kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Garoa / Domingo Agirre / Aranzazu, 1956

Garoa Luis Mitxelena / Egan, 1956

Txalo eta laudorio ugari merezi dute bai argitaratze-lana bere gain hartu duen Aita Prantziskotarrak, ixilpean gorde du damurik bere burua, bai Arantzazu Argitaldariak. Ongi merezi ere, bai baitakigu neke askoren semea izan dela liburu eder hau. Aita A. I.-k ipini dion hitzaurrea egokia da benetan, bizia eta argitasunez ongi jantzia; Iriondoren apaingarriak, azal eta barren, oraingoak eta nere gogorako biziro ederrak. Gainerakoan ere, itxura txukun txukunekoa da liburua, Itxaropenarenean ohi den bezalakoa. Irakurgaiak, berriz, Domingo Agirreren Garoak, ez du goresmen beharrik.

Garoa berbera, antzeko zerbait baizik, ez delarik ere. Huts bat baitu hirugarren agerraldi eder honek, bat bakarra baina larria, jatorrizko pekatuak bezala edozein izaera garbi kutsa dezakeena: hobetua izatea, azalean (barrengo bigarren azalean) dioenez. Hitzak aldaturik, bigarren argitaraldia (hobetua hura ere) hartu dute gidari, lehenbizikoa, Agirrerena berarena, hartu beharrean.

Hitzaurregileak erakutsi nahi liguke ez dela huts hori oharkabez egin, ongi jakinaren gainean baizik. Ez omen zuen alegia begi onez ikusi zenbaitek orduan ere hobetze hori. Oraingo jokabidea zuritu nahi luke, gainera. Baina ez du agian lixiba behar adina jo. Zertarako aipa, aurrena, aipatzen duen edizio kritikorik? Ez ote zen moldezko letretan agertu lehen argitaraldia, bigarrena bezalaxe? Batari ala besteari jarrai, lan berbera zen. Badirudi, bestalde, hitzaurreko hitzei bagagozkie, bigarrenaren gaizki esaleak ez zirela zenbait harroxko lepa-gogor baizik, herri xume jatorrari goitik behera begiratzen dioten horietakoak. Ez da aitzakia txarra izaten edozertarako ezin mintza daitekeen herri ixil hori. Bigarren argitaraldia ezagunagoa bada, berriagoa delako da eta errazago aurki daitekeelako. Herrikoiagoa eta jatorragoa ote horrenbestez? Illargiaren jira, esate baterako, ez da zailago gure jendearentzat hemen (8gn. orrialdean) eta bigarrenean irakur daitekeen Illargiaren baranoa baino.

Ez da galdetu ere behar zein dagoen zabalduago, zeinek egon behar lukeen baizik. Hondar-hondarreraino bagatoz, ez du hemen zer ikusirik ez gramatikak ez estetikak. Etika auzia dugu. Irakurgai hori ez da sasikoa, badu bere jabea. Eta ezin alda daiteke jabearen baimenik gabe, zenbait huskeriatan, grafian, huts nabarietan, izan ezik. Are gutxiago egilea, nolakoa, gero! hilik dagoenean.

Inork ikusi ote du, inoiz eta inon, erdaraz, Don Quijote edo David Copperfield hobeturik? Parre egingo luke lasai jendeak horrelakorik ikus baleza. Parre… edo okerragoko zerbait. Eta gizona gizon da, eta gizalegea gizalege, erdaraz ala euskaraz ari. Erdaraz parregarri dena, beraz, ez da apika hagitz goragarri izango euskaraz ere.

Oraingo agerraldi honek, gainera, hobetua ez ezik, hobeagotua deitzea merezi luke. Ez ditugu, izan ere, aurrerakada makalak egin 30 urte hauetan, eta ongi irabazia dugu gure aldetik zerbait hobetzeko eskubidea. Lehen agerralditik bigarrenera, besteak beste, gauza gauz bihurtu zen, eleiza eleiz eta neskatxa neskatx. Bigarrenetik oraingora, a batzu kentzeari gutxi iritzirik, eskuak ausartzen ari zaizkigu eta, esaldi osoak agertzen dira mozturik.

Inoiz edo behin, gero eta hobeto gabiltzala, egiazko Garoaren oroitzapena bera galduko balitz ere (zer esango lukete orduan kritiko bihurriez?) oraingo inausaldian baztertu diren abarrak jaso nahi genituzke Eganen. XIXgn. atalean ematen da, badakizue, Eibarren egindako mitin baten berri. Letra larriz ipiniko ditugu soildu edo aldatu diren hitzak eta esaldiak (284gn or. eta hurrengoetan). Antxen lañoz jantzitako zerupe illunean, suinkiro alkartu dira eibartarrik geienak, onenak ez baña (Orain, mitinzale asko) Bego Eibarren bizar biko gizontxoaren erakastea (Orain, Utzi dezagun…) Euskalerri guztia, Eibar izan ezik, abadien mendian dago. Ugazabak eta lantegien jabiak gure odolez loditu dira… Zortzi orduko lana gura genduke (Moxolok: Askotxo dek, baño, tira, nai duanak egin dezala) oraiñ artean baño aloger obia biar dogu. (Denak: Ori, ori! Betor dirua! Venga diñero!) Diru-etxeak lapur-etxeak dira…

“Zoko-garbitze” hau zergatik? Norbait, eibartarra noski, minduko litzatekeelako? Bai ote? Horren sentikorra ote da oraingo jendea? Ez ote du inork marxistarik Eibartik kanpora ikusi? Lastima da, benetan, horrako zuzentzaile horrek liburua zuzendu duen bezain erraz mundua ezin zuzendu ahal izatea. Ez dakit halare ez ote nukeen nahiago gauden mundu traketsean bizi, berak zuzendutakoan baino.

Agerian dago, bestalde, ez direla nabarmenkeriarik gordinenak baztertu. Badirudi aitzitik gaurko edozeinek ontzat hartuko lituzkeen eskabideak direla hain zuzen ere baztertu direnak. Eta hori ez da joko garbia: egia zor diegu orduko eibartar gehienei, onenak ez baziren ere. Ez zen erabat okerra, agi denean, haien ilustraziñoia.

Beste ohar bat egin behar zaio zuzentzaileari. Diru etxeei buruz ere, baditu ondorengoak Azkarragako Martinek. Madariagak nonbait dioenez, ba omen dute elkarren antza pixka bat gaurko bankuek XVIgn. mendeko Berberi-aldeko itsas-lapurrekin: batzuekin ala besteekin harremanetan hasten dena, nolanahi ere, arinago irteten omen da sartu den baino, diru gutxiagorekin alegia.

Condorcet, Comte, Spencer eta horrelakoen progresismua malda behera omen dabil mundu guzian; zeharo lur jota dagoela diotenak ere badira. Ez, horratik, mundu guztian. Bizi da oraindik txoko batean, eta ez dago burua makurtzeko. Euskaldunok, noski, inor baino hobeak eta trebeagoak gara edozein aldetatik: ez naiz ni uste kontsolagarri hori inori kentzen saiatuko. Baina ez daude horrenbestez euskaldun guztiak maila berean. Nork berdin gintzake gaurko euskaldun argi eta aurreratuok orain berrogeitamar urtekoekin? Orain berrogeitamar urtekoak, berriz, mutilak ziren orain ehun urtekoen ondoan. Ikaskizun gutxi utzi digute aurrekoek, eta utzi diguten gutxia ere aise zuzen eta hobe dezakeguna.

Amets xuri-gorri horrek baditu, haatik, zenbait alde txar. Ez dute gaizki parre egin behar ondorengoek gure bizkarretik! Izango baititugu ondorengoak, mendeen buruan jaio ez bagara. Eta bitara gerta daiteke hori: gure iritzi berekoak direlako ala ez direlako. Progresismua zokoratu baldin badute azkenean, gure xinplekeriari egingo diote parre, eskua luzatze hutsarekin ilargia harrapatu ustean genbiltzan haurrak ginelakoan. Eta progresistak badira, okerrago, gu gerok baino askotaz jakintsuago eta ikasiago izango baitira. Ikustekoa izango da haiexen ilustraziñoia! Gaxoak gu eta gaxoak gaurko liburuak! Surtara ez badoaz denak, zenbat bider ez ote dituzte murriztuko, soilduko, hankamoztuko, itxuraldatuko eta hitz batean hobetuko! Ez nuke lardaskatuko esan nahi.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak