kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Gizon gogorraren sekretua / Xabier Etxeberria / Martin Etxeberria / Elkar, 2015

Hitzek salbatzen gaituztenean Hasier Rekondo / Berria, 2015-06-07

Azken aldian, puri-purian dabiltza euskal literaturan genero beltzaren adar ezberdinei heldu nahi dieten joerak. Orain arte aski ez jorratutako Euskal Herriko testuinguru post-industrialean kokatutako nobelak izan ohi dira. Xabier eta Martin Etxeberria anaia zarauztarrek lau eskutara idatzitako Gizon gogorraren sekretua (Elkar, 2015) lanak esaterako argitaletxe honetan bertan berriki kaleratutako Iñaki Irasizabalen Aita gurea ekarri dit gogora. Izan ere, osagaiak nahiko antzekoak dira, “ven y cuéntalo” hartatik urrun oso: grisez tindatutako gainbehera industrialeko gatazka sozialak, bilbatze narratibo ezberdinak, erredentzioaren bila dabiltzan galtzaileak…

Aurretiaz, hiru eleberri dituzte lau eskutara idatziak: Itxoidazu Cafe de Passy-n (2004), Ez dadila eguzkia sartu (2006) eta Arrain abisalak (2009). Bakoitzak bere aldetik, Xabierrek nobelagintza jorratu du gehienbat; Martinek, berriz, irudi poetikoak ehuntzeari heldu dio banakako lanetan. Nobela honetan, argamasa ezinbestekoa osatuko dute irudiok. Inauteri egunetan harilkatutako krimen baten osteko tentsio narratiboa maisuki mantentzen dute bi anaiok, berariazko zaien osagai nagusiaren laguntzaz: brotxa lodiko umorerik agerikoenetik umore finaren arteko etengabeko joan-etorriak.

Erre gizon arrunta da; bere gainbeheran, dena galdu duen gizon arruntaren zantzu guztiak agertzen ditu behintzat. Donostia inguruko pabiloi industrial batean bizi da Realak azkenekoz bigarren mailan eman zituen garaietan. Aita faltsu batek zorrez ehundutako amarruaren ondoren heldu da gainbehera; bizirik uste duen emaztea ere galdua du, eta alkohola du babes bakarra errealitatearen aurka Tiniren ermita-tabernan. Inauteriak hastearekin bat, Gorri sindikalista hilik aurkitu gauean hartutako mozkor galantaren ondoren galdutako memoria berreskuratu nahi du Errek, leporatu liezaioketen errua arintze aldera. Izan ere, Laminados del Norte enpresan aurkitu dute Gorri urkatuta, Erreren eskuetara heldu den belarria eta zakila moztuta. Detektibe alderrai horren “laguntzaile” gisa, Jota mutiko “atzeratu” eta filosofo aparta eta Burdel King putetxean lanean ari den eta sexu kontuak arinduko dizkion Eme beltzaran masokista. Errek badu beste ezaugarririk: Jon Alonsoren Camembert helburu (Susa, 1998) irakurtzen du.

“Ez naizenak, izan ez naizenak eta jada izango ez naizenak ematen dit min, mainguari eguraldia aldatzen denean zango anputatuak min ematen dion bezala, Rimbaudi ebaki zioten zangoak min ematen zion bezala”, leitzen du Errek bere bitakora koaderno partikularrean. Xede horrekin ekingo dio hankarik ez bururik ez duen detektibe jolasari, infernurako bidean. Beste ildo narratibo batean, Karmele ertzain arduratsua, kale-borrokan buru belarri sartutako alabaren gatibu, Egunero Hertzainak-en kantuarekin torturatuz, krimenaren bertsio ofizialetik urruntzen saiatuko da. Topikorik gabeko nobela honek badu parabolarako joerarik; infernuaren erdian zaudenean umoreak eta hitzek bakarrik salbatu zaitzakete.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak