« Herrira bueltatzea | Borrokarako aldarria bizi »
Atertu arte itxaron / Katixa Agirre / Elkar, 2015
Postalak eta gatazkak Ibon Egaña / Deia, 2015-05-23
Bi ipuin liburu argitaratu ostean, road movie-en estiloko nobela, estreinakoa, plazaratu du Katixa Agirrek. Ulia protagonista eta narratzaile gasteiztarrak bi asteko bidaia hasi du. Euskal Herrian barna abiatu da BMW erosi berrian, Gustavo mutillagunarekin batera, hari bertako txokoak erakusteko. Postaleko eta itxuraz gatazkarik gabeko Euskal Herrian barrena dabiltzan bitartean, baina, Uliaren eta bere familiaren iraganak orainean egindako sartu-irtenek eta hedabideek zabaldutako albisteek beste Euskal Herriaren oihartzunak dakartzate nobelara: kartzelak eta gose grebak, atentatuak, karga polizialak eta manifestazioak. Kontraste interesgarri hori da eleberriaren motorretako bat: turistaren begiradaren eta narratzailearen begirada nahitaez lokaztuaren artekoa, horretarako bertako eta kanpoko pertsona banak osatutako bikotearen bidaiaz baliatuz.
Berria da Agirreren narratiban gatazka sozio-politikoak hartutako protagonismoa (eta aztertzekoa zergatik den kasik inperatiboa euskal zeraz hitz egitea idazle euskaldunen artean); norabide horretan egindako ahalegina agerikoa, batzuetan agerikoegia suertatzen da eleberrian, sinbolismo handiko gertaerek zipriztintzen baitituzte gertuagotik ala urrunagotik pertsonaiak (Madrilgo M11, Gasteizko 1976ko martxoa, esaterako).
Kapitulu oso laburretan banatua eta estilo zuzen eta eraginkorrez idatzia, jakin-mina sortuz eta areagotuz doa eleberriak aurrera egin arau. Hasieran loturarik gabeak diruditen askotariko narrazio-puskak txertatzen ditu narratzaileak road-movie-aren joanean eta pixkanaka baino ez da joango irakurlea txatalei koherentzia narratiboa ematen eta puzzlea osatzen. Inteligentziaz asmatzen du idazleak erritmoari eusten, tentsioa eta jakin-mina areagotzen. Uliak bikotekideari ezkutatzen dizkion egiak ezagutuz joango da irakurlea, eta era berean, bien artean handiagotzen ari den erretenaz, inkomunikazio gero eta tenkatuagoaz jabetzen.
Inpresioa dut, ordea, ezkutaketa eta sekretuen jokoa aho biko labana dela nobelan: erritmo eta intrigari eusteko baliabide emankorra da, irakurlea orrialdera kateatzekoa, baina era berean planteatzen diren gatazkak intrigaren zerbitzukoegi ez ote diren geratzen iruditu zait. Izan ere, korapilo narratiboa askatutakoan ase egin dakioke irakurleari hazten joan zaion jakin-gosea. Era berean, narratzailearen ahots batzuetan ironiko eta jostariak (Agirreren narratiban ohikoa, bestalde) arnasa ematen dio narrazioari eta larregizko dramatismotik urrundu, baina istorioarekiko distantzia handiegia jartzen ez ote duen nago; hau da, gordinak eta mingarriak diren pasarte batzuetan pertsonaien azalean sartzea kosta egiten dela narratzaileak ezartzen duen distantzia medio (azkenaurreko kapituluan, nabarmenen).
Hein horretan, nobelak mahai gainean jartzen dituen gai mardul eta interesgarri ugari (aitatasun intermitenteak, aita-alaba harremanak, biktima/borrero dikotomiak) sakonxeago garatu ez izana hartu dut faltan. Irakurketa bizia eskaintzen du nobelak, pasarte ederrak ere bai (Benjamin Britten-enak, bikote harremanaren kontakizuna eta gorabeherak), baina marrazten diren gatazka potoloek pertsonaiengan eragindako gatazka intimoagoetan hatza barrurago sartzea eskatzen zutelakoan nago.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera