kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Su zelaiak / Mikel Peruarena Ansa / Susa, 2014

Agur maitasuna, agur bizitza Alex Gurrutxaga / Berria, 2014-12-14

Asmakuntza teknologiko berrienak gerraren mesedetan ipinita, sarraskien aroa abiarazi zuen Gerra Handiak. Haren su zelaietan sartu da Mikel Peruarena azken eleberrian, Baionako 49. erregimentuari segika. Euskal literaturan ez da asko jorratu izan 14ko gerra, eta idazleak haren muinera jo du: nobelaren lau ataletarik bi gerrako frontean kokatuak daude (2.a eta 4.a), eta beste biak, berriz, herrietan.

Mobilizazioaren berri emanez hasten da nobela, fokua herriz herri mugitu, eta pertsonaia zein giro askoren argazkiak eginez. Fragmentu anitzeko collageak gerrarako deiak jendartea nola harrapatu zuen erakusten du. Horrez gain, mende hasierako giroaren printza gehiago ere agertzen dira: xuri eta gorrien politika, Lore Jokoak, Amerikara joaten den jendea, eta abar.

Behin gerran sartuta, hasierako pertsonaia kopurua gutxituz doa. Hain zuzen, 3. atalera iritsita, fokua gero eta gutxiago mugitzen da, eta narrazioa orekatuagoa da. Pertsonaia batzuk, baimenak direla medio, etxera itzultzen dira, eta horiei jarraituz erretratatzen ditu narratzaileak herri hutsetako giroa, etxean dauden emakumeen lan ugaria, zerbitzu falta, eta abar.

Kontakizuna lineala da baina, horretaz aparte, estilo bilaketa nabarmena igartzen da, eta saiatze horretan —gehienean behintzat— garaile da nobela. Nabarmendu daitekeen ezaugarrietako bat egitura paralelistiko eta errepikapenen erabilera da; adibidez, esaldi hipotetiko segida nobelaren hasieran, edo “À Berlin!” esapidearen errepikapena aurrerago. Beste ezaugarri bat da 2. eta 4. ataletan paragrafoak erabat eten gabe daudela, gerraren jarraikortasuna eta deskantsurik eza iradokiz. Azpimarratzekoak dira, era berean, Luroren barne-bakarrizketak, eldarnioraino iristen direnak: gertaera traumatikoak kanalizatzeko zailtasunaren erakusle ona dira. Azkenik, ezin da hizkuntza-estiloa aipatu gabe utzi: lapurterazko kutsuarekin aberastu du idazleak estandarra, eta aire klasiko gisakoa ere badu sintaxiak.

Eragozpen nagusi bi ditu nobelak. Alde batetik, hasierako paisaia eta pertsonaia ugariak desagertzen joaten dira istorioak aurrera egiten duen heinean, eta horrek gerraren izaera islatzen du; baina, 2. atalean, hariak lotu beharrean ari da narrazioa, hautatutako formak trama behartu eta diluituko balu bezala. Beste alde batetik, detaileetara jo du idazleak; aldi berean, ordea, makrohistoriatik gertu dabil. Izan ere, ñabardurak gertaera historiko eta gerrako peripeziei dagozkie, eta ez pertsonaien karakterizazioari edo giza harremanei. Azken horiek 3. ataletik atzera hasten dira nagusitzen, soldaduen bizipen pertsonalak gehiago azaleratzen direnean. Arrazoi bi horiek direla eta, liburuak irabazi egiten du aurrera egin ahala, eta eraginkorragoa da arreta Filipe, Etien edo Josephengan jartzen duenetik: pertsonaiek, gero eta gutxiago izanik, protagonismoa irabazten dute, eta estiloak istorioaren mesedetan jokatzen du. Horrela, azpimarratzekoa da azken atalak daukan indarra.

Atal horretan bertan Craonneko kantua agertzen da: “Adieu la vie, adieu l’amour…”, dio. Gerra Handia deshumanizazioa eta heriotza izan zen; hildako soldaduak, zenbaki bat baizik ez gerraren parametro ankerretan. Ederki erakusten du hori Peruarenak Su zelaiak-en.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak