru poeta bakarrik aipatzearren— antipodetan legoke alde horretatik Ditxarri, eta are urrunago L. Garde, M.A. Meabe edo G. Markuleta bezalako egileetatik.

Ditxarrik “konzeptualizazioan atxeman” nahi luke “literaturaren esentzia”, poesia aipamen baten “esentziaren ikerketa besterik ez” delako. Fragmentarioa da erabat haren hizkera; arina; justaposizioa, zerrenda eta paralelismoa nagusitzen dira, apenas bestelako errekurtsorik; puntuaziorik ez dago ia; etengabeak dira jerga anglo-merkantilari egindako erreferentziak (Paradoxa baten epizentroa, adibidez); ironikoa da (Ospearen izenean, adibidez).

Inork esango du beste poetikotasun bat dela honakoa, klasikoa ez den poetikotasuna dela, apurtzailea. Baina noizbait galdetu beharko dugu hau ere: noiz arte izango da poetika postmodernoaren eklektizismo-pop-pastiche-eta abar hori guztia berritzailea? Zenbat urtek pasatu behar du Andy Warholen heriotzatik (ia 30 dira jada), esan dezagun forma poetiko hori ez dela jada berritzailea? Egun, ohikoenak 1. pertsonako narratzailea, poesia narratiboa, fragmentarismoa eta beste hainbat ezaugarri hain ezagun direnean, ez ote da —poetikoki— iraultzaileagoa soneto bat pastiche bat baino? “Elektromunduglobalean” bizi gara (Ditxarrirena da hitza), kultura osatzen duen amalgama bere adar orotan merkantilizatu eta kolonizatua dago, eta Ditxarrik hori islatzen du. Efektu apurtzailea eragiten duena hortxe dago hain justu: artearen irudi auratikoa birrintzen du egileak, elektro-mundu-globala poesian txertatuz, poesiaren erretorika eta misterioa goitik behera botaz.

Ematen du Ditxarriren poesiaren helburua epatatzea dela eta, Oteizaren banaketa bitarra berreskuratuz, pertsona esnatzea. Horregatik, zaila iruditzen zait arte poetikoari materia poetikoaren lanketa eskatzen diona liburu honek asetzea. Bestalde, ordea, nola gustatuko zitzaion, ba, M. Duchampen fontaine-a iturrien edertasuna eta lanketa maite zituenari? Edo, behintzat, ez zitzaion gustatuko iturri gisa. Esnatu, halere, esnatu zuen komun aldrebes hark. Halaxe, akaso, Ditxarriren Errudun-ek.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak