kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Beti oporretan / Harkaitz Cano / Susa, 2015

Oporrak, ditxosozko oporrak Estibalitz Ezkerra / Gara, 2016-01-02

Harkaitz Canoren azken lanaren azaleko irudiak ezin hobeto laburbiltzen du barruko ipuinek, hamabi guztira, irakurlearengan eragiten duten sentsazioa: opor perfektuen kontu hori guztia Playmobil jostailu kaxa batean soilik aurkitu (eta errepresentatu) daitekeen zerbait da. Ipuinok, hain zuzen, oporren inguruko mito nagusiak desegiten dituzte, trebetasun handiz desegin ere, arras arruntak eta irakurle askori gertukoak egingo zaizkien egoeren bidez. Mito horietako bat da haurtzaroko unerik zoriontsuenak udari lotuta egon ohi direla. Bildumako lehen ipuinak, “Arrokarik altuena”, gai horri heltzen dio lehen amodio eta sexu-enkontruaren inguruko istorioaren bitartez. Lehen begiratuan kokalekuak (ur epel eta gardeneko Mediterraneoko hondartza) eta pertsonaiek (kezkarik gabe jolasean aritzen diren umeak, tokiko jende jatorra) zoriontasun hutsaren itxura ematen badute ere, ondo aztertuta “paradisu” txiki horretara ere inguratzen gaituen errealitatearen ajeak, kasu honetan genero ezberdintasuna eta hark eragiten duen indarkeria psikologikoa, antzeman ditzakegu neskato protagonistaren eta “marinel zilborra” duen mutikoaren arteko harremanean.

Oporretan seme-alaben eta gurasoen arteko harremana idilikoa izan ez ezik indartu egiten da, horra beste mito bat, “Erreka” eta “Ospakizuna” ipuinek hankaz gora uzten dutena. Lehenengoan herrialde anglosaxoietan “helikoptero guraso” izendapena jasoko zuen bikote bat dugu, semearen urrats bakoitza lupaz jarraitzen duena. Harekin batera aurkezten zaigun bigarren bikotea guztiz kontrakoa da, eta euren semearekiko jarrera irekiagoa azaltzen dute. Jakina, lehen bikoteak ez ditu bigarren bikotearen guraso-metodoak ondo ikusten arduragabekerian oinarrituta daudela uste duelako. Tragedia unean, ordea, argi geratzen da gehiegizko ardurak ez duela zertan bat guraso on bihurtu. Are gehiago, gurasoen guraso moduan jokatu beharra maiz haien eta seme-alaben artean dagoen distantziaren adierazle baino ez da.

Bestalde, guraso eta seme-alaben arteko harremanak bezala, adiskidetasunak ere bere momentua bizi du opor garaian. Nostalgiak edertu ditzake iraganean lagunekin igarotako opor egunak, are gehiago nostalgiaren sorburuan galera handi bat dagoenean, “Igerilekua” ipuineko pertsonaia nagusiari gertatzen zaion bezala. Hala eta guztiz ere, gurasoak etxetik kanpo zeuden hartan igerilekuaren aitzakian lagunak gonbidatu zituen eguneko gorabeherek, lagun arteko dinamika batez ere, ez zaizkio hain apartak irudituko irakurleari. Nerabezaroa zeinen zaila izan daitekeen gogoraraziko dio, batik bat besteekin konektatzeko garaian.

Oporrekin lotu ohi diren espazioak beraiek, dela hondartza dela hegazkina, ernegarri eta distopiko izan daitezkeela azaltzen digute “Sapore di sale” eta “Boeing 767” ipuinek. Hondartzak krimen lazgarrien lekuko izan daitezke eta hegazkinak, garraiobide seguruena direla esaten badute ere, istripuetatik ez dago erabat salbu.

Funtsean, ipuinok adierazten digute azaleko plastikozko familiako kideen aurpegietan marraztutako irribarrea bezain faltsua dela toki perfektuaren, familia harreman perfektuaren, opor perfektuaren ideia. Hau da, ezer ez da ematen duena, “Suedia ez da dirudiena” ipuinak izenburutik bertatik adierazten diguna “suediar guztiak ez dira “suediar” ideiaren materializazioa, istorioko protagonista ohartuko den bezala”. Zentzu horretan, esperientzien benetakotasuna eta perfektutasuna bilatzeko obsesioa, dela oporretan dela bizitzako beste arloetan, antzua bezain hutsala da, hara “Ikea Crucifixion”-eko protagonistaren ondorioa. Baina posible balitz ere, emaitza ez litzateke espero bezalakoa izango: imajinatu zer gertatuko litzakeen, “Danubio mekanikoa” ipuinean azaltzen den bezala, “Time” aldizkariak urteko pertsonaia izendatu berri duen Angela Merkelek Europar Batasunaren “arazoak” konpontzeari ekingo balio. Edo ekonomia negozioak eta udako safariak modu berean ulertzen dituzten enpresa-gizon aberatsen esku, “Safari” bikainean azaltzen diren horien esku, utziko bagenitu.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak