kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Hilen logika ezkutua / Jabier Muguruza / Erein, 2014

Logikak eta krisiak Estibalitz Ezkerra / Gara, 2015-01-11

Jabier Muguruzaren “Hilen logika ezkutua” ipuin bilduma izen bereko narrazioarekin abiatzen da, non kontatzen zaigun, modu arras laburrean kontatu ere, hildakoen logika ez dela bizirik daudenen modukoa, hura ulertzera helduz gero, bidegabetzat jo ohi diren heriotzak (jende gazte eta osasuntsuena, esaterako) ez litzaizkigukeela hain bidegabeak irudituko.

Lehen begiratuan jarraian datozen hamabost ipuinek hildakoen logika horrek gidatuta dirudite, haietan deskribatzen zaizkigun gertaerak zentzugabetasunez beteak baitaude. Hartu, adibide moduan, “Beti aitzina”. Ipuineko pertsonaia nagusia ezaguna da une oro agertzen duen jarrera baikorragatik. Ezerk ez du Juan atsekabetzen, baina, nolakoak diren gauzak, istripu garrantzi gabeko baten ondorioz hil egingo da.

Bizidun honentzat, ordea, ipuinaren zentzugabetasuna ez dago gertaera horri lotuta. Zentzugabea da min jasangaitzenean ere espiritu baikorrari eusteko Juanen borondate irmoa. Juanek garrasi egin zezakeen erizain eta medikuek bere gorputza aztertzeko orduan eragindako minagatik; aitzitik, akaso santutasunerako bidea bermatu bai baina bere hezur-haragizko kondizioan eraginik izango ez duen irribarreari heltzen dio.

Garrasiaren balio katartiko, teraupetikoa eta politikoa da hemen proposatzen ari naizena, giza-emozioa ere baden haserrea zentsuratu beharrean hura onartu eta agerian uztea, batez ere bidegabekeriaren bat jazo denean, kapitalismoaren deskribapen gordina eskaintzen duen “Nicolae eta Andrei” ipuinekoa bezalakoa, edo sormen munduaren ezegonkortasunaren gainean gogoeta egiten duten “Jarraitzeko desioa” eta “52 funtzio baietz” narrazioetan azaltzen denaren modukoa.

Haserre modu honek, jakina, zerikusirik ez du maskulinitate jakin baten ezaugarri bihurtu den haserrearekin. Azken hori, maskulinitatea edo, hobeto esanda, haren krisia dezente azaltzen da “Hilen logika ezkutuan”-en. Nabarmenen agertzen zaigu “Arriskua errepidean” narrazioan, non senarrak emaztearen aurrean gogor plantak egiten dituen, nahiz eta emakumeak, senarraren irainei dien beldurragatik, errepidean sortzen duen egoera arriskutsuak zinez beldurtzen duen. Bere urguilu mindua lasaitze aldera, inork ez dezan esan gizon-gizona ez denik, gertaeran zehar pazientzia handia agertu duen motorzaleari “zerri” deitzen dio eta hitz horrekin bere heriotz-unea erabakita geratzen da. Ezen motorzaleak ere badu bere urguilua, eta hura mindu egiten du senarraren urguilu mindutik sortutako irainak.

Juanek bizitzarekiko erakusten duen filosofia, ordea, bestelakoa da. Bere baikortasun mugagabearen bidez adierazi nahi diguna da gizaki modernoa gehiegi saiatzen dela bizitzari, norberarenari zein oro har, nolabaiteko zentzua aurkitzen eta halakorik aurkitu ezean depresioak jota bukatzen duela, “Opor umoretsuak”-eko Joni gertatu bezala. Ziurra den gauza bakarra da goiz ala berandu denok hilko garela, baina heriotza nola eta noiz gerturatuko zaigun, haren logika, jakina, ezezaguna zaigu.

Alde horretatik, kezka existentzialak alde batera utzi eta, New Age mugimenduak bultzatu bezala, barre egin, gogotik barre egin ere, ipuinean esaten zaigun bezala triste dagoena bere erabakiz baitago triste. Barre terapia lagungarri baino lotsagarri egiten zaio Joni, emazteak algara zoroan harrapatzen duenean. Jonen arazoa da, “Ospakizun ausarta” ipuineko Iñigo bezala, ez dela inork ulertua sentitzen. “Bordako azken beteranoak” narrazioko Josu bera, “erremonteak eman duen azken izar handia” (24), hala aurkitzen du bere burua gaizki-ulertu bat dela medio bere zalerik sutsuena eta bakarra, Enrique agurea, galdu duela uste duenean.

Laguntasun handirik ez da “Hilen logika ezkutua” bildumako ipuinetan, ezta komunikazioa ere (“Igogailuan preso” eta “Janari-denda” muturreko adibideak dira).

Aitzitik, errepresio handia dago, sentimenduena (“Podologoaren kontsultan”) eta elkar ulermenarena. Ondo pentsatuta, bizidunen logika ez da hildakoena baino logikoagoa.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak