kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Orain hilak ditugu / Karmele Jaio / Elkar, 2015

Hilak ezagutu arte ez dugu jakinen bizitzen Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-10-14

Orain hilak ditugu liburuko —I. atalak eta lehen poemak horrela dute izena— hainbat poemetan putzuak agertzen dira (Igor Astigarragaren azala horren agergarri). Poetaren haurtzaroa ageriago den lehen bi ataletan bereziki. Badago ere Putzuak izeneko poema bat. Putzuetako plisti-plastak eta uhinak Karmele Jaio poetaren ezaugarriak dira. Besteak beste.

Poemen musikaltasuna buruan, Gabriel Arestiren esapide hau heldu zait gogora: “Euskara putzu sakon eta ilun bat zen”. Bizitza eta euskalduna hitz analogikoak egin zaizkit, eta liburuaren ezaugarri nagusia oroimena dela barneratu dut. Ryszard Kapu?ci?ski poeta bidelagun, “haurtzaroaz geroztik mundua oso azkar pasatzen dela gure albotik” gogoratu digu liburuaren egileak. Eta niri, “bizitza oroimen-putzu sakon eta ilun bat dela” gogoratu zait, eta guk denok oroitzapen gazi-gozoak ateratzen ditugula handik nekez.

Joan doan munduaren eta bizitzaren oroitzapen gazi-gozoak ekarri dizkigu idazleak, lehen aldiz poema moldetan bilduak. Poemen beste ezaugarri bat, ez- jakintasuna da. Poetaren esanetan, haurtzaroan ez genekiena, orain ere ez dakigu. Egia haurren marrazkietan baino ez dagoela ikasi du, eta ohartu da batzuek “sekula ere ez” esaten dutenean “beti” esaten ari direla. Nork itzuliko dio baina, Jaiori, haurtzaroan “ez zekiena”? Nork, orobat, guri guztioi?

Bizitzaren biziaz, bizitako hilez eta minez idatzi du poetak. Bere alboko bizidunek ordea —maitaleek edota lagunek— ez dakite poetaren putzuetan uhinek sortzen duten harri bakarra bakardadea dela. Hartara, horregatik edo, iragana oroituz batera, poemak ditu mundu honetan ihesbide bakarra.

Ez dabil haizerik dio II. atalak, baita izen bereko poemak. Poetak pertsona helduago bat gogoratu du, bere buruarekin leiala. Ikasi du bere burua begiratzen uhin gabeko putzuetan. Haurtzaro osteko nerabezaroko abandonuaren sentimenduek emakume gaztearengan poemak loratu dituzte. Poetak ez du gauza asko gogoratzen, edo ez du gogoratu gura. Hego haizeak agintzen dio zer gogoratu eta zer ez. Berbarako, eman zuen muxua baino errealagoa da sekula eman ez zuena. Ángela Figuera Aymerich idazlea bidaide, maitasuna loratu da Jaio poetaren oroimenean.

Dekoratuak (III. atala). Poetak bereak ez diren lurralde (mundu) hauetatik ihes egin —nahi— du, Amaia Lasa poeta alboan. Beste mundu batera mudatu da poeta. Besteek habitatu zuten lekua hartu du, baina, izan ez zenak min ematen dio. Agian, gaur egun ere, izatera heldu ez denak min ematen dio. Dena dela ere, poetak gogoratzen duen iraganeko pertsona heldua, helduagoa da poema hauek idatzi ostean. Artean ere, euskaldunaren kontzientziak artegatua, “euskara putzu sakon eta iluna” izan liteke poetaren gogoan. Euskaldunon zerua ez baita laua. Karmele Jaioren herrian zeruak pisu handia du, jaioberriek zaharren ahotsa dute, hitz askok heriorekin lotura dute.

Herri bat edo herri baten dekoratua al gara? Itaun hau, atal honek niri iradokitako aburua duzu. Besterik ez.

Hildakoekin doazen zapatak (IV. atala), Antonio Gamoneda gogaide duela, munduaren ertzera hurbildu ahala, bizitzaren geldotasunari beldurra dio poetak. Bere berbetan, bizitza ordenatu nahian igarotzen dugu, eta ororen buru, gu nor garen ez dakien batek, gure bizitzak berak ordenatu ez duena ordenan jarriko du. Metafora ederra Ordena poemarena. Ederra ere Hildakoekin doazen zapatak poema eta metafora.

Baliteke, Jaioren poema asko oraindik ere putzu sakon eta ilun batean egotea. Agian, argitara emandako lehen poema hauek, oroitzapenetik erreskatatu ahal izan dituenak baino ez dira. Batzuk sakonagoak dira bestetzuk baino, ezin zaio eragotzi haatik, poema argiak ez izatea. Poemak gardenak ez izatea, poema gardenki ez izkiriatzea, poema-putzu ilunei itzuri ez egitea.

Poemak, poemak baino ez dira. Alabaina, egunsentian eguzkiak harriak laztanduz heriotzari barre egin ohi dion legez, poetak basalore bat ikusi du hazten kanposantuko lur emankorrean.

Liburuak liburu, irakurleak irakurle, beharbada, bizialdia —eta mundua— uste dugun baino emankorragoa da. Agian, zeruaz harago ez dago mundu hau baino hilerri emankorragoa. Alea jacta est: hilak ezagutu arte ez dugu ikasiko bizitzen.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak