kritiken hemeroteka

8.280 kritika

« | »

Euskal Elizaren Historia / Xipri Arbelbide / Elkar, 2014

Nonbait bada zerbait johan ez dena! Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-04-08

Elizarekin topo egin dugu. Topiko literarioa bada, horixe bera duzu. Cervantes gogoan, Kixote Santxori zuzentzen zaion pasarteaz ari naiz. Xipri Arbelbiderekin topo egin dut, eta topo egin ez ezik tropoan erori ere. Hots, erretorikan ariko naiz, baita idazleak aldarrikatzen duen Elizaren norabide aldakuntzan Xipriren bidaide izanen ere.

Gogaide izan gabe, bidaide izan daiteke. Gogaide eta bidaide hitzak ez dira ezinbestean kidekoak, “ulertzea” eta “onartzea” kidekoak ez diren ber. Alta, onartzeko zein ez-onartzeko baitezpadakoa duzu hurkoa edota mundua ulertzea. Hau da, nola onartu garena kristautasuna ulertu gabe?

Euskal Elizaren Historia liburuari (Elkar) soako bat emanez gero —amen batean irakurriko duzu— lehenbiziko euskal giristinoak noizkoak eta nolakoak izan ziren kausitu ditzakezu, baita euskaldunok garenaren miraila ediren ere.

Honatx idazlearen bidaide honen begiradaren isla:

Elizaren gorabeherak eta bere nondik norakoak bihurriak dira oso, emakumea erdiminetan nola. Erdimenetan atalarekin hasten da liburua, historiako barrenetan sakonduz. Interesgarria hagitz. Hona bide amaierara arribatu aitzineko gogoeta: bada garaia —XXI. mende honen hastapenean— jainkoaren seme Kristori —egungo apaizei— emakumea bikote gisa onartzekoa. Oharra: liburuaren egilea ez duzu horren aurkakoa, haatik.

Eliza instituzio gisa eraiki da, Vatikanoa buruan buru, diozesien eta parrokien inguruan antolatua. Hastapenean botereek errefusatu zuten instituzioa, botere politikoek bere egin zuten gero. Mendez mende, mundua zabalduz batera, gerla guztien inguruan edo epizentroan egon da Eliza, baita agintearekin batera izan ere. Botereak jakituriaz jantzi behar behar du eta Elizak bere neurriko soinekoa eman dio. Ez txiroen soinekoa alabaina, aberatsen neurriko soinekoa baizik.

Heldutasuna ezagutu du Elizak eta euskal elizak Nafarroan erdietsi. Nafarroa, erran nahi baita Euskal Herria. Gorabehera askoren artean betiere, prefosta. Komenigarri zaigu Nafarroako Erregina Joana III. Labritekoa nor izan zen jakitea horregatik, baita katolikoez beste protestanteak giristinoak badirela. Baita, Joanaren senarra Henrike III. Erregearen “Paris vaut bien une mise” erranaren esanahia ezagutu ere. Liburua horren lekuko eta ekarle duzu.

Monasterioetan bakea, erlijio gerlak karrikan. “Eman ta zabal zazu” abestu zuen Urretxuko Iparragirre bardoak. Elizak eman eta munduratu dituen euskal apaiz, apezpiku eta kardinala adinako fruitu eman izan balitu Gernikako arbolak —ez da epatatzeko esaldia, liburua lekuko—, naski Euskal Eliza bere buruaren jabe litzateke. Eta araiz, Euskal Herria ere. Nahiz eta berriz ere, gizonen Eliza litzateke jaun eta jabe.

Euskal Herria hizpide, eliza ez da bera izan Iparraldean eta Hegoaldean bistan denez. Eta horrengatik eta besterengatik —estatuak estatu, frankista bata berriki arte, eta errepublikar-laikoa bestea— enbor bereko euskaldunok hainbat adarretatik garatu dugu gure izana. Alabaina, euskaldunok euskara mintzo garenean gara zinez euskal izaeraren irudi emankorrena.

Liburua historiaz ari da eta ezin uka Elizarena halaxe denik. Elizak doktoreak ditu, eta naski, eliza pobrearen aldeko Xipri Arbelbide duzu jakitun horietako bat. Arbelbiderekin gogaide izan gabe (oraingoan ez liburuari dagokionez, preseski) ezin uka bere aburu hau: “Gizartearen estimurik ez zeukalarik, Elizak dio eman euskarri ‘behar zuen thornuia'”.

Bakoitzari berea, Jainkoaren legea ikasi genuen tipitan kristautasunaren ildoan. Gaur egun ildotik aldenduta ere —Bakoitzari berea, Naturaren legea duzu ene maxima orain—, eta horretako arrazoiak ukanik ere, ezin uka dezaket ere jendeok espirituz urri eta eskas gabiltzanik. Xipriren eleak parafraseatuz: “Nonbait bada zerbait johan ez dena!”.

Azken kritikak

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Zakur zaunkak
Iñaki Irazu

Hasier Rekondo

Bufalo guztiak
Juanra Madariaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentzien eguzkiak
Ahmadou Kourouma

Jon Jimenez

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Asier Urkiza

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak