kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ezpainak arrainak bezala / Karlos Gorrindo / Erein, 2015

Idazlea bizitzaren obsesioak harrapatua Mikel Asurmendi / argia.eus, 2016-04-01

Ezpainak arrainak bezala nobela eserialdi bakar batean irakurri dut. Zehatzago esanda, oporraldiko etzanaldi batean. Horrek nobelaren dohainetako bat adierazten du. Baditu beste dohain batzuk ere, berbarako, nobelak egungo pertsonon diskurtso antzua —intelektualen diskurtsoaz ari naiz bereziki— salatzen du, gutxiesten du. Eleberriaren alderdi hori ongi neureganatu badut, “gizakion eta arrainen ezpainen mugimenduak erkatu genitzake”. Itxura batez, mugimendu antzuak. Neronek halaxe erkatu ditut behinik behin, nobela amaitutakoan. Inpresioak inpresio, inpresio gehiago eman aurretik, hona istorioari buruzko hainbat ezpain-kada:

Protagonista Gorka da. Marta du bikotekidea. Ezkonduta daude. Gorkak Marta maite du. Martak ez du Gorka maite. Edo, ez dute modu berean elkar maite, behintzat. Gorkak egun osoa buruan darama emaztea. Martak ez senarra. Idoia lagun kuttunak betetzen du Martaren gogoa denbora gehien.

Gorka seme bakarra da. Kaletarra. Gurasoak kaletik baserrira itzuli dira erretiroa hartu ostean. Aita-amaren eta semearen arteko harremana apur bat eten zen ezkonduz gero, edo hor nonbait. Aita pattal samar dabil. Ama kezkatuta dago, senarra ez dabil ongi eta. Gorka sarriago agertu zaie orain baserrian, bisitaz.

Kazetaria da Gorka. Lanean eskas antzean ari da azkenaldion. Bikote harreman txarrak eta gurasoekiko hartu-eman urrituak erreka bidera daramate. Roberto Gorosabel eskultorea elkarrizketatu behar du Gorkak. Lana gogoz kontra hartu du, ordea. Horrengatik edota bestelakoengatik zuzendariarekiko harremana are gehiago gaiztotu zaio. Kontuak kontu, Gorkak Madrilerako bidea hartu du Gorosabelekin, eskultorearen erakusketa bat dela eta.

Irakurle lagun hori, hortik aurrera zuri dagokizu istorioaren gainerakoetan murgiltzea.

Segidan, bestaldetik edo bide beretik, gainerako beste inpresio batzuk:

Idazlearen hirugarren nobela da Ezpainak arrainak bezala. Aurretik Ni naizen hori (Txalaparta, 1992) eta Amaren begietan (auto-ekoizpena, 1995) kaleratu zituen. Ez ditut irakurrita. Karlos Gorrindoren gazte literatura irakurri dut gehienbat. Gustura irakurri izana gogoratzen dut. Egiari zor, Karlos Gorrindo eleberrigileaz zertxobait gehiago esateko, azken nobela honi buruzko inpresio sendoagoak emateko, haren aurreneko bi nobelak irakurriak izan gura —edo behar— nituzke. Atx! Euskal literaturaren pasaia oso da zabala eta oparoa, ezin eremu osoa urratzera heldu.

Horiek horrela, hona bere nobelen beste ezaugarrietako bat: ETAko kideen presentzia. Ni naizen hori eta Amaren begietan halaxe da, baita azken honetan ere. Modu eta neurri ezberdinez bada ere.

Ezpainak arrainak bezala nobela obsesio baten kontakizuna da. Nago halaber, ez ote den nobelagilearen beraren bizitzaren alderdi bat kontatzeko modu obsesiboaren ondorioa.

Nago Gorrindo ongi moldatzen dela bere “obsesioak” ipuinetan txertatzen dituenean. Aldiz, nobela eraikitzerakoan —nobela honetaz baina ezin dut taxuz idatzi, egiari zor— desioek azkarregi ote daramatzate bere burua eta luma? Burua eta teklatua? Sarritan, bere pertsonaiak hizkuntzak obsesionatuta edo harrapatuta ote dauden nago. Pertsonaiak beren berbetan errepikatzen dira sarri. Nobelagileak lar azkar idazten ote duen nago, bere barne grina hustu beharrez. Nobelaren trama eta bilbapena bihozkadek gidatuago ote dauden nago, buru jardun pusatu batek baino.

Nago Karlos Gorrindo idazleak pausatuago idatziko balu, hizkuntza umotuagoa lortuko lukeela, eta nobela bilbatzean hariak sendoago lotuko lituzkeela ere bai. Ipuingintzan “obsesioak” urtzen dituen nola, nobelagintzan uztartuko balitu, bizitzako bere “obsesioak” uxatuko balitu, menturaz, arrainen ezpainen higidura “ulertzera” iritsiko ginateke. Bistan da, gurari hori ere, nire larregizko “obsesioa” baino ez da. Obsesio antzua, naski.

Tira, horiek nire irudikoak baino ez dira. Inpresioak. Paroles alegia.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak