kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Mundu txikia / Alberto Barandiaran / Susa, 2005

Bakarra eta bera Aritz Galarraga / Argia, 2016-04-24

Irakurketa batek eramaten zaitu beste irakurketa batera, eta irakurketa horrek eramaten zaitu hirugarrenera, eta hirugarren horrek beste batera, etcetera, etcetera. Halako katean iritsi naiz neroni, bidenabarkoan aspaldi handian zain neukan Alberto Barandiaranen Mundu txikia narrazio bildumara. Juan Garzia Garmendiaren Akaso irakurri berri —zehatzago Bele jolasak ipuina, zeinean, sexu afera batzuk tarteko, mendeku txiki bat hartzen den eskolako fraideen kontra—, irakurri nuen Barandiaranen kazetari lana: Irungo La Salle, 1970eko hamarkada, gehiegikeriak ikasleen kontra. Baina Berriako artikuluak bazuen ifrentzua, baliokide bat fikziozkoa, Martxel, hain zuzen Barandiaranek fikzioan egin duen sartu-irten bakarrekoa.

Hasiera-hasieratik da kolpagarria: “Nik, esperientzia, Adrianarekin —eta gero, atera zitzaidan—: eta Sebastianekin (…) Apaizgaitegiko arduradunetako batekin”. Eta zeinen ondo islatzen duen, ez bakarrik esperientzia lazgarria, baizik eta, beste hark esango lukeen bezala, euskaldunen paralisi komunikatiboa. Baina ez da bakarra. Hartu bestela Ekaitz, euskara errefusatzen duen haurra, hizkuntza afektiboa gaztelania baita, hain erreala. Hartu Elvira, ikusteko iraganeko gerrak zeinen presente dauden orainean, zeinen presente leizea, kolpe batean Sagardia Goñi familiaren hura gogora ekartzen diguna —ez ahaztu: emaztea eta haren sei seme-alaba leize-zulo batetik behera bota zituzten 1936an—. Edota Kotte, ikurrinaren legeztatzearen 25. urtemugaren aitzakian, etorri ez zen iraultzaz mintzo dena —“erosotasuna aukeratu du: onartu du bere porrota, ez du mundua aldatu, kito”—, ibili ziren bideak zalantzan jartzen dituena —“Oraindik barruan zagok. Ez zian zigorren murrizketarik onartu. Berak, orduan, bai”—. Eta orain ondo pentsatuta, periodikoetan irakurritakoak izango dira narrazioetako ez gutxi. Baina liburukoak ez dira batere periodistikoak: neskato etorkin baten bizikizunak, desirak, desberdintasunak; amona zaharrak kantatzen ziona ulertzeko gai ez den biloba; aita baten kezkak ama baten absentzian. Guztiak, istorio ustez txikiak. Baina ondo dio Kotte ipuineko protagonistak, bizitzaren kasualitateak, kazetari denak: “Argazki txiki baten bidez, argazki handia egin nezakeela”. Kasu honetan ere, argazki txiki askoren bidez, mundu txiki askoren elkarketarekin mundu zabalago bat erakutsiko zaigu, gure mundua deitzen diogun horretatik sobera urrun ez legokeena.

Irakurketa batek eramaten zaitu beste irakurketa batera, eta irakurketa horrek eramaten zaitu beste batera, eta azkenerako irakurketa guztiak dira bakarra eta bera. Gure mundu txiki hau osatzera irits daitekeena.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak