kritiken hemeroteka

6.938 kritika

Azken kritikak

« | »

Paperezko hegazkinak / Lutxo Egia / Susa, 2002

Londres lainoa da Gotzon Hermosilla / Euskaldunon Egunkaria, 2002-11-09

Zer eskatu ohi dio irakurleak esku artean duen eleberriari? Ikus dezagun: hasteko eta bat, istorio bat topatu gura izaten du. Behar-beharrezkoa ere ez da, baina irakurleak normalean istorio bat konta diezaioten nahi du. Kontatzea merezi duen istorioa, alegia. Eta istorio horrek pentsarazi eta gogoetarako bidea zabaltzen badio, askoz hobeto.

Bestetik, istorio horrek ondo kontatuta egon behar du. Ondo kontatuta egote hori definitzea zailagoa da noski, norberaren iritzi eta gustuek garrantzi handia dutelako, baina zer esaten zaigun bezain garrantzitsua da nola esaten zaigun. Azken buruan, literaturaz ari gara.

Eta amaitzeko, irakurle gehienek gogoko dute ezustean harrapatuak izatea. Ez da soilik zer eta nola kontatzen diguten: sorpresari zirrikituren bat zabalik uztea irakurleok biziki eskertzen dugun kontua da.

Lutxo Egiaren estreinako nobelak, Susak argitaratutako Paperezko hegazkinak honek, goian aipaturiko baldintza guztiak betetzen ditu. Istorio jakingarria kontatzen digu: Galder Londresen dago, oro lauso laino lurrun den Londresen, Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen kazetari ingeles baten arrastoaren peskizan. Bilatze horretan, gerra garaiko kontuen berri izango du, baina, era berean, Euskal Herrian gaur egun jazotzen denaren oihartzuna ere ailegatuko zaio, espainiar hedabideen galbahetik igaro ostean ailegatu ere. Eta istorio horrek parada ematen dio Lutxori (eta, bide batez, irakurleoi) hainbat konturen gainean hausnar egiteko: batez ere, hedabideek gatazka hartan eta gaur egungoan duten zereginaz, baina baita gerraz, traizioaz, inguru arrotz batean egoteak eta berbakera arrotz bat erabili beharrak sortzen duten larriduraz, inkomunikazioaz. Gogoeta horretan “ideologiak oinarrizko lekua izatea” leporatu dio kritikariren batek idazleari. Jakina. Ideologiak dena zipriztintzen du, bere egunkariaren ildo ideologikoarekin bat ez datozen euskarazko liburuak sistematikoki eskumikatzen dituen kritikariaren iruzkinak barne. Baina hori lehenagotik ere bagenekien.

Kontaketaren nolakotasunaz, bestalde, Lutxok asmatu duela uste dugu. Bi plano nagusiak (eta horien azpian harilkatzen diren azpiplanoak ere) ederto josi ditu. Esaldi laburrak, denbora batetik besterako jauziak, eta jauzi horiek egin ahal izateko gakoak, hiruzpalau izen edo adjektibo elkarren segidan eta loturarik gabe emate hori_ Lutxok darabiltzan baliabide literario guztiek testu gustagarria osatzen dute, atseginez irakurtzen diren horietakoa.

Eta, azen ontzeko, ezustekoarekin ere jolastu nahi izan du egileak. Lutxok amarru ttiki bat erabiltzen du liburuaren amaieran, eta, horren bidez, eleberriari begiratzeko beste ikuspegi bat eskaintzen dio irakurleari. Azken orduko trikimailu hori ez zen beharrezkoa, eta, batzuen iritziz, hor du eleberriak punturik ahulena, baina badakigu Harry Zikinak zer esan zuen aspaldi iritzien inguruan.

Laburbilduz: Paperezko hegazkinak-ekin lan txukuna egin du Lutxok. Eleberri interesgarria, gustura irakurtzen dena, irakurlearen arretari eusten dakiena, ondo idatzia eta zer pentsaturik ematen duena. Ez da gutxi.

Baina, gutxi ez izanagatik ere, ez dut uste hori denik eleberri honen baliorik behinena. Nire aburuz, liburu honek erakusten duena bezain garrantzitsua da iradokitzen diguna. Eta zer iradokitzen digu? Bada, Lutxo Egia senezko eta benazko idazle izateko bidean dugula. Ongi kontatutako istorio bat ekarri digu eleberri honek, eta, era berean, eta hori baino garrantzitsuago, berezko ahotsa duen idazle baten promesa ere ekarri digu. Lutxoren ipuinak, iritzi artikuluak edo Kalezuloko animalien itzalak liburu xume bezain ederrean agertutako poemak irakurri ditugunok bagenuen horren susmoa, baina, lehenengo nobela honen ostean, ez dugu dudarik: apurka-apurka, Lutxo bere estiloa doitzen, zorrozten eta aberasten ari zaigu, eta horrek irakurraldi atsegin ugari ekarriko digu geroan.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak