kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Koldar hutsa zara / Aritz Gorrotxategi / Erein, 2015

Déjà vu edo zaharrak berri Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-08-17

Koldar hutsa zara belaunaldi-arteko nobela da, giza kolektibo baten bizialdia kontatzen duena, nobela korala deitua. Gu baten istorioa Ni batek kontatua. Peru da narratzailea, protagonista nagusia. Koadrila da ezaugarri behinena: Lukas, Garraiz, Garazi, Belatza, Joana… Taberna bat: Krapula. Hiri bat: Donostia. Auzoak: Gros, Amara… Institutua, fakultatea, unibertsitatea… Protagonistak hiriko kumeak dira, burges txikiak. Aberaskumeak osotoro izan barik, jendartea iraultzeko nahikariak edota ezaugarri “aproposak” biltzen dituztenak. Familiaren erretratua ere egiten du Peruk.

70eko hamarraldikoak diren aldetik, trantsizio garaian jaiotakoak dira protagonistak. Istorioaren ezaugarriak imajina errazak dituzu. Garaian garaiko manifestazioak eta erreboltak. Halaber, eta beste era batez esanda, euskaldun guztiok “amerikano” bat familian dugun bezala, euskaldun guztiok badugu ere senitarteko bat jazarria frankismoan, diktaduraren aurka borrokatua, edota baita haren aldekoa edo aliatua. Familia eta jendartea ez baita zuri-beltza, poliedrikoa baizik. Dena dela ere, nobelako gazteak frankismoaren aurka jardun zutenen ondorengoak dira bereziki: Saul dugu pertsona horietako bat, bereziena. 1936ko garaikoak ere badaude: aitaren aldetiko aitona, amaren aldetik osaba. Behialako mitoen ekarleak dira, iraganekoen balentrien ispilua, egungo helburu utopikoen elikatzaileak.

Iragan mendeko pentsalari, filosofo, poeta eta iraultzaileak aipatuak dira nobelan, edota haien aipuak dira nobelan txertatuak. Protagonistak urbanitak dira, kasuon eta nolabait izendatu aldera: ñoñostiarrak. Nobelak belaunaldi baten ia ezaugarri guztiak jasotzen dituenez, jendartearen ezaugarriak —eta berau osatzen dituen ezaugarri politiko sozialak— gaingiroki baino ez dira garatuak. Nobela korala edo masa-jendarte baten isla da. Esate baterako, futbolak badu bere presentzia, doi-doia aipatua baino ez bada.

Protagonistak erlijioari uko egiten dioten belaunaldi bateko kumeak dira, baina bestelako ideologiez eta hauen dogmez “ederki” zipriztinduta daude: “drogak” libre nahi dituzte eta bikote harremanak aske. Joera sexual berrien garaia da, homosexualitatea azaleratzen/kaleratzen hasia. Aldarrikapen pogre parrasta egiten duen belaunaldia da, bestelakoa da baina, euren asimilatzea. Bestelako da, taldekidearekiko begirunea, hots, arerioarekiko ezberdintasuna ez da aniztasunaren ezaugarria. Tira, etsaiarekiko kontrakotasuna garatuko balitz, gaitz-erdi. Alegia, bestelakoa da etsaiak —nazismoak, frankismoak edo fanatismoak— txertatutako keriez libre izatea.

Peru protagonistak mito zaharretatik eta ortodoxia berrietatik libre bizi nahi du. “Artaldetik atera nahi du”, esaldi topikoa erabiliz. Kuttuna duen Nietzscheren ildoan “supergizakia” osatzeko bidea urratu nahi du. Peruk, besteak beste, idazle izan nahi du. Kontraesan eta miseria txikiak agertzeko ofizio paregabea. Lurreko loria bilatze bidean, frustraziorako abagunea erdiesteko jarduera inola ere. Izan ere, beti dago koadrilan zu baino iaioagoa dena. Peru ez da Aritz Gorrotxategiren alter egoa, baina haren bizialdian gorpuztutako pertsonaia bada neurri batean. Ez alferrik, biak ala biak, idazleak baitira. Dena den, Peru ez da inoren nia, bere nia ez baita guztiz ber(e)a. Izan ere, inor ez da berak bere buruaz proiektatzen duena.

Euskal gatazka poliedrikoaren errelato moduko bat osatu du Gorrotxategi idazleak. Bi partetan emana. Lehenean “(h)artaldea”ren ahotsa jaso du, protagonistaren bilakaera eskaintzen du bigarrenean. Ordurako, Peruk bikotea dauka. Maitane izena du, eta badauka ere amorantea: Elene.

Nire gusturago, nobela sendoagoa izateko, déjà vudéjà dit narrazioan— sobera darabil nobelagileak. Halaber, apika, sendoagoa izateko trama jarraikorrago bat behar luke. Bigarren parteak ematen dio zentzua nobela osoari, naski.

Idazle helburu duen irakasle zapuztuaren ondorioa ekarri aldera: iraultzaz iraultza, gizakiaren ezaugarria posesiboa gailentzen da betiere, kasuon gizonena, gizona baita protagonista. Nietzschen asmoak lortzetik urrun, posesiboa izateak are koldarragoa izatea dakarkigu. Koldar hutsa zara autokritikara deitzen duen nobela da. Euskaldunon iragan berria ezagutzeko protagonisten adineko seme-alabentzako iniziazioko nobela aproposa. Ez dezatela esan, “ez dugu gurasoon déjà vécu berriro bizi!”. Déjà vu edo zaharrak berri.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak