kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gidariaren okerra / Gotzon Barandiaran / Susa, 2015

Egiaren korapiloan Iraitz Urkulo / Berria, 2016-02-07

Bahiketa baten istorioa kontatzen du Gotzon Barandiaranek bere bigarren eleberrian. Hiru pertsonaia nagusik osatzen dute bahitzaile taldea. House telesailaren jarraitzaile izan zinetenoi ezagun egingo zaizuen Huntington gaixotasuna pairatzen duen taxilaria bat, Bitor, da burua, eta Saioa iloba filosofogaia eta glaukomaren eraginez itsutzeko bidean den Arantza gerra-argazkilaria izango ditu laguntzaile. Bitor arduratuko da, bahiketa planifikatzeaz gain, rolak banatu eta agindu zehatzak emateaz; berak bakoitzari egokitutakoa burutzeko ezinbesteko informazioa baino ez die eskainiko, ordea. Asmoa bere gaitzaren sendabidea omen duen Zack Vicente neuropsikiatra ospetsuari egia erauztea da, Bilbora kongresu batera datorrela baliatuta.

Egiaren kontzeptua dago genero beltzaren zantzu argiak dituen eleberri labur honen muinean. Baina, gauza jakina denez, egia zeharo iheskorra izan daiteke. Arantza da istorioko narratzailea, eta memoriak lausotutako oroitzapenei tiraka gertatutakoa argitzen gogoz saiatu arren, nahasgarria eta guztiz ez-nahikoa dirudi Bitorrengandik jasotako informazioak. Oso zaila da interes ezberdin, zalantza, sekretu, gezur eta amarruen korapiloan egia bereiztea.

Misterioz eta erantzunik gabeko galderez jositako obra honetan, Barandiaranek irakurleon esku utzi du egiaz zer gertatu ote zen erabakitzeko ardura. Guri ez beste inori dagokigu zein pertsonaiari sinetsi aukeratzea eta, beraz, egia nork esaten duen eta gezurretan nor dabilen erabakitzea. Aho biko labana da, ordea, idazleak erabilitako estrategia narratibo hau. Alde batetik, bahiketaren inguruko egiazko gertaerak ezagutzeko grinak bultza gaitzake irakurketan aurrera egitera, pertsonaia bakoitzaren motibazioak ulertzea erronka erakargarria suerta dakigukeen bezalaxe. Baina, bestalde, narrazioan hainbeste datu isildu ditu autoreak, istorioaren funtsa hain sakon doa, non besterik gabe ondorioak ateratzea ez den posible eta, hortaz, nire moduan, beste irakurle askori ere ezinezkoa gertatuko zaien argumentu-hari ezkutu horri heltzea.

Istorio laburra da Barandiaranek sortutakoa, ekintzaz beterikoa, hiru bahitzaileen arteko elkarrizketez osatua gehienbat, gertaeren kronologia errespetatuz. Ezaugarri horiek bizitasuna ematen diote kontaketari. Horrez gain, tramari ez zaio indarrik falta, ezta osagai erakargarririk ere. Irakurketa arin eta atsegina izanik ere, mezuari logika edo nolabaiteko esanahi osoa bilatzeko orduan, beldur naiz, azken orrialdera iritsita, bahiketaren nondik norakoak eta hura burutzeko arrazoiak ez ote diren misterio handiegia irakurleontzat, hots, ez ote den handiegia egileak guk bete dezagun kontatu gabe utzitako hutsunea. Pentsa daiteke, adibidez, eleberriko pertsonaiek, metaforak balira bezala, gizartearen jokaerak ordezkatzen dituztela eta, beraz, istorioa ez dagoela kritika sozialaz libre. Horrek askoz adiera sakonagoa emango lioke liburuari, noski.

Gidariaren okerra eleberri nahasgarria da, ustekabez eta ziurgabetasunez beteta dagoen heinean. Sarri hain manipulagarria eta interesatua den memoriaren zirrikituetatik mintzo, kontalariak errealitatearen fartsa iradokitzen du. Baina, aldi berean, Gotzon Barandiaranek fikzioa errealitatea bezain sinesgaitza izan daitekeela erakusten digu, eta horregatik hain zuzen, guztiz gertagarria ere bai.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak