kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Poesia kaiera / Miguel Hernandez (Josu Landa) / Susa, 2014

Tipularen negarra Igor Estankona / Argia, 2014-12-21

Munduko poesia kaieretako seigarrena Josu Landak aukeratu eta itzulitako Miguel Hernándezen hau da. Ezinbesteko Hernández, Hernández eternala (Orihuela, 1910 – Alacanteko kartzela, tuberkulosiak jota, 1942). Dela hemen dela Sabin Muniategik lehenago eskainitako zertzeladetan, dela Orihuelakoaren hizkuntzan argitaratu diren konta ezinezko antologietan, bere idatziekin hunkitu direnetakoa naiz ni, sutu direnetakoa, desesperatu dutenetakoa. Lorcaren edo 27ko belaunaldi hartako beste izenen lilura arean engainagarriaren aldean, poeta honen debozioa benetakoa da. Paisaiak maitatzera zaramatza, harengekin adoretzen zaitu, kartzelan berarekin odolustu zintezke: “Bihar izango dira/ musuen traba,/ arma bat sentituko/ hortzetan barna./ Sua engoitik/ muinerantz jaitsiko da/ haginez beheiti.// Titiz hegan egizu/ ilargi bitan./ Haiek, tipulaz triste./ Zu, poz irritan./ Burua jaso./ Ez axola zer gerta/ eta zer jazo”.

27koa izan ote zen benetan Hernández? Edo Nerudaren trumoiaren semeetako bat da? Edo Nerudaren trumoiaren semeetako bat da, baina Espainiako urrezko mendeko Cervantes, Lope, Calderón eta Góngoraren markarekin? Josu Landaren hautaketak Ilargietan peritu barrokozaletik gerrako poesia urgente bezain ederrera egiten du, poetaren bi aurpegiok agerian utziz. Horregatik begitandu zaigu kaiera hau konpletoa bezain arina. Itzulpena, esan dezagun bidenabar, bikaina da. Oktaben neurria eta errima eta guzti errespetatzen ditu adierazkortasunik ia galdu gabe: “Errautsezko uda etengabeak/ larraineko ilargia du zaildu,/ ez da bero gorantz den zutabea,/ urrez iraupenean dela bildu”.

Indar kultu bat dauka Hernándezek bere ahuntz-zain irudiarekin kontrajartzen dena, baina era berean honen osagarri dena. Langile eta artzain kultuen Espainia ezinezko hura ordezkatzen du Orihuelakoak. 31 urte eskasekin errenditu barik hil zen, “erregimenaren aldeko keinuren bat” eskatzen ziotenei entzungor. Gudaria bezain sentibera eta senarra bezain estoikoa zelako. Hernández da, hitzaurrean Beñat Sarasolak saiheska dioen legez, autentikoa: “gozamen hutsa da Hernandezen lengoaia poetikoaren samurtasunetik dorpetasunera etengabeko jauziak egitea”. Hernándezek ez du perfekzioa irudikatzen. Benetakoa da.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak