kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Argia, lurra, zuhaitza, zerua / Jon Gerediaga / Pamiela, 2015

Ez zara izango berbera Igor Estankona / Deia, 2015-07-04

Gogoan dut poema bat —norena ote zen, Cohenena, Rexrothena, Li Bairena, Peru Magdalenarena?— non emakume txiki batzuk zihoazen zuhaitz adaburu erraldoi batzuen azpitik —zer ote ziren, laritz biluzak edo zedroak?— eta hain zen fina idazkera, hain klasikoki perfektua irudia, hunkiturik geratu bainintzen nire baitan hain pintzelkada gutxirekin egindako irudiari begira, berezitu ezinik zer zen sentipen hura, zauri bat edo zoriona.

Jon Gerediagaren liburuarekin negar egin dut, aspaldiko partez. Mugiarazi dizkit nire txikitako zeruak, nire oraingo mamu maitagarri zenbait, ohartu naiz nire poesiaren nahi eta ezinaz bere erraztasunaren aldean.

“Ezkiak, sahatsak,/ intxaurrondoak, haltzak,/ hurritzak, ibiltariak,/ akaziak, gaztainondoak,/ haritzak, lizarrak,/ likidanbarrak,/ erramuak.”

Gerediagak lortu du nigan berpiztea baso hura gurutzatzen zuten —zer ote ziren bada, laritz biluzak edo zedroak!— emakumeen ttipitasuna. Kantatzen die amari, naturari, lore urdinei. Garrantzi bera ematen dio haize ufada batek dantzarazitako belar printza bati zein heriotzari. Fitola balba, karpuki tui (Pamiela, 2004) itzel hartako iniziazio-erritualak fini dira, eta Zentauro-hankak (Pamiela, 2012) arean irregularragoan zebilen harria geratu da supituki: orain bataio bat proposatzen digu bizitzaren ibai luzearen uretan, orain desmasiak utzi eta gauza handiekin sartu da idazlea.

Minimalismotik eta aszetikatik edaten duen liburu honetan ez da inolaz ere astuna egiten haikua, ez da melenga suertatzen dharma, dena doa idazkera arin eta errepikapenetan gozo batekin, “dena izate geldo, dena iraupen,/ dena halabehar, dena atseden”.

Batzuek esango dute eskapismoa dela, eta idazketaren aurrean ez jartzeagatik idazten dutela Gerediagaren modukoek arrastiriko eguzkiaz. Irakurlea laster ohartuko da, ordea, kenduz-kenduz landutako poesiaren mamia opatzen zaiola. Ez dio uko egin, zentzu horretan, bere aurreko liburuetako sekretuetako bati, hots, hitz gutxi batzuekin osotasuna deskribatzeko gaitasun berezko horri. Gutxi esanda eta dena iradokita, malenkoniaren teknika krudelarekin inarrosiko zaitu lehenik, atzera ez begiratzeko esango dizu gero.

Bizitza —fikzio eder hori— egiazko poesia bihurtzen den lurraldea da Argia, lurra, zuhaitza, zerua. Bilaketaren kronika da, putzuaren hondoa ezaguturik harritzen baita bat sendabideaz, umezurtza oroitzen da azkenik bazuela aita. Eta begiratuz nola berdatzen diren adaburuak astiro neguaren ostean, sagasti zuri-zuriak sutan, liburu honek azaltzen digu portadatik bertatik hasita zer den benetan garrantzitsua eta zer bigarren mailakoa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak