kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Iazko hezurrak / Unai Elorriaga / Susa, 2014

Nobela ote? Txema Arinas / Berria, 2015-05-28

Oso ondo idatzia zein taxutua deritzot Unai Elorriagaren Iazko hezurrak nobelari. Oso gustura irakurri dut erabiltzen duen hizkera txukuna bezain arina baita, kontatzen dituen istorio edota pasadizoak zinez interesgarriak baitira, maiz hunkigarriak ere bai. Nabarmen da idazleak gogoan zuen asmoa, irakurlearengan indarkeriari buruzko nolabaiteko gogoeta eragitea ezin hobeto gauzatu duena. Hala ere, Iazko hezurrak (2014) irakurri ahala zera etortzen zitzaidan gogora etengabe: 2006ko Goncourt Saria irabazi zuen Jonathan Littell idazle franko-estatubatuarraren Les Bienveillantes nobela mardula, hain zuzen. Biotan azaltzen da protagonista nagusi eta ia bakarra, Elorriagarenean Irene Arrias algortarra eta Littellenean Maximillien Aue SSetako nazi-burua. Bi pertsonaiok ez dute inolako elkarren antzik, ez baldin bada bi idazleei euren protagonistak aitzakia hutsa zaizkiela haien biografiarekin zuzeneko ala azaleko zerikusirik duten kontakizunak jorratze aldera, Unai Elorriagaren kasuan indarkeria mota guztien kontura eta Jonathan Littellenean Shoah edo juduen holokaustoa hizpide. Alde horretatik, Irene Arrias zein Max Aueren bizitzen gainerako datuak oso murritzak eta arruntak izaten dira; izan ere, euren bizitzetan ez da ia aparteko ezer suertatzen, ez behintzat daramaten bizimoduarekin bat egiten ez duen ezer, hau da, Irene Arriasen bizitza Algortako beste edozein emakumezkorena bezalakoa izaten da eta Max Auek bera bezalako nazi-buru gehienek pairatu behar izan zutena pairatzen du gerra bukatutakoan. Dena dela, idazleek euren protagonisten bizipenak zein obsesioak baliatzen dituzte testuan egiatan jorratu nahi dutena idazteko, hau da, Unai Elorriaga indarkeriaren alde gehienak gogoetagai egiten saiatzen da: Ruandako Genozidioa, Antonio Lobo Antunesen liburuetan Angolako gerrari buruzkoa idatzitakoa, Adolf Eichmannen kasua, ETAren jarduna eta beste hamaika eraso, tortura, hilketa, bortxa, atentatu, sarraski, exekuzio, krimen, gerra etsenplu gogora ekarriz. Max Auren kasuan, zer esanik ez, naziek juduen kontra burututako genozidioaren erakusbide pila ematen digu Les Bienveillantes-en egileak. Alde horretatik bi nobelok ikaragarri ondo, gordin, zehatz, zabal idatzitako istorio eta pasadizo krudel, bortitz edo odoltsuren sorta bana ematen dute. Gero gerokoa, irakurleak datu edo kontakizun multzoari aurre egin behar dio nork bere kontuak atera ditzan.

Bi liburuok ez daude batere gaizki, tarteka nekatzeko arriskua egonda ere, datu pilaketa hain da naroa; baina, lehen esan bezala oso ondo idatzita baitaude. Hala ere, nik beti galdera bertsua egiten diot neure buruari: hau nobela ote da? Badakit zenbait adituk, ez baldin badira argitaletxeetako arduradunek beraiek, nobela lapiko baten modukoa dela diotela, hau da, bertan dena kabitzen dela kontakizunak nolabaiteko lotura edo euskarririk izanez gero. Niri ordea kontzeptu hori hain malgua egiten zait, ezen generoen arteko bereizketa erabat lausotu dela begitantzen zaidan. Zer dela eta? Baliteke ni berebiziko klasikoa izatea, ez dut ukatuko, ez dit axola ere, baina nobelaren oinarria, muina, pertsonaiak direlakoan nago, hau da, nobelek kontatzen dituzten istorioak idazleak asmatu edo eraikitako pertsonaiek mamitu behar dituztela. Nik uste dut nobelen erakargarritasuna idazleek mamizko pertsonaiak sortzeko gaitasunean datzala, haiek barik ez baitago istorio sinesgarririk, ez dago On Kixote, Madame Bovary edota Otto Pette. Izan ere, badirudi aspaldi honetan hainbat nobelagilek euren asmamenaren goruetan pertsonaia mamitsuak sortu beharrean nobelak errealitate hutsetik hartutako pertsonaia zein istorioez ehundu nahiago dituztela. Badirudi, baita ere, gaur egun nobelak idazteko, ez dakit nik mamitsuagoak ala mardulagoak egitearren, idazleak kontakizuna berak asmatutako esparru literario propio baten gainean garatu ezean beti kanporantz jo beharra daukala nahitaez, berdin dio atzerrira, iraganera edo artxiboetara soil-soilik, betiere globalagoa egite aldera, dagoeneko gertukotik mundura leloa demodé balego bezala, gertuko eremuek zein pertsonaiek taxuzko nobela bat, nobela global bat, egiteko balio ez balute bezala. Nik uste dut ordea nobelaren betiereko xarma zein funtsa gertutasun horretan datzala, nobelagilearen egiazko meritua, ez baldin bada haren eginkizun nagusia, gertuko eremu zein pertsonaiak sinesgarri asmatzea dela. Gainerako guztia kronika edo saiakera egitea da. Oso kronika edo saiakera onak, noski; baina ez diezaiogun nobela esan menturaz beste genero berri bat den testuari: saiakera nobelatua?

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak