kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Txanpaina, mesedez / Oier Santos / Erein, 2015

Mehatxupean Iraitz Urkulo / Berria, 2015-11-01

Txanpaina, mesedez Oier Santos idazlearen bigarren eleberria da. 2012an unibertsitate-garaian kokatutako eta nagusiki nerabeei zuzendutako Ez zuten erantzun liburua argitaratu ondoren, oraingoan polizia-generoko istorio bat sortzeko erronkari heldu dio autoreak.

Obran bi argumentu-hari bereiz daitezke, narrazioan txandaka emanak. Alde batetik, Markel Aizpurua ertzain-buruari dagokion hari nagusia dago. Lehendabizi hainbat auto berdez margotuta agertzen dira, handik denbora gutxira zentral termiko batean lehergailu batek eztanda egiten du… Markel prentsarekin borrokan hasiko da, ikerketa oztopatu edo zapuztu ez dezaten saiatuz kasua argitu eta errudunak atxilotu arte. Bizitza profesionala eta pertsonala korapilatuko zaizkio ezinbestean.

Bigarren argumentu-harian, bestalde, gaztetako lagun baten ezkontzan bere ametsetako mutila ezagutzen duen neskaren komeriak kontatzen dira. Neskak berak, lehen pertsonan, berehalako maitasunaren ikuspegi ezin topikoagoa eskaintzen du. Eskertzekoa da kontaketan pasarte komiko horiek tartekatu izana, testu gehiena hartzen duen Ertzaintzaren ikerketaren kontrapuntu gisa aritzen baitira. Halere, narratzaileak ikerketa seriotasun handiz bideratu nahi duela antzematen den arren, prozesu osoari xalotasun-puntu bat dario, une jakin batzuetan frogen sendotasuna kolokan jartzeraino. Istorioak ikerketaren zama astunaz libratuko luketen arnasguneak falta ditu.

Egoerak ez ditu pertsonaiek adierazten duten larridura justifikatzen. Zenbaitetan tentsioa puztu xamar hautematen da. Askotan sen edo intuizio hutsera jotzen da ekintza bat azaltzeko, eta horrek lasterbide errazegia dirudi polizia-generoko testu batean. Diskurtsoa zehaztasunetan murgiltzen da etengabe, narrazioaren erritmoa motelduz. Tarteka, ziurrenik idazlearen lanbideak —gorputz heziketako irakaslea da— eragindako gorputzaren funtzionamenduari eta, besteak beste, nutrizioari buruzko oharrak lekuz kanpo nabari dira.

Protagonista ertzain bat izatea hasiera batean alderdi originaltzat jo badaiteke ere, Ane emaztearekiko erakusten duen aitatasunak eta gehiegizko babes-jarrerak, bere lanbideari lotutako gezur interesatuekin eta informazioaren manipulazioarekin batera, haren pertsonaiarekiko enpatia betea galarazten dute.

Amaierarako utzi dut liburuaren arazorik garrantzitsuena: akatsez beteriko testua da. Zuzenketa sakon baten behar larria du ia orrialde guztiak zikindu eta irakurketari traba egiten dioten gramatika eta, batez ere, puntuazio-mailako akats ugariak —subjektua eta predikatua banatzen dituen koma oker bezain amorragarri hura, hamaika aldiz errepikatzen den akats horietako bat baino ez aipatzearren— konpontzeko. Kasu honetan, Erein argitaletxeak euskal irakurleoi errespetu handiagoa zor zigulakoan nago.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak