kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Mentura dugun artean / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2001

Plazeraren plazera Juan Kruz Igerabide / 111 aldizkaria, 2015-07

Literaturara hurbiltzeko modu berezia izaten du idazleak, literaturaz, sormenaz, idaztearen barne-trikimailuez nahiz ideia-munduez diharduenean, literaturaz bigarren bueltan gozatzeko aukera bitxia eskaintzen dio irakurleari, artearen emozioari berriro sakatzeko parada.

Anjel Lertxundi bere ibilbidearen hasieratik ari da literaturarekin batera gogoeta literarioa zein humanistikoa jorratzen; liburuz liburu eta liburuen inguruan umotuz joan da euskarari buruzko ikerketa bizi eta eskarmentuzkoa, eta horrekin batera bere buruari etengabe galdetu dio zertan ari den, zerk daraman literaturaren ilun-argietan barneratzera, inoiz ere muzin egin gabe bizitzari, bizi-etikari eta gizartearen aurreko jarrera zailei, garai zailetan jardun baita. Bidean utzi dizkigu, harri-koxkor arrastogile gisa, Gaurko literatura (1986), Letrak kalekantoitik (1996), Gogoa zubi, Eskarmentuaren paperak (2010), besteak beste, etenik gabeko jardun eutsian.

Mentura dugun artean gogoeta-liburu bat da, noski, baina gogoetaz harago doa. Literaturaren plazeraren plazera dastatzen da lehen orrietatik. Egileak liburuez nola gozatu duen adierazteko beste liburu gozagarri bat dakarkigu; estilo ugariez nola gozatu duen adierazteko, estilo-jardun gozagarria eskaintzen dio irakurleari. Literaturaz aritu, literatura eginez. Oso liburu pertsonala da, literaturaren eta bizitzaren arnasa bere baitatik baitatorkio, oso bere eta, hein berean, oso unibertsal. Bere kuttuneko liburutegi batean zehar garamatza. Izan ere, “Liburutegi pertsonal oro bizitza baten egitasmoa eta ispilua da: agerian daude jabearen ametsak eta desioak; haren ahulezien erradiografia egiten du, haren hezibideak dauzkan hutsune izugarriak salatzen ditu. Eta, batez ere, jakituriaren ateak zabal ditzakeen jakin-minaren neurria ematen du”.

Liburuak argitaratuz egiten den ibilbide literarioaren azpian, ohar, zirriborro, irakurketa, azpimarratze, ikertze, iruzkintze, eztabaidatze ugari dago, nolabaiteko putzu handi ezkutu bat. Iceberg baten antza hartzen du, eta irakurle saiatuak liburu bat irakurri eta atsegin duenean jakin-minez galdetzen dio bere buruari zer putzutatik edan ote duen idazleak; gustatuko litzaioke berari ere putzu horretan murgiltzea, ur hori idazlearekin partekatzea. Arrastoa uzten dizuten liburu horiek irakurtzean, halako irudipen bat geratzen zaizu: idazleak badakiela zuk ez dakizun zerbait, oso bitxi preziatu bat gorderik duela, urrezko iturri edo putzu batetik edaten duela, eta zeuk ere nahiko zenuke iturri horretatik zuzenean edan; izan ere, literaturak irakurleari gozamena eskaintzearekin batera halako egarri bat ere sortzen baitio, halako frustrazio-punttu bat: ezagutu nahi lukeen mundu baten ispilua eskaintzen dio, baina ez dio uzten ispiluaren beste aldera igarotzen, nola igaro baitzen Alizia. “Nabokovek, eleberri bat idazten amaitu orduko, desagerrarazi egiten omen zituen eleberria prestatu eta idazterakoan baliatutako liburu guztiak. Bada gurean, guztiz kontrako bide batetik, Lizardik Tolosan omen zeukan liburutegiaren labur arruntagatik Bihotz-begietan labur arruntzat juzkatu zuenik: ez zuen kontuan hartu 36ko gerra hasi zenean, Lizardiren alargunak Oria ibaira bota omen zituela liburu gehienak; arrunkeriaren salatzaileak edo ez zekien datua edo ez zitzaion datua aintzat hartzea komeni, Lizardiren poesiari buruz zeukan a prioria hondoratzen baitzion horrek. Nik ezagutzen ditudan liburutegietatik, Barojarena da argigarriena idazlearen nondik norakoak ulertzeko. Hala ere, egingo nuke Itzean ere arrasto garrantzitsu asko falta dela Baroja ulertzeko: ikasle-garaiko liburuak, bidean galdu zituenak, irakurri izanaren lotsaz ezkutatutakoak…”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak