kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ultimes déchets / Itxaro Borda / Maiatz, 2015

Zabor kontuak Estibalitz Ezkerra / Gara, 2016-04-23

Itxaro Bordaren “Bakean ützi arte” (1994) nobelan izan genuen lehen aldiz Amaia Ezpeldoi detektibearen berri. Ordutik egile beraren beste zenbait lanetan agertu da, “Ultimes déchets” haietarik azkena, esku artean dituen kasua(k) argitu bitartean (euskal) munduaren gainean, dela gizarte dela politika dela ekonomia dela genero ezberdintasunaren inguruan —detektibea, behin eta berriz gogorarazten zaigunez, lesbiana da eta aukerarik ez du galtzen gayek aurre egin behar dieten diskriminazio eta aurreiritzizko egoerak salatzeko—, gogoeta heterodoxo eta umorezkoak eskainiz. Ezpeldoik aparteko trebetasuna du horretarako, hots, ikergai duen horretatik tiraka arazo lokalak eman dezaketen horiek testuinguru globalago batean kokatzen.

Oraingoan zaborraren kudeaketa eta garbiketarekin zerikusia duen kasua ikertzea dagokio Ezpeldoiri. Maddi delako ezagun baten eskaerari erantzunez, Bil Ta Garbi izen ezin aproposagoa duen konpainiak Hazparnen lehenik eta Oragarren ondoren eraiki nahi duen hondakindegiaren planen nondik norakoak aztertzeari ekingo dio. Zaborraren sortze, metatze, biltze, eta deuseztatze prozesuan murgildu ahala —zenbaitetan arras literala den murgiltzea, zabor artean aurkituko baitugu Ezpeldoi behin baino gehiagotan—, gaur egungo munduaren beraren metafora izan daitekeenarekin egiten du topo detektibeak. Zabortegia ez da salbuespenezko baldintza, urteetan pilatutako zaborrari emandako unean uneko irtenbidea, baizik eta fenomeno orokorrago baten adierazpena.

“Charlie Hebdo” egunkariaren kontrako erasoak gaitzesteko agerraldi publikoekin abiatzen den “Ultimes déchets”-en azaltzen zaigun gizartean, gurean, botere zirkuluetatik kanpoko bizitzak boteretsuek kudeatzen duten zaborra bihurtu dira. “Nola bizi ziren hor jendeak, pobreak eta atzerritar etorkinak, zabortegietakoak baino ez ziren baldintza horietan? Jendea zarama ibiltaria ote zen, nagusiek eta boteretsuek hartzen, baliatzen, balioztatzen, manipulatzen, muineraino zapaltzen eta aurtikitzen zutena justifikaziorik eman beharrik gabe?” (95 or.).

Begi bistakoa ez den indarkeriaz, hots, Rob Nixonek espresuki ingurugiroaren hondamenarekin lotzen duen baina oro har neoliberalismoaren ikur den indarkeria motelaz ari zaigu Bordaren azken lana. Begi bistakoa ez da gorputzean markarik uzten ez duelako eta haren ondorioak epe luzera nabaritzen direlako. Bada askozaz zuzenagoa den indarkeria ere, bonba eta ahalik eta biktima kopururik handiena adierazpen duena. Azken hori dute komunean “Charlie Hebdo”-ren aurkako erasoek eta Dédé zabor biltzailearen iloben desagerpenak. Indarkeria motelak eta zuzenak batak bestearekin zerikusia badu. Biak ala biak fenomeno lokala, globala eta transnazionala dira, eta zentzu horretan orotan eragina dute, nahiz eta botererik gabekoek nozitzen duten gehien haien kaltea.

Une batean Ezpeldoik behekoen arteko elkartasunaren aukera du gogoetagai, baina berehala uxatzen du ideia hori unean uneko egoerek eskain dezaketen batasun sentsazioa ez delako gu geu parte gaituzten botere dinamikek ezarritako ezberdintasuna erabat uxatzeko gai: “Maite nuen klandestino izaera hau: azpi-lanetan higatzea zegokidan txiki-txikitatik eta beharrak betetzen nituen, kantitu gabe, ordena kontraesankor eta askotan apalesgarriek zoratua. Hargatik, Dédé eta Karimekin zinpurtzen nintzenean, halako berdintasun proletarioaz gozatzen nintzela iruditzen zitzaidan, jakin arren argiki egoerak ez zirela iraunkorrak” (201 or.).

Tonu ezkorrean amaitzen da nobela, Bil Ta Garbikoek Oragarrerako duten proiektuaren garaipenarekin. “Herritarrak konturatzen hasiak ziren, abandonuz eta utzikeriaz desertatu eremuek peskiza maltzurrean zeuden zikintegi promotoreak errotik interesatzen zituztela, hor zeudela enboskadan, muturrak nehoiz erakutsi gabe, goaitan, beraien artean murmuzikaz, arrastak karruskatuz: zer zuten bada herri baztertu horietako jende ezdeusek gure proiektuak salatzeko eta hauen kontra asaldatzeko? Aitzina joango gara, gure alde dauden gutxiengoak behar den bezala sariztatuz eta aurkari bilo luze likits horiek bortxaz zapalduz, gure erabaki unilateralak onartu eta amor eman dezaten arte” (211 or.). Espero dezagun, hala ere, Ezpeldoik gure kontraesanak eta kontzientziak astintzen jarraituko duela.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak