kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Beltzaren koloreak / Jon Alonso / Susa, 2016

Beltzaren ideologia Hasier Rekondo / Berria, 2016-05-15

Genero beltzaren gaineko hausnarketak orrialde gogoangarriak eskaini dizkigu literaturaren historian zehar, generoaren zale amorratu ez garenoi ere interesa piztu digute generoaren gaineko diatribek. Horrela bada, Literatura Eskolarako Elizondon eskainitako hitzaldi baterako, Jon Alonsok (Iruñea, 1958) berak fikzioan fin jorratu ohi duen (Enekoitz Ramirez Lanbas-en pausuei jarraiki) generoaz prestatu zituen oharrak, pentsamenduen zirriborroak, iritziak, iruzkinduko dugun Beltzaren koloreak liburuan (Susa, 2016) gorpuztu egin dira.

Egileak berak apailatutako apetazko oharrak dira, irakurle baten ikuspuntutik abiatzen diren zirriborroak, argitaletxeak poltsikoaren formatuan kaleratutakoak. Liburu, ohar edo apetazko iradokizunen hastapenak, genero beltzaren jatorriaz eta 70eko hamarkadan Europara heltzean izan zituen sinesgarritasun arazoez, iradokitzaileak diren arren, liburuak aurrera egin ahala, sistema teoriko sendo baten faltak, eta azterketa ideologiko hutsaren demasezko pisuak kalitatearen kaltetan doazela esango nuke.

Lehen atalean, arestian aipatutako Jatorria izenburukoan, generoaren sortzaile eta aitaponte diren gaineko apetazko azterketa eskaintzen digu Alonsok: Hammet, Chandler, Horace McCoy, James M. Cain… Kanonaren sortzaile izanik, sinesgarritasunaren auzia ez zen batere arazo Depresioaren garaian eta haren ostean Amerikako Estatu Batuetan. Alonsok generoaren sortzaileen gaineko zenbait ezaugarri komun ematen ditu: detektibearen eta polizien arteko liskarrak, sistema ekonomikoaren kontrako kritika, nolabaiteko literaturaren idealismoa… Nobela beltzaren aita Raymond Chandlerrekin batera, Hammetek sistema gogor salatzen du. Hark sortutako Sam Spadek duen ezaugarri nabarmenenak poliziari dizkion mesfidantza eta gorrotoa dira. Alonsok behin eta berriro nabarmentzen du generoak gizarte ustel baten salatzaile gisa duen garrantzia soziologikoa. McCarthy senatariak abiatutako Sorginen Ehiza-ren biktima bihurtutako Hammetek berak zera dio, senatariak eta kontserbadoreek bultzatu komunismoaren aurkako borrokaz galdetzen diotenean: “Komunismoaren aurka borrokatzen ariko banintz, ez nion jendeari libururik irakurtzen utziko, ez egile horienak, ezta beste inorenik ere”. McCarthy eta haren kideak egiten ari zirena, alegia.

Interesgarria da, halaber, 70eko Hamarkada Europan atala, generoak Europan txertatzeko izan zituen sinesgarritasun zailtasunen berri ematen du idazle iruindarrak. Sinesgarritasunaren auzia eztabaida antzua litzateke hasiera hasieratik onartuko bagenu gehienetan zenbait polizia edo ikertzaile ez direla batere sinesgarri Europako zenbait lekutan. Oharron parterik sakonena Manchette idazle frantziarrari eskainia iruditu zait. Gogoangarria da, baita ere, Belen Gopeguiri eskainitakoa: “Idazleak jokaleku bat eta joko-arau batzuk proposatzen dizkio irakurleari (mota guztietakoak: ideologikoak ere bai), honek onartzen baditu….sinesgarritasuna lortzen da”.

Liburuaren azken parteak zirriborro hutsal iruditu zaizkit, egilea galdu egiten baita zenbait idazleren ustezko ideologia agertzeko peskizetan. Petros Markaris idazlea ezkertiarra da? bezalako izenburu-galderek ezer gutxi eskaini diezaiokete azterketa literario bati; egileei egindako zenbait elkarrizketa pertsonal, edo merkadotekniaren gaineko datuak, baliatzen ditu Alonsok bere ikuspuntua agertzeko.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak