kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Back to Leizarraga / Kepa Altonaga / Pamiela, 2015

Back to Altonaga Hasier Etxeberria / zuzeu.eus, 2015-05-04

Bai, atzera ere Kepa Altonaga etorri zaigu bere saiakera bikain horietako batekin. Lehendik ezagutzen genizkion beste hainbat, baina honek adina ez gaitu inongo bestek libertitu, kitzikatu eta poztu. A ze liburu bikaina nire antzeko irakurle batentzat! Izango da euskara bera duelako hizpide edo izango da ematen dituen erreferentzia gehienak ezagutzen ditudalako, baina a ze gozatua jaso dudan Back to Leizarraga honen irakurketarekin.

Nerabetan irakurri nuen Joanes Leizarragaren itzulpen-liburu ospetsua, Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria, eta oraindik ez zait garunetan amatatu hark utzitako musika gozoa. Horregatik ez nau batere harritu izan, gure literaturgintza eta hizkuntzalaritzaren historian, behin baino gehiagotan entzun izana Leizarragaren euskara behar genukeela eredugarri euskara literarioarentzat. Mitxelena, Villasante, Aresti eta enparauen ahotan, alegia.

Horregatik poztu nau orain Altonagaren honek, orduko hariari tiraka, gaurkotu egin duelako eztabaida, eta nola gainera.

Altonagak Xabier Amurizaren proposamenetan ardaztu du, batez ere, bere esan beharrekoa. Funtsean zera: dagoen dagoenean, euskarak ez du gaitasunik gauzak behar bezala zehazteko (goi mailako komunikazioan eta zientzia adierazpenetan, batez ere). Gure hizkuntzan XVIII. mendeaz geroztik egon den garbizalekeriak, kaltetu egin du euskara eta atera egin du Europako gainerako hizkuntzen multzotik.

Zientzialaria da Altonaga, Biologoa preseski, eta zehaztasunaren beharrak bizi du. Hitzak ondo hautatzearen garrantzia azpimarratzeko, Richard Dawkinsen liburu bateko oin-oharraren aipamena dakar: “Isaias profetaren liburuan hebraieraz almah (=’andre gaztea’) izan zena, itzultzaileak grezieraz parthenos (=’birjina’) eman zuen (adi!, bethulah ei da birjina hebraieraz); gero, badakizu, Bibliaren bertsio greziarra da zabaldu izan dena. Kontuak kontu, Andre Mariaren birjintasuna dogma da V. mendetik hona, oker ez banago, eta eliza katolikoak ezin konta ahala adbokazio ezagutu ei ditu eta kanonikoki koroatu, hala nola, Arantzazu, Begoña, Arrate, Guadalupe, Zuria, Iratxe, Uxue, Koro, Izaskun, Pui, Muskilda, Orreaga, Itziar, Dorleta, Olatz, Antigua, Arritokieta, Urrategi, Junkal, Lurde… Gaur-gaurkoz ez dakit zertan dagoen Unbeko amabirjinarena. Hara hor fideltasun-ezaren ondorio deitoragarria”.

Baina iraganeko kontuei ez-ezik, etorkizunari begira dago Altonaga eta egurra banatzen die ezker-eskuin, gure letretako izen handienetakoei eta baita erakunde sakratuei ere, Euskal Herriko Unibertsitateari, esaterako.

Altonagak Amurizaren bideari eustea proposatzen du, zehaztasunaren eta adierazpen jasoaren mesedetan hitz aloktonoak (kanpotikoak) geure hizkeran sartzea, ez agian eguneroko erabilera arruntean, baina bai adierazpide goi mailakoetan. Funtsean, esan beharrekoak zehatz esan ahal izateko, hitzak falta zaizkigu eta Europako gainerako hizkuntza guztiek egiten duten moduan, ingurukoetatik jaso behar ditugu geuk ere.

Jokin Zaitegik zelulari buruzko Kizkiña izeneko artikulua argitaratu zuen. Baina lexikoa dela eta, ez omen dago artikulu hori neologismoen behaztopa-harrietan distraitu gabe irakurriko duen amaren semerik. Edo alabarik. Hitz aloktonorik ez erabiltzeko asmoz, Zaitegik, esaterako, txiki-ikuskiña deitzen dio mikroskopioari. Halakoen aitzinean, Altonagak Etxepare mirikuarena bezalako bideak hobesten ditu, alegia, Zelula eta mikroskopa idaztea, hark argitaratu zuen moduan: “Izpika horiek deitzen ditugu zelula, bertze mintzai gehienen ara bertsurat”.

Gauza batek egin dit neuri min, baina arrazoia dauka horretan ere: Altonaga erlatibo anaforikoak erabiltzearen aldeko ageri da: zeina/baita, zeinak /bait(it)u, zeintzuak/baitira, zeintzuek/bait(it)u(z)te eta horiek guztiak. Neu ez naiz izan horien oso aldeko, baina esaten dituenak ezagututa, prest naiz nire jarrerak aztertzeko.

Hala ere ez pentsa hizkuntzalaritza hutsaz diharduenik Altonagak, bai zera!. Madame Bovary, Denbora galduaren bila, Nevadako egunak, Harri eta Herri eta hainbat eta hainbat sorkuntza-lan garrantzizko darabiltza dantzan lerro batean bai eta hurrengoan ere bai. Aresti, Txillardegi, Mitxelena, Villasante, Oihartzabal eta antzekoen aipuak ere nonahi ageri dira. Joria, aberatsa, zorrotza, aratza… du idazkera, gutxik bezainbat.

Huntaz eta hartaz adibide bikain ugari jartzen ditu Altonagak gure lehen katiximetatik hasi eta gaur bertako liburuetara arte. Hiru-lau hizkuntzatan irakurle fina izateaz gain, begi zorrotza eta memoria itzela ditu Altonagak baina horiek ez lirateke deusetarako baldin eta ez baleuka idazteko gaitasun fina, gatzez eta graziaz perlatua.

Ez dakit zalapartarik piztuko ote duen liburu honek, baina mereziko luke plazaratu duen eztabaidari leku egitea euskararen geroak kezkatzen gaituenon plazan, Arestik esandakoa betetzen den ala ez egiaztatzeko, besterik ez bada: “Anitzetan erran genuen inor ez dela profeta bere mendean, baina zinki eta finki esperantza dugu (akaso euskara unibertsitateen paret artean murgilduko denean) etorkizuneko generazioek derrigor itzuli beharko dutela back to Leiçarraga“. Bidebatez, derradan, Amurizak ere ez du sekula Altonagak liburu honekin buruan jantzi dion txapela bezain ederrik jasoko.

Benetan diotsut, irakurle, liburu paregabearen aitzinean gara, nola edukiz, hala formaz.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak