kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

X hil da / Alaine Agirre / Elkar, 2015

Biluztasunaren zikinkeria aldarri Amaia Alvarez Uria / Argia, 2016-01-24

Bizitza, heriotza, maitasuna eta literatura dira liburu honen ardatz nagusiak. Jainko paganoa dago orrion atzean bere maiteari, X-i, bizitza kentzen eta ematen. Mendebaldeko kulturan hamaika aldiz agertu zaigun Eros eta Thanatosen arteko tira-bira agertzen zaigu hemen berrituta.

Azalean eskaintzen digu protagonistak bere bihotza, edo X-en bihotza, nondik begiratzen den. Alde batetik narrazio autobiografikoaren bidez bere burua biluzten du, barruko desira eta munstroak erakusten dizkigu. Beste alde batetik bere maitatuari buruz hitz egiten digu, bera galtzea zer izango litzatekeen adieraziz, min gorriz.

Lan honetan hausnarketarako aukera ematen zaigu, heriotzari nola egiten diogu aurre, maite dugunaren galerak zer dakarren, doluaren prozesua nolakoa den, abandonua edota bakardadearen kudeaketa zelan egin daitekeen. Eta horrekin batera egungo harreman motak auzitan jartzen ditu muturreraino eramanez fantasia katastrofikoen bidez. Pentsatuz, imajinatuz, zoratu gaitezke, obsesionatu, jelosiak jota amaitu. Zer da maitasuna? Nola bizi dugu? Zer ematen di(o)gu? Nekea, errua, nazka, beldurra, iluntasuna, menpekotasuna, sumisioa, autoanulazioa, sufrimendua… Hori guztia ere bai, ezta?

Maitasuna pasio eta obsesio gisa bizi dituen protagonistak bi idazle aipatzen ditu: Marguerite Durás eta Annie Ernaux, eta, bereziki, inplizituki, haien Maitalea eta Pasio hutsa liburuak aitortzen ditu iturri eta inspirazio, lan hauetan oinarriturik “sutsuki maitatzea” berarentzat zer den kontatzen digulako liburu honetan. Gainera, maitearen heriotzarekin, “maitasunaren hilezkortasuna” ere ezbaian jartzeko aukera ematen du, “maitasun erromantikoaren mitoa” agerian utziz nahi duenarentzat.

Liburuak 70 orri behar ditu, ez 700, modu trinko eta mamitsuan aipatutakoak mahai gainean paratzeko. Baina ez da hori bakarrik bertan topatuko duguna, egileak idazteari buruz uste duena ere agertuko zaigu. Berarentzat barrukoa askatzea da, bizitza fikzionatzea, literatura bihurtutako auto-analisia egitea. Modu horretan, besteen beldur eta mamuekin bat egin nahi du, bizitzak eragindako zauriei buruz idazteko beharra sentitzean horri bide eman eta paperean ipintzen du irakurlearengana hurbilduz, plazaratu berri den idazle baten hasierako “asmoen adierazpena” eginez.

Bere opera prima izan zen Odol mamituak (2014) eta jarraian etorri da X hil da (2015) “manifestua”. Larru-azala gorriz jantziz euskal letretan. Biluzik eta zikin agertzeko aldarri egiten. Ea zer datorren jarraian. Gu zain izango gaitu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak