kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Peru Abarka / Juan Antonio Mogel / Itxaropena, 1956

Peru Abarka Luis Mitxelena / Egan, 1956

Badatorkigu laugarren aldiz, Itxaropena-ri eskerrak, Mogelen Peru Abarka jatorra. Betor ondotxo, ez baitugu behar adina ezagutzen. Negarrez gaude beti, euskal irakurgai gutxi ditugula eta, eta ditugun ederrenak ere ezin ditugu, edo ez ditugu nahi, irakurri.

Apaiz batek egina izan arren, ez darabil Peru Abarka-k elizgairik. Bere jatorria J. M. Lojendiok argitu zigun EGAN-en argitaratua izan den hitzaldi eder batean. Ez dugu Peru, gezurra badirudi ere, J. J. Rousseaugandik oso urruti sortua. Egia ere da, bai, Basagizon Ona kristau mixiolariek aurkitu zutela, Rousseauk baino bi mendez lehenago, eta Europan barrena erakutsi.

Frantziako elizgizon erbesteratuen bitartez ez ezik, bazuen Mogelek frantses literaturaren berri. Pascal ezagun zuen, maite ere bai, beronen Gogoetak itzuli zituenean. Bazekien gainera, Peruk Maisu Juani erakutsi zion bezala, herriko eta erbestekoen arteko esanmesan eta juzku okerrak harrokeriaren eta ezjakinaren seme direla gehienetan.

Mogelek ez zuen urrutiko Indietara joan beharrik bere Basagizon Ona aurkitzeko. Aldamenean baitzeukan, Bizkaiko basetxe batean, Peru jatorra, Basarteko Unibertsitatean ikasia, mendiak hazi eta basoak hezia.

Peruren hizketa laguna ere ez zeukan urruti, hurbilago beharbada. Erraz jo zuen begiz, kaletar askojakinen artean, Maisu Juan barberua. Eta biek elkar topatuz gero, berez bezala dator elkarrizketa bizia. Baita gainerako lagunak ere: andre ostalaria eta bere mirabea, orduko baserritarrak, linu ezpatariak, ola gizonak, baita azkenik, paradisu ederreko suge beltza, iskribau-aguazilak ere. Aspaldi aldendu zen eta ia ahazturik daukagun Euskalerri zaharraren oroigarri berdingabea.

Poliki-poliki hasten da Maisu Juan ikusten, horrelako zerbait gertatu bide zitzaien Sokratesekin jarduten zutenei, erdi ustela zela zuen jakin-ustea. Poliki-poliki dihoakio Peru erakusten ez euskara bakarrik, euskaltzalea zen Mogel, inor izan bada, baina ez zuen uste euskara berez ezer denik, zerbaitetarako ez bada, beste gauza asko baizik euskararen bitartez: izenak utzi eta barrengo izanari begira dagoen egiazko jakitea, lanbide berezien neke eta izkutuak, Bizkaitar ez diren euskaldunen euskalduntasuna, benetako kristautasuna eta zinetako gizalegea.

Oso eta bizirik daude Peru eta Maisu Juan eta inguruko guztiak. Hain bizirik ere. Biziak baino biziago, zenbait sortzaile trebek beren umeei muinetaratu dieten bizi iraukor horrekin. Ez dugu biziagorik euskal literaturan. Eta horien ezpainetarik darion hizkeraren gatza, Bizkaiko hizkerak berezko duen gatz larri xamar hori da.

Harritzekoena hauxe duzu. Maite dugu Peru, bai, baina ez barberua baztertzeko adina. Kaletarra da gure antzera; gu bezalako euskaldun kazkarra, gu bezalako sasi jakintsu erdi ikasia; gure gisa, hitzen burrundari gehiago begiratzen diona gauzen muin gordeari baino. Horrexegatik agian, aho-zabalka gagozkio, ixpilu harrigarriari begira. Iguzkiak badu denentzat argi, onentzat eta gaiztoentzat, eta Mogelen irriparre gozoa ere, Cervantesena bezala, guziongana hedatzen da, Peru jatorragana beste Maisu Juanengana.

Laugarren argitaraldi honek lehenbizikoaren aldean dituen berrikuntzak aipatzera noa. Mogelek erdaraz ipini zion hitzaurrearen ordez, Antonio Arrueren euskarazko ederra, Mogeli eta Mogelen lanei buruzko argitasunez ederki hornitua. Peru Abarkarekin ikusteko gutxi duten eraskinak falta zaizkio: Fr. Pedro de Urlija eta D. Juan de Zandija elizgizonen arteko jarduna, eta latinetiko itzulpenak. Hiztegia, ordea, hemen dugu.

Txukun argitaratu du liburua Itxaropena-k, ohi duen bezala, eta Paulino Larrañagaren edergarriak politak dira eta egoki-egokiak.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak