« Bizitzeko negua | Protestaren arkitektura »
Baionak ez daki / Bea Salaberri / Susa, 2015
Besterik da atsegina Aritz Galarraga / Deia, 2015-10-31
Blogetan-eta irakurri ahal izan ditugu aurretik Bea Salaberriren narrazio labur eta pertsonalak. Narrazio, ipuinek eskatzen duten gutxieneko korapilorik gabe, prosazko testuak direlako ezinbestean. Labur, luze baino, instantea, markoa, kolpea bilatzen dutelako nagusienean. Eta pertsonalak, ez bakarrik narrazio guztien artean estilo jakin eta identifikagarri bat osatzera iritsi direlako, baina batez ere ni narratibo batek harrapatutako estanpak ditugulako, lehen pertsonako narratzaile batetik abiatutakoak. Bea Salaberriren narrazio labur eta pertsonalak blogetan-eta irakurri izan dituenak, zentzu horretan, ez dut uste sorpresa handirik hartuko duenik haren lehenengo liburu argitaratuarekin. Besterik da atsegina.
Baionak ez daki, beraz, izenbururen bat izan behar 33 narrazio biltzen dituen liburuak. Baiona, ez alferrik, hainbat testutan agertzen baita hiria, harresi zaharrak, katedrala, San Andres plaza, ZUP, Pontrique eta Tonneliers karriken arteko bidegurutzea, ostatu frantsesak, agertzen den bezala puntualki Barnealdea —hala, kategoria geografiko gisa bataiatu duguna—, edota Donostia bera —kurioski, 2011ko urtarrilaren 10 batean, ETAk sueten iraunkorra iragarri zuen egunean berean—. Baina Baiona agertuta ere, ez ote den besteren gainetik atzeko oihal, ez ote diren estanpa unibertsalago, nonahi kokatu eta garatu litezkeenak. Geograflak baino, puskaz inportantzia handiagoa baitu hemen gizaseme eta alaben arteko topaketak, frikzioak, hartu eta emanak.
Objektuek ere garrantzia handia dutela irudi luke hasiera batean, hortik hainbat narrazioren izenak, Mandarinak, Emazteen zakua, Euritakoa. Baina, berriz, gehiago da objektuek eragindako situazio pertsonalak, objektuen aitzakian gertatzen diren giza harremanak, aipatutako Euritakoa narrazioan bezala: bat-bateko —edo ez hain bat-bateko— euriak eragindako enkontru pertsonala, bi pertsona ezagun baino ezezagunago aterki beraren pean bidearen zati bat elkarrekin egitera kondenatzen dituena. Situazio, esan dezagun, txikiak, egunerokoak, arruntak, seguru baten batek literaturak jaso beharko lituzkeenik ere zalantzan jartzeko modukoak. Kafe bat, bizkotx bat —“Jatekoak baino, barnean sartu dudan nihauren parteak baitu inporta”—, familia bazkari bat, baina berdin poltsa, zorro bat —“Eta mundua kasik xuxenago doa, emazte zaku bat dela, edozein gizonen gogoan bezain argiki antolatua”—, amen armairuak, hilekoa. Egunerokoaren poetika bat, ondorioz, bestela nekez erreparatzen diegun oker ttiki garrantzigabeen sorta. Nola esan: guztiok goaz lanera goizean —tira, lana izatearen zortea dugun guztiok—, baina gero inork gutxik osatzen du, besterik ez bada bere irudimenean, Negarra begian bezalako narrazio bat: “oraino zenbait minutuz zozoki sinetsiz alda dezadan zain dudala mundua”.
Bea Salaberriren narrazio labur eta pertsonalak aurretik irakurri dituenak sorpresarik ez agian, gehixeago irakurri ez dituenak, baina seguru, batzuek nahiz besteek, atsegin hartuko dutela Baionak ez daki honetan zer ezkutatzen den jakitean.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez