kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Bazterreko ahotsa / Ana Urkiza / Elkar, 2002

Astiro eta amorruz Aritz Zubiate / Gara, 2002-12-14

Beharbada ez da oso “politikoki zuzena” izango emakume-literatura edo poesiari buruz idaztea edo antzekorik denik ere esatea, berdintasunari egindako erasoa omen. Hala ere, lan honen aurrean, horixe izan liteke lehen inpresioa. Azalaren belztasuna argitzen duten lerro argitsuen antzera, Urkizak bere bazterreko ahotsak, emakumeenak, bildu ditu, normalean protagonista izaten ez direnenak, heroiaren bikotekideenak. Izenburuak berak dakar, beraz, marginalitatearen onarpen tazitoa. Bat-batean emakume izatearen oharpena da liburuaren abiapuntua. Horrek omen dakar gainontzekoa.

Ez da liburu erosoa, atsegina edo erraza. Maitasunari eta bikote harremanen gaiari heltzerakoan, begirada sakon eta heldua nabari da, desengainuzko atmosferan jostari (“maitatzea / itxaropena ereitea / lurrik gabeko zeruan”). Ni-zu binomioa errealismo hotz eta giro etsipengarrian antzezten da. Zintzoa eta gordina bai, baina umore nahasketa lekarkeen Woody Allenen begiratu zinikora iritsi barik.

Aipatu bezala, emakume dela konturatzeak ematen dio autoreari hari nagusia. Andrazkoek bizi behar dutenaren inguruan eraikitzen du bere egitura poetikoa. Hala agertzen dira noraezean dabiltzan gizaki inperfektoak, itoak. Horrela ulertu behar dira maitatua izanaren garrantzia edo ihesaren zentzua, emakume kondizio inposatutik eta berak dakarren guztitik libro izan gura. Amatasuna, andrazkoen errealizazio pertsonalerako goren mailatzat jo izan dena, katearen zamapean agertzen da (“kate andeatuak esklaboegiten duela / oroz gain maitatu behar duen ama”), Arantxa Iturbek bere “Ai, ama!”n azaldutakoaren antzera.

Ahots mindua, zauritua, zartatua, gordina, baita zintzoa ere. Gizonezkoari interpelazio zuzenak ugariak dira liburuan zehar, oihartzuna atera dezakeen “zu” hori, ozena, sordinarik bakoa, edozein epaitegitako akusazio baino mingarriagoa izan daitekeena (“Pentsamendua lisatuz”). Genero errolen dekonstrukzioa eskatuko luke honek, kulturaren bidez ikasitakoa ahaztea. Horren haritik, emakumezko gorputz atalen pertsonifikazioak irudikatzen ditu beronek bizi beharreko muga eta zapalketak. Sarri harrapatzen dugu autorea bere gorputzarekin elkarrizketan.

Gizonak interpelatua ikusten du bere burua, erretratatua. Betiko errol eta jarreren kritika bortitza egiten da, egunerokotasunean hain erroturik dauden jarrera paternalistak gogortasunez salatuz (“badaki / arra / bere emetasuna ase duen zelula bat baizik ez dela”). Urkoaren sentsibilitate eza kolpatzen du, ulertzen ez du(t)ela oihukatuz. Indibidualismora eta norbere kriterioari gorazarre egitera darama honek autorea.

Barne bizipenetatik eratorritakoak dira poemak. Ez dakigu zein puntura arte izango diren autobiografikoak, baina itxura batez behintzat, ondo ezagutzen duen egoera eta sentimenak dira Urkizaren ardatzak. Errealegiak, benetakoegiak iruditzen zaizkigunak asmatuak izateko.

Begirada mindu honek ezinegona sortzen du irakurlearengan, auzitan jarri ezin diren dogma zenbait zalantzan jarraraziz. Izan ere, indartsua da Urkizaren poesia, kitzikagarria, pentsarazten duena. Irakurketak astindu egiten gaitu, deseroso sentiaraziz. Beharbada hori ez da onargarria izanen, baina guri betidanik gustatu izan zaigu.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak