kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Orain hilak ditugu / Karmele Jaio / Elkar, 2015

Barruak aginduta Igor Estankona / Deia, 2015-11-28

Beharrizanagatik idatzi ohi den liburu horietako bat da Orain hilak ditugu (Elkar, 2015). Idatzi ezik, zelan edo halan arimako tolesduretan gaixotasun bat letxi ahaztuta izango luke Karmele Jaiok (Lekeitio-Gasteiz, 1970) hainbeste aldaketa, hainbeste agur. Bere ipuin liburuen kate luzearen jarraipen lirikoa baino gehiago, hunkigarriro generazionala da poema liburu hau, Orain hilak ditugu hori literala baita metaforikoa beste.

Biologiagatik familiako nor edo norri edo adinez kideko norbaiti jada agur esatea tokatu zaion sasoira iritsia, Jaiok erabaki du hitzak jartzea depresioari, hitzak esperantzari: “Nire ametsetan agertu zara/ hainbeste urteren ondoren./ Baldosa arteko belarren antzera/ erne zara./ Ez nuen gogoratzen/ neure burua zurekin./ Nire ahotsa/ beste bat zen./ Eta orain/ gogoan gorde nahi zaitut,/ ni zurekin/ zu nirekin,/ eta han barruan dastatu,/ poliki,/ begiak ireki gabe, erdi lo oraindik”. Berak esana bizitzaz dugun perspektiba aldatu egiten dela halako batean, konturatzen zarela benetan oso azkar doala, eta hemen “hondar aleak” baino ez garela. Bitxia bada ere, ordea, liburua ez da tristea, ez da alaia, bilaketaren inguruko gogoeta baino ez da. Kokatze bat. Hilak liburuaren zati dira, baina ez protagonista. Benetako pertsonaia poeta bera da, bizitzari atzera zein aurrera so egiten diona, barruntatu nahian etorriko dena eta esperientzia lez kontsideratzen duena igarotako guztia.

Izan ere, honakoa berraztertze edo berkokatze eta gogoeta liburu sinplea da itxura baten, ez daukana berba bat bestea baino potoloagoa. Hori du meriturik handiena, haatik. Hurbileko erreferentziaz betea dator eta harrigarriro suabea du erritmoa zein funtsa. Baliabide soil eta era berean zailekin eta espanturik gabe lortzen du idazleak hasi eta buka zirrara bat sakona, hunkidura bat gazi-gozoa. Errazena litzatekeenean altu madarikatzea bizitza edo malenkonia beti poetikoaz abusatzea, Karmele Jaiori atera zaio poemategi bat efektiboa, polita, soila: “Orain hilak ditugu./ Hildako lagunak,/ Hildako ama edo aita./ Orain badakigu/ zer egin behar den,/ nora deitu,/ zenbat balio duen/ lore-koroa batek”.

Erreferentzia hurbilez —herria, dendak, lore-koroak, arroparen usaina— eta autentikotasunez idatzia, Orain hilak ditugu honetan Karmele Jaio badago eta ez dago, gu egon gaitezkeen moduan batzuetan kontaktuan mamuekin, eta beste batzuetan ez. Batzuetan aurre egiten dio oinazeari, beste batzuetan astunegia zaio joan direnen falta. Hain zuzen, horrek bere falta gogoraraziko balio bezala hitz egiten du: “Egon zaitez lasai,/ basalore irritsu bat/ ikusiko duzu hazten/ laster/ kanposantuko lur emankorrean”.

Eta zaurgarritasun horrek bihurtzen du erreal, emakume bat ez gozoa ez xarmagarria ez garratza ez sumindua, emakume bat besteak bezalakoa, bakarrik geratzearen izuak oinaztatzen duena, baina hain zuzen horrek berorrek bihurtzen duena autonomo, osoki eta kontzienteki maitatzeko gai, izan dituen maitaleak zein bizitzaren liburuetarako amestu dituenak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak