kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Babeserako kopia / Goizalde Landabaso / Elkar, 2015

Bakardadea bakarrik Alex Gurrutxaga / Berria, 2015-12-20

Goizalde Landabasoren bigarren poema liburua da Babeserako kopia. Ugaria da gure garaian ni poetikoaren inguruan —eta hari begira— bilbatzen den poesia; kutsu terapeutikoa duten lanak ere ez dira gutxi. Landabasok liburuaren amaieran aitortzen duenez, poema hauen hastapenean “barruko harra edo dena delakoa ateratzeko ariketa” dago: hori literatura bihurtzea, idazlearen lana.

Harkaitz Canoren hitzaurrea dauka Babeserako kopia-k, oso iradokitzailea hasieran: hizpide ditu, adibidez, oroimen artifiziala, eremu digitala eta argazkien pilaketa. Aurrerago Landabasoren poesiaz mintzo da eta, orduan, irakurle hau bat dator gauza batzuetan, eta ez beste batzuetan.

69 poema dauzka liburuak, hiru ataletan antolatuta; eta, esan bezala, lana aldenik alden gurutzatzen duena, nitasuna. Lehen poemako “ni naiz” aldarriak ongi erakusten du norbanakoak daukan garrantzia erabatekoa. Pertsona postmodernoaren bakardadea eta hauskortasuna muinekoak dira: barne desoreka, ez hemen sentitzea, edo gizaki artean egiten duen hotza. Roland Barthesek esana da Robinson Crusoe bat asmatu behar balu, ez lukeela uharte batean jarriko, hiri erraldoian baizik. Halaxe dago poemategi honetako nia. Egoera horretarik abiatuz, poemek batzuetan arnasa luzea hartzen dute; adibidez, Ari naizela-n gai interesgarria azaleratzen da: “Premia eta nitasun oro ahaztu eta besteenak jantzi/ gutasun horretan /norbera aurkitzearen simulakroa elikatuz”. Simulakroa, bizitza garaikidearen osagai funtsezkoa. Aipatu beharrekoa da, halaber, Arrazoirik ez poemaren hasierako ezlekuen eta “destokitzea”-ren garapena ere. Halako osagaiek barne-koherentzia ematen diote liburuari. Hain zuzen, koherentzia semantikoa da —hainbat irudiren fintasunarekin batera— liburuaren bertute nagusietakoa, hala makro-egituran nola poemetan.

Babeserako kopia irakurriz, ematen du norbanakoaren bizitza ezin gogorragoa dela. Gu ez gara nor balioespen moralik egiteko, baina sinesgarritasunaz bai mintza gaitezke; zeren poesiak, eleberriak bezalaxe, sinesgarritasuna eduki dezake edo ez. Babeserako kopia-z Canok aipatzen duen “gordintasuna” ez dakit zenbateraino irensten duen poesia irakurleak. Eta azpimarra dezagun: sinesgarritasuna ez da egia errealaren menpekoa, baizik eta idazleak sortzen duen fikzioari edo eraikuntza literarioari dagokiona. Nitasunaren irudikapena da poemategiaren zutarria, baina bertan daude poesia itotzen duten elementuak ere. Erosoa da irakurlearentzat poesia hau, erosoegia akaso; mikrokatarsiak aipatzen ditu Canok, eta horretan nago ni ere, baina ez zentzu klasikoan, katarsi horiek best seller-en efektura gerturatzen dira-eta. Bakardade garaikidearen irudiak jasotzen ditugu, topiko eta erraz antzekoak batzuk, zeinetan irakurleak ni poetikoarekin bat egin dezakeen autokonplazentzia doi batekin. Faltan ditugu, aldiz, sakontasuna, geruzak, zuloak.

Goizalde Landabasok orain hamar urte kaleratu zuen Jat poema liburua, eta ukaezina iruditzen zait hura baino hobea dela Babeserako kopia, eraginkorrak diren elementu tematiko eta formalak baitauzka. Fina da, eta lan poetikoa erakusten du. Halere, honezkero dezente jorratua dago niaren hauskortasuna, eta berau poemategiaren muinean jarri eta arnasa luzatzeko, literatura egiteko, zerbait gehiago behar da.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak