kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Satorrak baino lurperago / Pedro Alberdi / Alberdania, 2000

Abentura tristea Aingeru Epaltza / Nabarra, 2002-12

Historia triste bat. Halaxe zuen izena euskal antzerkia ernaberritu zuen Jarrai talde gipuzkoarrak estreinaldira zeraman antzezlanak, The Beatles taldea Madrilera jotzera iritsi zen egun berean. 60ko hamarkadaren erdialdean gaude. Europa eta, oro har, Mendebalde-kapitalista iraultza kontrakulturalaren atarian dago. Loreak, bake deiak eta ile luzeak. Hemen, Euskadi Ta Askatasunak bere lehen odol ekintza gauzatuko du luze gabe.

Neke da gaur egungo euskal kultura eta politikagintza ulertzea 60 eta 70eko hamarkadak ekarri zigun iraulketarik gabe. Orduan erein haziek ekarri dizkigute gaurko fruituak. Orduko txinpartek oraingo sua. Urte zalapartatsu eta aldi berean miraritsu horiexen kronika bizkaitar-gipuzkoarra egin digu Pedro Alberdi eibartarrak, Satorrak baino lurperago bere saiakeran.

Kronika, erran dugu, ez historia. Errealitatearekiko leialtasun handiago ala tikiagoz, argitalpen handi nahiz tikietan, orduko gertakari nagusien katearen berri ematen duten kontakizunak ez dira falta bazterretan. Kronikak, aldiz, eremu zabalagoa uzten dio egilearen nortasunari, haren aburu, irizpide eta setei.

Kanon ofizialetik sobera urrundu gabe ere (Nafarroan eta Iparraldean are “lurperago” geunden, nonbait, itxuraz ez baitzen deus gertatu 20 urtean), lizentzia literarioak ez dira, eskas liburu honetan. Lehen-lehenik, errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa; Gabriel Arestirekin, Rikardo Arregirekin edo Ramon Saizarbitoriarekin batean azken honen Hamaika pauso nobelaren pertsonaia nagusi Iñaki Abaitua eta Eduardo Ortiz de Zarate jarri ditu dantzan Pedro Alberdik. Bigarrenik, kontakizun ez linealaren hautaketa: liburuaren lehen parteak 70ko hamarkada jorratzen du, Atxagak 1981ean Espainiako Literatur Sari Nazionala irabazi arte, nonbait hor. Bertze biak, berriz, 60 hamarkadaren itzal-argiei dagozkio. Atal bakoitzean, gainera, ugariak dira atzera-aurrerako jauziak, eten aizunak, hari galtze eta berreskurapenak… Hori guztia estilo bizi, arin eta ulergarrian.

Saiakera klasikoak tesia eramaten ohi du bere baitan. Kronikak iradoki baizik ez du egin behar. Egileak, itxuraz, bere pertsonaiei mintzatzen uzten die, eta egia da, orduko protagonisten hitzek betetzen dutela liburuaren zatirik mardulena. Aukeraketan eta haien antolamenduan azaleratzen da, gehienbat, egilearen begi-bihotzak non diren. Non mina, han (bertzeen) mihia. Paradoxikoki, Euskal kulturak modernotasunaren bidea hartu zuen garaia dugu modernotasunera iristeko gure ahaleginak neurri handi batean alferrikaltzen dituen bidearen hasiera. Abentura triste bat, Abaituak Ortiz de Zarateri bere omega zaharra eman zionean hasi zen bezalakoa.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak