kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Obabatiko tranbia / Iban Zaldua / Alberdania, 2002

Jauzi batzuk Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2002-12-21

“Zenbaiten ustez, euskal literatura une ezin hobean dago…”. Obabatiko tranbia-n hasiera-hasieratik azaltzen du Iban Zalduak zalantzak sortzen zaizkiola euskal literaturaren unerik gorena ezagutzen ari garela entzuten duenero. “Triunfalismoei beldur diedalako”, aipatu digu berak, eta triunfalismoaren zantzuak ikusten dituela argi utzi. Atxagaren Obabakoak irakurri zuenetik SPrako tranbia-ra bitartean, euskal literaturarekin izan duen harremana azaltzen hasita, zazpi zalantza atal azaltzen ditu Zalduak; eta guztietan proposatzen digu, gai bakoitzari buruz hainbat sinadura eraginkorrek emandako iritziekin batera, esaldi zirikatzailez hornituriko irakurketa bizia, eztabaida pizteko gogo argi bati bide emateko.

Irakurle den aldetik idatziriko lana du hau donostiarrak; hori ere hasieratik diosku; baina ipuin idazle denaren begirada ezkutatzeko gogo handirik ez du ageri. 90eko urteak: nobelaren hamarkada? atalean kritikariek hamarkada horretako “ipuin liburu bakar bat ere” gogoan ez izanaren arrazoiak aztertzen saiatzen da donostiarra, idazten duen honen ustez, egia biribil bat abiapuntu hartuta: gogoan ditugun azken urteotako nobelen maila erdiesten duten ipuingintza aleak egon dira.

Poesiaren aurkako parentesi bat atalean, berriz, eleberriaren nagusitasunaren aurrean, ipuinak ez bezala, poesiak bere esparruari eustea lortu duela dio. “Gutxiengo hautatu baten partaide” sentitzen omen da poeta, eta sentimendu hori onartu egiten omen zaie. Jarrera hori sormen (eta ez sormen) arlo guztietako pertsonaietan ezagutu dugula onartzen du, baina poetei eskaini die parentesia Zalduak, “poesiaren aurkako poseari eutsi ahal izateko”. 90eko urteetan argitaratutako bere poesia lanen bilakaera proposatzen digu, gainera, garai bateko “hermetismoa” eta “lirikokeria” atzean utzita, azken aldian euskal poesian sumatzen duen narratibagintzarako zubiak begi onez ikusten dituela adieraziz.

Zubien inguruan jarraitzen du Zalduak Eleberritzarrak eta hibridoak atalean, eta generoen arteko mugak lausotzen ari direla “luzamendurik gabe” ondorioztatzen. Laugarren atalean ere, beste muga lausotu bat du hizpide: literatura jasoaren eta kontsumoko literaturaren artekoa. Merkatuak horretan izan duen pisu nagusia azaltzen saiatzen da bertan, eta homologazioa, best-seller-ak, idazle mediatikoaren agerpena eta beste aipatzen ditu. Poeten posearen antzeko fenomeno bat aipatuz amaitzen du atala: “Zer gertatzen da, ordea? (Ia) Inork ez duela izan nahi halako literaturaren sortzaile, (ia) denok izan nahi dugula literato garai”.

Umorea egungo euskal literaturan atalean, berriz, ironiak euskal literaturan duen pisua agertzen du idazleak; eta hori gure egoera politikoaren eraginez izan daitekeela proposatzen du eta herri xehearen umorea ironian oinarritzen dela diotenek arrazoi izan dezaketela eransten. Orrialde guztietan erakusten duen ironia zirikatzaile bera baliatzen du atal honetan ere, nola ez. (Parentesi moduan geuk ere: liburuarekin batera banatzeko idatzi duen Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategikoa delakoan, ironia boutade ia-ia sarkastikoraino eraman du).

Azken aurreko atalean, berriz, emakumezkoen literaturaren boomik ezagutu ote dugun zalantzan jartzen du Zalduak, eta emakumezko idazleen presentziak literatura merkatuaren eta kontsumitzaileen bilakaerarekin zerikusia duela esaten.

Zazpigarren eta azken atalean, kritikari buruzko azken hitzak botatzen ditu Zalduak, “90eko hamarkadako literatur sorkuntzaren inguruko gainbegirada partzial honetan” kritikoen ekarpenari buruz hitz egin beharra dagoelakoan. Liburuaren laburpen hutsa ez denean, “laudoriozko” homogeneotasuna izan omen da kritikan nagusitu den eredua, eta, gehienetan, “deskribapen gehiegi eta hausnarketa gutxi” dago.

Finean, Zalduak beste hainbat plazatan ere proposatu dituen eztabaidagai hauek interesgarriak dira, eztabaida horietako zenbait oso labur azaltzen dituen beste batzuen menpe daudela uste dugun arren. Gozatu egin dugula, alegia, “bihurgunez, jauziz eta (jakina) tranpaz beteriko” ibilbide literario honen orrialdeak irakurriz.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak