kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Nerea eta biok / Laura Mintegi / Txalaparta, 1994

Bizitzaren gatza eta piperra Amaia Alvarez Uria / Argia, 2016-04-10

Nerea eta biok 1994an argitaratu zuten lehen aldiz, eta 2015ean berriro plazaratu dute. 20 urte gehiagorekin berriro irakurtzeko aukera eman dit honek, hona hemen oraingo irakurketa. Isabel da protagonista, unibertsitateko literatura irakaslea, eta Nerea preso dagoen bere ikaslearekin trukatuko dituen gutunak dira nobela honen mamia. Bi ardatz ditu liburuak: Luisen absentzia eta Nerearen presentzia. Senarrak Isabel abandonatu du Ander eta Sara seme-alabak nerabe direla eta horrek krisia ekarri dio protagonistari. Orduan ikasle preso alai, indartsu eta sentibera bat agertu da protagonistaren egunerokoan gutunen bidez, bere kontzientzia piztuz eta bizitzara berriro ekarriz.

Zergatik (gatz barik), Panpox? Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox? lanarekin erkatu daiteke bikotearen abandonua eta amatasuna dituelako hizpide barne bakarrizketa darabilen emakume protagonistak. Gainera, diferentziaren feminismoan lerratutako ikuspegia dugu eta gizon-emakumeen izaerari buruz mintzatzean ikuspegi binarista dute biek. Protagonistak gizonaren falta sumatzen du eta bere bizitza gatzik gabekoa dela sentitzen du. “Maitalea bai, baina ez berriro gizon baten zerbitzari bihurtu” dio. Bakardadea nozitzen du beste emakume baten adiskidetasuna, laguntza eta berotasuna sentitzen hasten den arte.

Carol edo gatzaren prezioa. Lesbianismoa ere badago Desira desordenatuak-ean esan bezala. Bertan islandinga agertzen da emakumeen arteko harremanen marko literario gisa. Izan ere, harremanok heteroarauaren kontrako erresistentzia irudikatu dezakete gizonik gabeko leku batean, gutunak kasu. Nerea eta Isabelen artekoa harreman konplizea da, maitasun platonikoa, errealitate zapaltzailetik urrun dagoen ahizpatasuna. Zineman estreinatu berri den Carol pelikula etorri zaigu gogora. Patricia Highsmithen The price of salt nobelan oinarritutako filmean ere emakume heldu eta emakume gazte baten arteko maitasun harreman samur eta misteriotsua agertzen zaigu, lesbianismoa literaturan maiz agertu izan den moldean. Beste emakume batenganako maitasun sentimenduen auto-kontzientzia agertzen zaigu: “Maitasuna da zugatik sentitzen dudan hau, distantzian eraikitako maitasuna, hitzez egina, begiradarik gabekoa, laztanik bakoa. Beldurra ematen duen maitasun berria”.

Marixor gatzaren atzetik. Kartzela ere oso presente dago, askatasun eza, konpromiso politikoa. Protagonistak bere bizimodua auzitan jarria ikusi du Nerearen agerpenarekin. Bere “bertan goxo” egoerari kritika da, lozorroan egon dena esnatzera etorri dira gutunok, hala, protagonistak gogoeta egiten du euskal gatazka eta emakumeen egoerari buruz. Yolanda Arrietak Marixorren ipuina kontatu zigun gatza aita baino garrantzitsuagoa dela esanez, eta Laura Mintegiren lanean nolabaiteko berrespena topa dezakegu: zapalduek bere egoerari aurre egin eta hau iraultzeko pausoa eman behar dutela dio, maitasunaren bidez, hau baita, bere irudiko, aurrera egiteko motorra, bizirik sentitzeko beharrezkoa den gatza, “pasiorik gabe ez baitago ezer”.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak