kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Lorea Gernika, andrazko bat / Koldo Izagirre / Susa, 2015

Koldo Izagirre, gizonezko (elipsia) bat Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-08-06

Begitandua neukan (irakurri elipsia) bisita… egilearen estiloa apur bat ezagutzen baitut. Harenean —edo haren pertsonaien bait(h)an— gailetak edota bixkotxak izan eze, speculooak izan ditzakezu. Alabaina, bere literatura tasuna aldatu daiteke, bere pertsonaiak nola. Lorea Gernika andrazkoak amiñi bat irauli dio bere jaidura. Amiñia diot. Ez nadin —ez gaitezen— lar loriatu, ezta uzkurtu ere horregatik. Entusiasmoa orekan betiere, ahalaz bederen, istorio sortzaile honen kontzesioak tamainakoak baitira. Baina, ez nadin ere snob bat izan, ez nator gizonezkoaren bizitza aurkeztera, andrazko Lorea Gernikarena baizik.

Lorea Gernika bizitzaren kontra bizi dela erran nezake, ausardiaz erran ere. Ezin bestera. Ezinbestez. Munduon euskaldun bizitzea bizitzaren aurka bizitzea baita. William Shakespearen —ene begirasun motzean— pertsonaia begitandu zait Gernika: Hamleteko Ofelia. Printzearen printzesa gura nahi Ofeliak. Lorea herriko printzesa izaki. Tragedia inon bada, euskaldunona baita. “Izan, ala ez izan”, horra Lorea Gernikaren auzia.

Lorea Gernika pertsonaia unibertsala da. Iragan gizaldi hasieran jaioa. Hirutan esposatua. Abizena nola, Gernikako herritarra begitanduko zaizu, hala nola Parisko L’Oréal etxeko manikia. Juanba Berasategiren azalean ageri legez. Fabrikako umea izan zen alabaina, antxoen tripak kentzen jarduna Bermeon nahiz Ondarroan. Santa Luzia ospatzen den herrietako kalean paseatzen da nahiz Hendaiako Ondarraitzen promenatu. Été Musical à la Côte Basqueko diva da nahiz Otamotzeko otalorea. Hondarretako perla. Lorea Gernika modernoa da. Alta bada, euskaldunen moduan, “hostoa kendu, hostoa sortu” bizi da. Ederra da, baina ez da bere buruaz ziurra. Artista nahiak ere bizi du Lorea, baina lorontzi ere bada.

Pertsona ikasia bada, baina ez da ziur ikasia izateaz. Esperientzia izugarriak bizi baditu ere, ez da ziur bere izateaz. Euskaldun peto-petoa da, zentzu horretan. Badauka jakin minik. Badu Descartes buruan, badu Maria Callas bihotzean. Gernikatik hegaldatu daiteke Greziara, Greziatik Gernikara, baina ez da deusetaz ziurra. Funtsezkoa badaki alabaina: lehen “ergela zela” eta orain “ez dela perfektua”. Jakin badaki, ordea, berriz jaioko balitz, berriz bizitzen ikasi behar lukeela. Ez luke hautu berdinak egingo. Zentzu horretan, ez da ergela Lorea.

Koldo Izagirre gizonezkoak ez ohiko andrazko bat sortu digu. Lorea Gernika ez da ohikoa, ez da pertsona arrunta ez euskaldun arrunta ere. Loreak egunero garaztatzen baitu bere burua, eta behar horregatik berarengatik ez da ziur bere burua ezagutzeaz. Egungo euskaldunon gisara —gizonezkoak izan nahiz andrazkoak izan—, ez dakigu-eta garenaren ziur. “Bestera nahi” bai, baina “zer nahi” ez (elipsia).

Loreak gizonezkoak kolokan jartzen dituen boutadeak botatzen ditu. Andrazko chic da, “baina” ez du zurikeria maite, nekez darabil(tza) hipokrisiak kutsatutako berbak, ele bitxiak edo perlak. Maitasunaren sekretua barkatzea baino, maitasunaren sekretua pazientzia dela jakitun. Andrazko peto-petoa da zentzu horretan. Alabaina, gizonezkoen jite kontraesankorrak ere bizi du, ez baitu mea culparik erraz on(h)artuko. Izagirreren alter egoa ote(lorea) darama Gernikak bere bait(h)an, ausaz.

Ez zaitez aztoratu —elipsia— irakurle hori, pertsonaia maitagarria da Lorea. Baditu bere arantzak, naski. Gernika femeninoa da generoari gagozkiola, Amaia Ezpeldoi bezain, Uhaina biloba adin femeninoa. Literatur generoari dagokionez berriz, Lorea Gernika andrazko bat zaila da sailkatzen. Zer nahi gisaz, nobela gisa leitu dezakezu, baita bere 53 saio-sekuentzietako edozeinen barrena abiatu ere. Haatik, abia zaitez ausart, eldarniorik gabe. Lore Gernika anitz eta askotariko enbria duzu, euskal herriak legez. Tremendakoa da gero (elipsia) euskaldunon f(h)atuma.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak