kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Bizi ondorengo heriotza: Nevadako kontakizunak / William A. Douglass (Anton Garikano) / Pamiela, 2015

Bill Douglassen autotopografiaz Edorta Jimenez / Deia, 2015-11-14

Hona William A. Douglassen (Reno, Nevada, 1939) Bizi ondorengo heriotza: Nevadako kontakizunak narrazio bildumako lehenengo lerroa: “Bera Nevada zen eta bere istorio guztiak Nevadako kontakizunak ziren”. Donostian, liburuaren aurkezpenean, Miel Elustondok zioen moduan, William Douglassen horrek Robert Laxalt idazlearen Dominiqueko hasiera dakar gogora: “Aita artzaina zen eta mendia zuen bere etxea”.

Horra idazle bi, bigarrena euskaldunen semea eta lehena Euskal Herriari hainbat alderditan lotua. Biak ere euskaldunon imajinarioan urratsez-urrats leku gero eta zabalagoa eginez doan Nevadakoak. Euskarari ekarritako Roberto Laxat-en liburuez gain (arestian aipatua eta Kafea hartzen Iruñean), hortxe ditugu, berbarako, Bernardo Atxagaren Nevadako Egunak edota Asun Garikanoren Far Westeko Euskal Herria, eta nolabaiteko mugarria den Miel Elustondo beraren Western Basque Festival. Eta hona hemen orain Douglassena.

Haatik, William A. Douglassen Bizi ondorengo heriotza: Nevadako kontakizunak hau, euskaldunez egiten dituen aipamenak gora-behera, autotopografiatik eta autobiografiatik eraikitako sormen lana da. Autobiografiatik dituenak agerikoak dira, Douglassi buruzkoak jarraitu dituena laster ohartuko denez. Ugariagoak ditu, ordea, autotopografiatik —aspaldion buruan darabilkidan hitz hori erabiltzea zilegi baldin bazait—, zeren idazleak fikzionatu dituenak bere bizitzatik hartuak izan nahiz izan ez, asmamena egiazko lekuetan —topos— askatuz fikzionatu ditu.

Nevadako ibai luzeak, Ertamerikako oihana, Renoko kasinoak, autobideak, Kaliforniaraino hedatzen den rantxoa, mortu bilakatu diren mehategiak eta mehatzari-herriak… Orrialdez-orrialde idazleak bere mapa pertsonala hedatu du. Guri erakusteko xedez ala terapia helburu, ez dakit. Egin ere istorioez oroitzeko euskarririk sendoena lekuak direlako egin duelakoan nago. Oroimena ahulduz doan heinean, lekuek hartzen dute haren zeregina. “Hemen, hona zer gertatu zen hemen”, diosku, gaztarotik zahartzaroraino egin duen ibilbidea eta ezagutu dituenak, eta batik bat bera izan dena azaldu nahiean. Ezin bestela gogoratu. Nevadakoa da gizona, Nevadakoak dira kontakizunak.

Eta halaxe ageri zaizkigu William A. Douglassen lekuak, hamahiru kontakizunetan. Egilearen poliedrikotasun harrigarriaren lekuko dira. Ez dakit kontakizunak biribilak diren. Ez behinik behin honelakoetan erabili izaten diren arauen arabera aztertuz gero. Narrazioei usaina darie, Nevadakoa. Natura ageri da, Nevadakoa. Jendeak ageri dira, Nevadakoak. Askotarikoak, anitzak, bakoitza bere zoroarekin. Nevadaz ezer orokorrik esan ahal baldin bada, zera delako: han baietz, han bakoitza bere zoroak bizi duela. William Bill Douglass gizon poliedrikoak bere autotopografiatik eraiki duen hamahiru ertzetako poliedroa ekarri digu. Ea ba horretan islatzen diren argi-ilunak bertan egon garenoi bezain iradokitzaile iruditzen zaizkizuen han egon gabeko euskal irakurleoi.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak