kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Su zelaiak / Mikel Peruarena Ansa / Susa, 2014

Non datzan edertasuna Edorta Jimenez / Deia, 2015-01-03

Titulu ederra da Su zelaiak. Horren ostean datorren testua bezain. Beraz, literatura ederra dakar izen horretako liburuak. Zeren eta literatura zer da, lehenik eta behin, testua ez bada? Testu ederra, hasiera beretik nork idatzia den galdera eragin didana. Zeren eta liburua, eleberria, Mikel Peruarena Ansak sinaturik badator ere, nor da kontalari ari zaiguna, norena da ahots hori? Ahots, esan dezadan bide bidez, guztiz-guztiz pertsonala, erabat euskalduna. Euskalduna, alegia, gaztelera edo gazteleraz zertan jakin eskatzen ez duena. Oihartzunez betea, Iparraldea deritzogun esfera horrexetako ahotsa begitandu zait. Eta halaxe behar zuelakoan nago. Kontatzen dituenak, 14-18ko Gerla Handikoak, esfera horrexetakoek bizi eta kontatu zituztelako, gehienbat. Egin zitekeen beste testurik ere Su zelaiak horretan kontatzen dena kontatzeko. Egin zitekeen Kirikiñoren euskara erabiliz, hark ere kontatu baitzuen lau urtez Euzkadi egunkarian Guda Nagusia. Bulegotik kontatu zuen, ostera. Zerbitzarik, Anxuberrok, Euskualduna aldizkarikoek eta bestek, su-zelaietatik kontatu zuten. Eta horienak irakurri dituen honi Mikel Peruarenak taxutu duen ahotsa sinesgarri egin zaio. Su zelaiak honen aurrekari zinez ederra den Hezur gabeko hilak eleberrirako Xabier Montoiak asmatu zuen ahotsa bezain sinesgarria, behetik jota. Zor diolakoan nago. Oraingoak lehengoari. Eta biek lehenagokoei.

Eta ahots sinesgarri hori, fikzioan, norena da? Nori eman dio arnasa Peruarenak? Horra eleberria hasita hurrengo galdera. Hori, irakurle honi arnasa hartzen ozta-ozta utzi diona. Orojakilea da, hori argi dago. Eta garaikidea dela ematen du, hots, idazleak gertaerak bertatik bertara kontatzen ari den narratzailea asmatu duela. Bada, ez. Ahotsa asmatu duen idazleak halako batean narrazioaren barruan bere diskurtsoa tartekatu du, Cortazar edo Brecht aipatuz, esaterako. Harira etorri barik, nolabait esan. Ezin izan, inondik ere, narratzaileak narraturiko gertaeren garaikide. Lar daki. Baina tartekatze hori ez da alferrikoa. Horren bidez argi utzi nahi izan digu Peruarenak zein distantziatik kontatu gura izan dizkigun su-zelaietakoak.

Gero, Cortazarren edo Brechten horretara iritsi eta gero, ahotsak kontatzen digun guzti horretan nor den protagonista jakin nahi izan du irakurle honek. Zeren eta hainbeste dira agertuz doazen jendeak ze! Bai, agertuz doazenak asko dira, ematen du dioskula ahotsa asmatu duenak, baina itxaron horiek desagertzen hasi arte, agian halaxe jakingo duzu-eta nor den protagonista nagusia, eleberri honetako pertsonaia, heroia, halaxe esatea nahi baldin baduzu. Eta hasi dira hiltzen lehen agertzen eta agertzen ikusi diren biziak. Halakoxea baita gerra, edo guda. Batez ere luzatu eta luzatu egiten denean. Lau urte! Ez ote dago ihes egiterik? Bai, begira, hortxe da Espainia, eta horren beste aldean Amerika, zoazte! Joan? Aberriari traizio eginik edo, sinpleagoa eta arruntagoa dena, etxekoei Estatuak ezarriko dien zigorraz paso eginik alde egin? Lau urtez halako sarraskian eusteko eta eusteko bere aberriari edonork, hots, denok, dion edo diogun maitasuna baino beste zerbait behar da. Sartu kontakizunean, eta jakingo duzu zer, horren dokumentaziorik ez du falta eleberriak.

Joan ere, dokumentari ederrenak bezala doa eleberria, irudi duelarik lehenik izan dela musika, hots, ahotsa, eta gero etorri direla irudiak, zera, ahotsak aletzen dizkigun pasarteak, zati txiki-txikietan zatikatuak, pasarteok, zatiok, norberak josi eta sarraskiaren panoramika osoa izatea ahalbidetuko digutenak. Panoramika, horra gako-hitza eleberri honetan. Irakurlea ahotsarekin batera doa, hura bezalaxe, hegan, gertaerak eta lekuak hegazti begiradaz korrituz eta korrituz. Eta azkenean, zer? Amaitu dela dokumentaria eta, Sarraskiari buruzko beste lan eder guztietan legez, norbera mutu geratu dela. Hau dena, zergatik? Bide batez, horra azkenean bizirik itzuliko esperantza izan duguna ere hilik, eta, berriro galdera: nor da protagonista nagusia hemen? Galderak, ugari eragin dizkigu liburuak. Beste hiru urte eta erdiz gogoan izango dugun sarraskiaz. Tarte ederra erantzun egiazkoak bilatzen ahalegintzeko. Bitartean, Su zelaiak. Ederra. Edertasuna ez baitatza kontatzen direnetan, kontaeran bertan baino.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak