kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Joanak-joan / Jon Etxaide / Itxaropena, 1955

Joanak-joan Luis Mitxelena / Egan, 1955

Bere biziko harrera ona izan du Jon Etxaideren liburu honek. Lehen saria eraman zuen Euskaltzaindiaren sariketan, eta besoak zabalik hartu dute kritikoek, bai beratxek eta bai xorrotzek.

Bada zergatik. Urte gutxitan bide luzea egin baitu Etxaidek, hizkuntzaren aldetik Alos-torrean baino hobeto Purra, purran, eta hemen Purra, purran baino askotaz egokiago. Hizkera jatorra du, bizia, aberatsa, eta batez ere bere-berea. Zaharrak eta berriak, hangoak eta hemengoak irakurri eta aztertuz, gaurko euskal prosak dituen maisuen artean jarri du bere burua.

Gaiari dagokionez ere, aurrerapen gaitza Alos-torreatik honainokoa. Badaezpadakoa izan zen bigarren liburuaren gaia, baina ederki jo du begiz oraingoan. Ikusi du Etxaidek hizkera soilak, denik ederrenak ere, ez zezakeela liburu ederrik ondu.

Euskaltzale guztiok poztu gaitu Joanak-joanek. Eta, halaz eta guztiz ere, zerbait zor diot egileari, kritiko batek izan dezakeen zor bakarra: egia. Hau da, argibide guztiak ongi neurtu eta aztertu ondoren egia deritzana.

Ez nintzateke honela mintzatuko, nondinahi datozen laudorioen artean, uste banu Etxaide gailurreraino eraman dutela bere indarrek liburu honetan. Ez, Etxaidek ere esan dezake, lehengo haren antzera: Gehiago nauk, eta gehiagotarako jaioa.

Neurri bakar batekin neur genezake gure artean sortzen den nobela bat: inguruko eta urrutiagoko hizkuntzetan sortzen diren nobelak gaur neurtzen diren harekin berarekin. Eta neurri horrekin, nik dakidan hobekienik, neurtuz gero, hutsetan aurkitzen dut darabilgun hau zenbait aldetatik.

Hizkuntzaren jabe da Etxaide, zeharo eta osoro. Baina, horretaz gainera, jabetu ote da honelako irudimen edo asma-lanak eskatzen dituzten zer eta nola guztiez? Ez behar adina, oso oker ez banago. Aitor dezadan berehala ez litezkeela horiek euskal literaturan bakarrik ikasi, gaurkoz behintzat. Nahi ala ez, besterara jo beharrean gaude horretarako.

Beste hizkuntzetako asma-lanekin berdinduz gero, ez gorengo edo behengoekin, bai erdi mailakoekin, ez da Joanak-joan nere iritziz, haien parera heltzen. Gizarteko auziek, gizakien arteko harreman korapilatuek, alde asko izaten dute; hemen, Etxahunen inguruan, ez dut bat baizik ikusten. Ez nau, egia esan, inork asebetetzen; ez Etxahunek, are gutxiago bere emazteak, ez bere osaba, guraso eta senideek. Zer dela eta ezin ikusi hori? Zurrundurik bezala ageri dira, besteak Piarres galdu beharrean, bere burua hondatu beharrean Piarres, ez dakite beren erraiak urratzen besterik. Ez da gogogiro aldakor xotilik. Ez da, hitz batean, argi-ilunik, eta argi-ilunean dago maiz gizatasun mardula. Badakit horrelakoa dela tragedi giroa, baina tragedi mailara heltzeko besterik ere behar da. Ezbeharrik saminenak ez dira beti bihotz ukigarri.

Labur esateko, eskasean aurkitzen dut Etxaide nobelagilea Etxaide idazlearen aldean. Nabarmenegi ageri da askotan egilearen eskua. Bere gizakiek diotena, honek erakutsi die esaten, ez baitira sarri bere baitatik mintzatzeko eta mugitzeko gauza. Zein euskal sukaldetan, ez naiz kulpitoez ari, entzun da sekula, adibidez, l00gn. orrialdean Eñaut zaharrak emazteari zuzentzen dion bezalako predikurik?

Euskara, hain eskuko duen euskara, alde batera utzirik, nobela aldera zorroztu behar luke orain arreta Etxaidek. Nobela da, beste edozein irakurgai baino gehiago, oraingo irakurle arruntaren janaria. Irakurlea eduki behar gogoan, azken hitza, zuzen ala oker, bere baitu beti. Gizon izanik, kaskarin xamarra da, eta ez du beti uste dugun, edo nahi genukeen, bezala erantzuten. Gure egunotakoa batez ere, maliziaz josia baitago hainbeste eta hainbeste irakurgai, axaletik bederen, miratu ondoren. Negar egin beharrean parrez hasten zaigu, eta aharrausika aurkitzen dugu su eta gar ari gatzaizkionean. Aspertu egiten dute maiz bide zuzen eta zabalek: bihurgune izkutuak nahi ditu, gora eta beherako aldapa zorrotzak, ustekabeko bidagurutzeak. Gertakizunak hasieran hasi eta, gerta ahala, azken bururaino kontatzea, horixe da dudarik gabe kontabiderik argiena eta erosoena. Ez, ordea, nahi eta nahi ez atseginena.

Hizkerari buruzko bi gauzatxo ez ditut azkenik ixildu nahi. Begira, bata aipatzeko, honako 60gn. orrialdean ikus daitekeen esaldi hau: Berak aurretik jakin izan balu Gaxuxarekin asteak zekarkiokean ondoren gaiztoa, elitzake asiko noski. Ez genukeen aipatuko ere, egileari, edozeini gerta lekiokeena, itzuri zaion hutsa dela uste bagenu. Ez, jakinaren gainean esaten ditu honek horrelakoak, hor eta beste anitz lekutan. Eta ez bekio inori iruditu gramatikaria dabilenik hemen idazle gailenari ziria sartu nahian. Bestela dira gauzak, oker ez bagaude: Etxaide gramatikariak jokatu dio jokaldi makurra Etxaide idazleari. Euskarak badu hori esateko modua, bestea ordea, eta modu horrek ez du aldatu beharrik. Gramatikak hizkuntzaren neurrira egina behar du izan, ez hizkuntzak gramatikaren.

Zer esan, buruenik, oin aldean hain oparo sakabanatu diren euskal hitzen erdal azalpenei buruz? Badituzte aldekoak eta badituzte etsaiak. Azkenekoetakoa nauzue. Honen antzeko liburuak hizkuntza ongi dakitenentzat eginak izaten dira nonnahi. Besteentzat, ikasten ari direnentzat, badira irakurgai neurtuak, behar diren argitasun, azalpen eta laguntza guztiez hornituak. Irakurleari laguntzeko gogoa egiazkoa baldin bada, izango dugu egokiera aski orrialdean bertan eta euskaraz, oin aldera eta erdarara jo gabe. Hori egin zuten beti lehengoek, eta horrela, euskara garbian, aurkitu zuten bidea gaur askok uste baino gauza sakonago eta ederkiago esanak adierazteko.

Galda diezaiogun geure buruari: Irakurleari lagundu nahia al dugu eragile bakarra, erdarara itzultzen ari garenean? Ez ote digu beste ezerk zimiko egiten inoiz? Esate baterako, mundu guztiari adierazi nahiak: Begira zein ederki, eta hori euskaraz ari naizelarik, esaten dudan nik: Impulsado por el furor de un odio indomable, edo con su habilidosa y dúctil conversación, edo, los seres humanos poseemos una tendencia innata al mal. Ohar horiek hitzek baino askotaz nabarmenago aitortzen dute bi hizkuntza mota direla guretzat: erdara, hizkuntza nagusia; euskara, mirabea eta mendekoa. Ez deritzat nik euskara bide honetatik jaso litekeenik. Euskarak erdaraz esan ez diren, edo hain ongi adierazi ez diren, gogoeta eta bihotzondokoei bide emanaz bakarrik jaso dezake burua, lehen, orain eta beti. Gainekoari izen itsusi bat eman diote frantsesek: pastiche.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak