kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Aita gurea / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2015

Nobelaren trokelgintza Hasier Rekondo / Berria, 2015-05-10

Egilea: Iñaki Irasizabal. Argitaletxea: Elkar.

Iñaki Irasizabalek (Durango, 1969) soka luzea du nobela beltzaren eta erretratu sozialaren arteko mugan aurkitzen diren euskarazko best seller-ak ekoizteko. Bada, urliarentzat bere literaturaren oparotasuna (kasik nobela bat argitaratzen baitu urtero azkenaldi honetan) irakurterrazaren eremu gaitzesgarrian kokatzen da; sandiarentzat, berriz, eleberri irakurterrazak idazteak izugarrizko balioa ematen dio haren lanari, best seller-en premia larria duen euskal literaturaren egoeraz jabetuta bederen. Argitaratutako lanen kopurua ikusita, haren argitaletxeak bigarren aukera honen alde jokatu du argi eta garbi. Azkenaldian kritikoei bustitzea eskatu izan zaigun arren, berendia honek esango lukeena zera da: ez bata, ez bestea, hau da, bai baina ez.

Orain arteko lanetan detektibeen thriller-aren bide aski ezagunak jorratu dituen arren, eta narrazio ildo linealak lehenetsi, hala nola Bizkartzainaren lehentasunak (Elkar, 2013), Odolaren deia (Elkar, 2014) azken lanotan, Aita Gurea (Elkar, 2015) honetan bide ez hain ibiliak esperimentatu nahi izan ditu neurri batean bederen: nobelaren egiturari begiratuta lehenik, eta batez ere, aukeratutako gaien tratamendua kontuan hartuta bestetik.

Istorioaren nondik norakoa laburbiltzean, melodramaz lar kutsatutako istorioan zera kontatzen zaigu: autogintzarako piezak ekoizten duen Melchor Aguirre Prensas enpresako buru Alberto Agirre trafiko istripu batean hiltzen da ustelkeria kontuetan ibilitako, eta erredentzio eskean dabilen enpresari Otazuari enpresa saltzeko hitza eman eta gero, baina salmenta burutu gabe. Enpresari bion familien arteko bidegurutzez eraikitako nobela ehundu du Irasizabalek, kapitalismo industrialaren atzaparretan eroritako pertsonaien erretratu fidela eskainiz. Biziraupena baino zerbait gehiago ziurtatu nahi duten gizajoon patu krudela deskribatzen du. Zenbait pasartetan, Robert Altman zinemagile amerikarrak ehundutako sare narratiboen gisakoak darabiltza Durangoko idazleak. Irakurleak ez du inoiz irakurketa uzteko desiorik izango, eta idazleak, edo editoreak, jauzi narratibo “apurtzaileagoak” eraiki ditu, nolabaiteko hegaldi poetikoari ere lekua eskainiz.

Istorioari berriro ekinez, Albertoren alaba Nagore junkie ohiak, eta haren nobio Ibon ardi beltz nihilistak, narrazioaren pisu nagusia daramaten arren, Nagore enpresaren alde kosta ahala kosta edozein gauza egiteko prest agertuz, enpresaren inguruko pertsonaien mikro-erretratuen isla “soziologikoagoa” ere eman nahi du liburuak.

Erabilitako inflexio puntu narratiboak ez dira batere originalak, lar sinpleak baizik: auto-istripuak. Horrek ez luke larregi zamatu beharko istorioa, Otazuaren seme Iñaki Downen sindromea duen pertsonaiaren mendeku grina ez balitzaio gehituko, esaterako. Telenobelen eragin larregi apika. Dena den, melodramakeriaz harago, Irasizabalek badu liburu irakurterrazak ekoizteko gaitasunik, gurpilak ekoizten diren gisa agian, baina irakurle askoren onuran finean, eta ez da gutxi.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak