kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Koldar hutsa zara / Aritz Gorrotxategi / Erein, 2015

‘Gu’-tik ‘ni’-ra Ibon Egaña / Deia, 2015-07-18

Banakoaren eta kolektiboaren arteko talka, ni-aren eta gu-aren arteko gatazka da ziurrenik mendebaldeko nobelaren gai nagusietako bat, eta horixe hartu du ardatz Aritz Gorrotxategik bere laugarren nobela ontzeko. Gu baten kontaketari heldu dio donostiarrak, Peru protagonistaren ni-aren ikuspegitik, bien kontrastean sakonduz pixkanaka eta ni-an zentratuz gero eta gehiago.

1990eko hamarkadaren erdialdeko Donostia da kokalekua, eta taldea, berriz, Krapula izeneko tabernan biltzen diren hogeita gutxi urteko gazteek osatzen dute, unibertsitate-ikasleak eta pretentsio literario-artistikoak dituztenak batzuk. Halakoa da Peru, Euskal Filologiako ikaslea, idazlegai frustratua, Nietzsche-ren irakurlea, utopiekiko eszeptiko xamarra eta ezinbestean taldearekiko jarrera anbibalentea duen gaztea. Haren ikuspegitik eta lehen pertsonan ezagutuko ditu irakurleak gazte-taldearen egunerokotasuna eta eztabaidak: sexu eta bikote-harremanak, literaturaren eta artearen inguruko solasaldiak, eta baita gai sozio-politikoei buruzkoak ere. Laurogeita hamarreko hamarkadako Donostian, izan ere, paisaiaren parte dira lazo urdinak, kale borroka, Y taldeen kontrako errepresioa edo liburu-denden harrikatzeak. Taldean nolabaiteko onarpena duen indarkeria politikoarekiko kritikoa da Peru, eta horrek darama, besteak beste, taldetik gu-tik apurka urruntzera.

Nobela aski korala da Koldar hutsa zara, belaunaldi baten testigantza jaso nahi duena. Eskertzekoa den hurbiltasun eta sinesgarritasunez birsortu du garaia Gorrotxategik. Haatik, koraltasunak hein batean nobelaren kaltetan jokatzen dutela egingo nuke, pertsonaien, harien eta gaien ugaritasunak haietan behar beste barneratzea eragozten baitute maiz. Gai askotarikoei buruzko gogoetak tabernako lagunen elkarrizketen bidez txertatzen dira liburuan sarritan, eta narratzailearen ahotsean beste batzuetan. Zenbaitetan, justifikazio narratibo ahulekoak iruditu zaizkit hainbat gogoeta, egileak pertsonaiei hainbat gairi buruz hitz eginarazi nahiko balie bezala.

Eleberriaren bigarren atalean, gu-tik ni-ra egiten du narrazioak, eta 20 urte beranduagoko, gaur eguneko Peru da mintzo dena, institutu bateko irakaslea, aita ustez monogamoa. Gaztetan eszeptikoa izandako gizona nihilismotik gertu dago orain, sexuan eta haragian baizik federik ez duela. Klase ertaineko gizon heterosexualaren dekadentziarena da bigarren ataleko Peruren ahotsa, lehenengoan baino markatuagoa eta pertsonalagoa. Hariak eta gaiak mugatuta eta ahotsari sendotasuna emanda, bestelako trinkotasun bat irabazten du nobelak, nahiz eta batzuetan ahotsa inpostatuegi egin zaidan, tradizio literario jakin bati lotuegia.

Edonola ere, garai baten memoria ikuspuntu etiko eta politiko jakin batetik berreskuratzeko ahalegin interesgarria da Gorrotxategirena, malda gorarik gabeko irakurketa bizia eskaintzen duena, gainera.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak