kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gizajoen katalogoa / Joxean Agirre / Elkar, 2016

Literatura eta simulakroa Iratxe Esparza / Gara, 2016-05-07

Joxean Agirrek argitaratutako eleberriaren protagonistak idazlea izan nahi du literatur tailerreko irakasleak bultzatuta; gainera, proiektua abian jartzen duen bitartean, literaturak utzitako gizajo maitagarrien zerrenda bat osatzen doa. Hala ere, balizko gizajoen zerrenda horren heroi galdurik nagusiena protagonista bera da bere bizitzaren arlo ia guztiek porrot egin baitute; bananduta egon arren, mutil-laguna partekatzen duten emazte eta alabarekin bizi da eta bera baino askoz gazteago den bere literatura irakaslearekin itsututa dabil. Pertsonaia heldu horrek (heldutasunaren krisia baita eleberriaren beste leitmotiv bat) bere egunerokotasunaren nahigabeak eta desioak kontatzen ditu. Aldiz, bigarren maila batean, alfabetikoki ordenatuta “funtsik gabeko aipuak” tartekatzen ditu testuan, gehienek literaturaren arloari eta historiari egiten diete erreferentzia eta gizonen (salbuespenen bat edo beste salbu) lanak eta hausnarketak biltzen dituzte. Bestalde, azpimarragarria da literatur irakaslea emakumea izatea, antzinako Musa hipermoderno bezala irudika genezakeena, hipererrealitate batean bizi dena. Alabaina, ez da gurea Musen mundua, nahiz eta literatur tailerreko irakaslearen gainbegiratzepean dauden hiru ikaslek —protagonista gizajoak, poeta gazteak eta Joxean Agirre izena duen idazleak— haren ohean kontsolamendua eta inspirazioa bilatu, haien testuak zuzentzeaz gain, gizontasuna sendotzen eta sendatzen baitie. Liburuaren aurretiazkoak azaldu ostean, trama korapilatzen hasten da eta Agirrek eleberri beltzaren topikoak baliatzen ditu literatura ardatz duen egoera misteriotsu eta ilun bat plazaratzeko.

Eleberri estereotipatuegia irakurtzen ari nintzelako sentsazioak ez nau abandonatu, bai pertsonaien eraikuntza bai jorratzen diren gaiak kontuan hartuta. Emakumeari buruz eskaintzen den irudia, adibidez, aspalditik ezabatu beharko ziratekeen arinkeriez josita azaltzen zaigu; tonu burleskoa izateko ahaleginak egiten badira ere, sarritan gehiegikeriak sinesgarritasunaren kaltetan jotzen du. Topikoak eta estereotipoak nonahi topatzen ditugu; neurriz erabilita eleberri kritiko eta dibertigarri bat sortzeko lagungarriak izan daitezke, alabaina, askotan, parodiaren mugak gaindituz, bilatzen den desitxuratzea grotesko bihurtzen da. Zalantzaz betetako bidezidorretik mugitzen da protagonista eta irakurlea gizonen munduaren bidea aukeratzera eta jarraitzera behartuta dago. Hein batean, eleberri nahiko falozentrikoa iruditu zait eta, zenbaitetan, ironia arrotza sentitu dut, agian muturrera eramanda gaiak eta pertsonaiak egiazkoak eta efektiboak izateko; hau da, fikzioak edo literaturak bete behar duen koherentziaren printzipioa faltan bota dut.

Ugari dira parodiatutako elementuak eta gizabanakoak, hala nola, euskal idazleen hainbat jarrera eta hautaketa, literaturako sariak, argitaletxeak edo duela urte batzuk jadanik modan jarri zen autofikzioaren teknika narratiboa; beraz, sorkuntzaren prozesua eta ahalmen sortzailea zalantzan jartzen dira. Jean Baudrillard filosofoaren gogoetak bizirik daude: non hasi eta bukatzen da eremu pribatua eta publikoa? Nola desberdindu erreala eta imajinarioa dena? Autofikzio literarioa aipatzean, nobelaren protagonistak bizitzaren simulakroaz hitz egiten du, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugaren lausotzeaz eta arteak bizitza bera ordezkatzen duen momentuaz. Hor dago nobelak helarazten digun kritika bat: literaturan, denak balio du?

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak