kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Farorantz / Virginia Woolf (Anton Garikano) / Elkar, 2015

Modernismoaren faroa Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-05-08

Virginia Woolfen Farorantz eleberria 1997an argitaratu zuten euskaraz lehen aldiz. Orain Anton Garikanoren itzulpen berritua kaleratu dute Elkarren Urrezko Bibliotekan. Bere garaiko eleberrigile aipagarrienetakoa da Woolf, eta emakume gisa bide-urratzaile garrantzitsua. Modernismoaren urrezko hamarkadan, 1927an, argitaratu zuen Farorantz. Funtsean, familia batek Eskoziako uharte batera egindako bisitak dira eleberriaren aitzakia; baina, egiazki, familia eta lagunarte horren bizimodua kontatzen zaigu.

Gizakumea ez dabil zoriontasunaren bila, esan zuen Nietzschek, baizik ingelesak. Bilaketa etsian dabiltza Woolfen pertsonaiak: “Zorionak ez zuen irauten”, pentsatzen du Ramsay andreak; “Beste inork baino gehiago merezi omen zuen hark zoriona”, irakurriko dugu erditzean hildako Prue Ramsayri buruz. Bizitzaren gogortasuna eta pertsonaren bakardade esentziala agertzen dute pertsonaiek, baita harremanetan sartzeko zailtasuna ere. Pertsonaien portaeran eta pentsamenduan ikusten dugu hori, baina baita inguruaren aldaketetan ere, hainbat elementu sinbolikok islatzen baitu pertsonaien izatea: urte-sasoi aldaketek, etxearenak, Lilyren margolanarenak, eta abarrek.

Formalki oso landua da. Batetik, denboraren trataera berritzailea dago. Tenpoa oso mantsoa da, baina baita aldakorra ere: lehen atal luzeak egun bakarra irauten du, bigarrenak —laburrenak— hamar urte, eta azkenak berriz egun bat; eta denboran aurrera eta atzera ibiliko gara etengabe, unearen eta oroitzapenen artean zabuka.

Bestetik, pertsonaien barne-munduaren garrantzia dago. Errealitate hautsia islatzeko krisi betean, Dostoievskiren errealismo psikologikoa mugara eraman zuten Joycek eta Woolfek —abangoardien loraldian gaude—, eta hemen garrantzitsuagoa da pertsonaien barrua gertaeren haria baino. Pertsonaia fokalizatua etengabe aldatzen da, eta, narratzailea guztien barruan sartzen denez, ikuspegiak pilatuz doaz; irakurlea pertsonaia batetik bestera dabil, portaera eta harreman zertzeladaz beteen zurrunbiloan. Eta nobelak ez du asko falta zurrunbilo esperimental horrek hondora dezan, baina puntaren puntan eusten dio.

Pertsonaien barne-mundua kontaeran ere islatzen da: pentsamendu ordenatuaren eta trumilka sortzen den barne-bakarrizketaren arteko diskurtsoa, zehar estilo librea —agian historian parerik ez daukana—, parentesiak, esaldi luzeak, eta abar. Estiloa, oro har, poetikotasun apartekoa da: ezer gertatzen ez denean ere, adibidez gau geldian, Woolfen begia adi dago inguruaren deskribapen inpresionista zoliak egiteko. Estilo hau erronka latza da itzultzailearentzat, eta, nire ustez, txalotzeko lana da A. Garikanorena.

Hitz batean, Farorantz eleberri ikaragarria da. Bai kalitateagatik bai nobelagintzari ekarri zion modernitateagatik, literaturaren historiako esanguratsuenetako bat da —gehitu horri emakumearen begiradari eman zion indarra—. Akaso gaurko irakurleontzat ez da idazle erraza, mantsoa eta psikologikoa baita, eta idazkera konplikatukoa. Baina tonua harrapatzeko lana hartuz gero, gozamen literarioa ziurra da.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak