« Mehatxupean | Besteen arabera »
Aita gurea / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2015
Aita zeruan eta gu lurrean Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2015-11-01
Iñaki Irasizabali irakurritako laugarren eleberria dut Aita gurea. Ezin dut esan bereziki maite dudan idazlea denik, bai aldiz entretenitzen nauela.
Irasizabalek erraz irakurtzen den idazkera sinplea baliatzen du, gehienetan, 200 orrialdera heltzen ez diren bere eleberrietan.
Kontatzen duena modu zuzen, labur eta zehatzean egiten du, apainduretan denbora galdu gabe eta pertsonaien jokabidea azpimarratuz. Hori baita hain zuzen ere Irasizabalen narratibaren ardatza. Gizartea da bere analisirako baliatzen duen elementua, eta premisa horretatik abiatuta muturreko egoera baten aurrean gizabanakoak duen portaera desberdinen aurkezpena egiten du. Horrek ematen dio, azalean narrazio sinple bat dirudienari, bizitzak berak berezkoa duen kutsu dramatikoa.
Aita gureak industria munduko krisi ekonomikoan kokatzen ditu pertsonaiak. Enpresa giroko kontuen artean, langileen arteko harremanak, postua galtzearen beldurrak eragiten dituen inbidiak, traizioak eta gezurrak kontatzen dira. Idazlearengan berritzaile den kontestu honetan aldiz motif errepikakorra dugu: famili(en) arteko drama. Nonbait irakurri nuen gizartean gertatzen den oro beti familia esparrura hedatzen dela, denok baikara nola edo hala familia-kide. Eta hori bera da, juizio moral guztien gainetik, besteekiko enpatia eragiten duena.
Odolaren deia nobelan bezala, honetan ere aitaren heriotza izango da gertaeren katearen motorra. Pertsonaia bakoitza iraganeko motxila kendu nahian dabil eta bizitzan “berriz hasi” nahi du: aita galdu berri duen jonki izandako alaba, jainkoan gehiago sinisten ez duen apaiza, senarra galdu berri duen emaztea, aita kartzelan izan duen Down sindromea duen mutila, bere familia zorretan utzi zuen eta kartzelatik atera berri den Down sindromedun mutilaren aita. Eta guztien elementu kohesionatzailea izango da krisian dagoen autogintzarako piezak fabrikatzen dituen lantegia.
Denek amets berdina partekatzen badute ere, ez dute honi heltzeko jarrera berdina erakusten, eta muturreko egoeretan nahastuta aurkituko dira: lapurreta, erailketa, xantaia, droga salmenta… Zein da jokabide zuzena eta zein okerra?
Bizitza errazegia litzateke galdera moralizatzaile honen erantzunera sinplifikatzeko, izan ere, pertsonaiak beren beldur eta desioek mugiturik jokatzen dutelako beti dago gure logikari ihes egiten dion zerbait.
Helburuak bitartekoa justifikatu bai/ez auziaren aurrean jartzen du irakurlea, ez epaile baizik eta ikusle gisa.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera