kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hiri hondakin solidoak / Jon Alonso / Txalaparta, 2015

Poz aparretan Aritz Galarraga / Deia, 2016-01-02

Bueltan da berriz, hirugarrenez, Enekoitz Ramirez, Lanbas, etakide ohia, preso ohia, arte salerosle ohia, lapur ohia. Camembert helburu gogoangarri hartan bezala, Zintzoen saldoan txukunean bezala, bueltan da berriz euskal literaturako detektibe, inkestagile, kalamidade maitagarriena —bide batez, zer demonio da Lanbas? “Bere kontura dabilen terrorista ohi bat”, Ertzaintzako komisario Leonidas Carvajalen iritzira— Arte kontuak bazter, eta gastronomia aferak albo batera utzita —besterik da oturuntzak—, orain, Euskaltzaindiak jasotako hainbat mehatxu anonimo ikertuko ditu, bai eta edukiontzi batean biluzik eta hilik agertu den unibertsitate irakasle eta euskaltzain baten heriotza ere.

Inkesta hasiko da Bilbon, Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean, azken moda baita: euskaltzainez maskaratuta etortzen da jendea, eta nork handiagoa bota aritzen dira. Hiru Azkue, bi Krutvvig, lau Koldo Mitxelena, Alfontso Irigoien bat. Baina halako batean agertuko da gorpu bat, aipatu gorpua, Bartzelonako kontainer batean. Eta Lanbasek abiatuko du, oro har, Herrialde Katalanetara bidaia, Arenys de Mar, Andorra, Sitges, baina bereziki Bartzelonara. Eta ez prozesu soberanistaren txanpa hartu nahi duelako, ez. Esan arren “katalanak jende lasai eta edukatua direlako ospea daukate, ongi irabazia, nik uste”, gaizkia gauzatzeko eremu egoki gisa irudikatzen delako Bartzelona: “Ez dut uste hildakoa Bartzelonan gogo-jardunetan ibiliko zenik”, edota “Estatistikak dio 2024 giza hilketa gertatzen direla urtean Bartzelonako Barruti Metropolitarrean”. Eta bide batez nobela beltzen egile handi bati, Manuel Vazquez Montalbani omenaldia egiteko, haren hiria, haren lekuak, haren paisaiak kontakizunera ekarrita.

Horiek horrela, ez da zaila imajinatzen: pertsonaia nagusiak aprobetxatzen du aukera bat eta bakoitza pentsu lehorra emateko, Euskararen Erret Akademiari —“euskara zaintzearen ardura hizkera kabalistiko baten jabe den sazerdote-kasta baten zeregina da?”—, unibertsitate irakasleei —“Unibertsitateko irakasleen boneta guardia zibilen trikornioa edo kardenalen kapelua bezalakoa da”— eta abarrei —“Munduaren martxa okerraren arrazoietako bat horixe da, kristo guztiari uzten zaiola umeak egiten inolako kontrolik gabe”—. Mundu guztiari, alegia. Baita bere buruari ere: “traste zaharren, betegarrien eta zokobetailuen hondakindegi hartan utzi izana, gero eta gehiago zela nire bizitzaren metafora”. Eta horrexek egiten du, bestela nobela beltz arrunta litzatekeena, azkenerako liburu jakingarri, dibertigarri, bizigarri bilakatzea. Irakurgarri, alegia.

Camembert helburu parkinatuta —beste gauza bat zen hura—, Zintzoen saldoan eta Hiri hondakin solidoak elkarren ondoan hartuta, pertsonaia bera, nobela mota bera, argitaletxe bera, diseinu bera, badirudi sail bat martxan dagoela. Enekoitz Ramirez azkenaldian euskal literatura sendotu duen pertsonaiarik interesgarriena dela uste dugunok, Lanbasen sail horrek segidarik balu, seguru poz aparretan geundekeela.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak