kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zirikadak / Juan San Martin / Itxaropena, 1960

Zirikadak Luis Mitxelena / Egan, 1960

Bizi dena agertzen omen da eta horixe gertatu zaigu euskal soroan eibartarrekin eta ingurukoekin. Luzaroan eduki ditugu baztertuak, haien hizkerari irri eta burla genbiltzala, arrazoizko oinarririk gabe gainera. Geren buruari begiratzen bagenio aurrenik, ez ginateke, noski, horren erraz harrika hasiko. Hutsik gabeko euskara non aurki? Beterri aldeko eta erdi nafarron ahotan ez, behinik behin.

Zirikadak Jon Etxaidek moldatu zuen Pernando Plaentxiatarraren anaia da, baina ez anaia bixkia. Plaentxiako, Eibarko eta inguruko herrietako jendeen ipuiak, gertatuak edo asmatuak, eta ateraldiak aurkezten zaizkigu liburu honetan ere, baina bere xaltxan: bertako hizkeran, alegia. Jokabide honek baditu bere alderdi onak eta ez hain onak, San Martinek hitzaurrean esaten digun bezala. Batez beste edo oro har, ordea, ez zait batere gaizki iruditzen San Martinek hartu duen bidea. Literatura mota honi ez dio kalterik egiten eta bai onik aski berez dagokion gisan maneaturik agertzeak. Atseginago izango dira horrela ipuiak askoren ahorako, eta ez Deba ibaiaren ingurukoenerako bakarrik.

Ipuiak berak nolakoak diren zerorrek ikusi behar duzu, irakurle. Ez zara erraz damutuko, horixe aldez aurretik esan diezazuket, liburu hau erosteaz. Ez dira guztiak, noski, maila batean ipintzekoak, baina guziak dira biziak, egokiak eta aisa baino aisago irakurtzen diren horietakoak. Batzuek, berriz, eta ez gutxi, bere laburrean eta zorrotzean, gain-gainekoak. Txapela, makila nahiz kopa eskeiniko balu inork euskal “unorearen” sari, egin daiteke orain, San Martini eskerrak, ez litzatekeela Eibar-Plaentxietatik urruti geldituko.

Ipuien gatza eta egilearen prestaeraren alde behar bezala mintzatu behar banu, ez nuke berehalakoan bukatuko. Hutsen kontua, berriz, laster egingo dut, ez baitiot liburuari bat besterik aurkitzen: behin edo bestetan ageri den s eta z-rekiko nahastea. Badakit han ongi bereizten ez dituztena, baina hobe litzateke, halaz guztiz ere, bereizkuntza hori izkribuetan ahalik zuzenen gordetzea, erdaraz b eta v-rekin edo egiten den antzera.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak