kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hilen logika ezkutua / Jabier Muguruza / Erein, 2014

Zipriztin nihilistak Hasier Rekondo / Berria, 2014-12-21

“Heriotzaz kontatzen den guztia gezurra da. Errealitatea irain bat da, ukabileko bat bular aldean, eta haren kontrako ituna engainu bat da”, Sandor Marai idazle hungariar erbesteratuaren aipu nihilista erabiltzen du, beste aipu gogoangarri batzuen artean, Jabier Muguruzak (Irun, 1960) bere hirugarren liburuan, Hilen logika ezkutua(Erein,2014). Liburuaren nondik norakoa emango digu ukabilaren indarra duen aipu horrek.

Tonu minimalista, irakurterraz eta aparteko eztanda narratiborik gabekoa darabil musikari irundarrak, egunerokoaren argazki mindua eta lausotua 16 kontakizun laburretan islatu xedez. Narraziotan ez da gertakari liluragarririk jazotzen baina, bere xumean, zenbait ideia totemiko erabiliko ditu Muguruzak, hala nola, harreman sozialen azalkeria, krisialdi ekonomikoaren eragin zuzenak eta zeharkakoak, kulturaren, eta bereziki, musikarien egoera penagarria, eta aurreko guztiak eta gehiago biltzen dituena: heriotzaren eta bizitzaren zentzugabekeria…

Estilo minimal hori, postmodernitatearen olatu leunetan, bere muturrera eramateak baditu bere arriskuak ere, batez ere zenbait kasutan zirriborro narratiboa besterik ez gauzatzea edo hegaldi literarioan sortu litezkeen kalte sekundarioak nabarmenegiak izatea. Horrela bada, Muguruzaren estiloa zenbaitzuetan astuna gertatzen da, bilatzen duen efektuaren kontrakoa lortuz. Eta esango nuke elipsiaren erabileran dagoela gako nagusia: egunerokoaren argazki desitxuratua ematean demasezkoak dira deskripzio errepikakorrak Nicolae eta Andrei, Opor umoretsuakedota Ospakizun ausarta narrazioetan esaterako. Narrazioan aurrera egin ezinik dabilela antzematen zaio, sortu duen ideiaren pisu astunegitik askatu ezinik, ezinbestekoak ez zaizkigun datuak eskainiz. Bitxikeria gisa, pertsonaia askoren adin zehatza emateko obsesioa larregizkoa iruditu zait, zenbaitzuetan pertsonaiaren gaineko ezinbesteko informazioa bada ere, gainerakoetan ez dio ezer apartekorik eskaintzen kontakizunari. Hizkuntzaren erabilera ez da batere “praktikoa”, nolabait esatearren, eta ondorioz produktu literarioaren kalitatea nabarmen murrizten da. Euskararen erabilerak azterketa sakonagoa mereziko luke: erdarakada batzuk lar agerikoak dira, “gurasoei agurtu ondoren” edota “segitzen du joaten” moduko harribitxiak lekuko.

Ideien idazlea izanik, Muguruzak baditu nabarmendu beharreko zenbait dohaintza, batez ere ironiaren erabilera findua eta bizitzaren gaineko ikuspegi pertsonala islatzeko trebezia, Tonetti hemen zen, Beti aitzina eta Igogailuan preso kontakizunetan agertzen ditu, egunerokoan “fracking” kontraesankor bat sortzeko maisutasuna erakutsiz. Arestian aipatu da kontakizun guztiak irakurterrazak direla, horrek nolabaiteko dinamikotasuna ematen dio liburuari. Nabarmentzekoak dira, baita ere, musikarien egoeraren gainean idatzitakoak. Kazetaritza-estiloa neurtua darabil 52 Funtzio baietz narrazio esanguratsuan. Artean eta bizitzan ezinbestez aurrera egin beharrak zipriztin nihilistak ondorioztatzen ditu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak