kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Larremotzetik / Hasier Larretxea / Erein, 2014

Ez gara gure baitakoak Mikel Asurmendi / argia.eus, 2014-11-11

Larretxetarrak larreko etxetiarrak izan dira, ez gutxi euskaldunon artean. Gizaldiz gizaldi basoan zailduak, landetan egokituak, lurrari atxikiak. Larremotzetik liburuaren egileak Larretxea abizena du, Hasier izena. Alabaina, XX. eta XXI. mendeen bitarte honetan, larrean sortuak, haziak eta heziak, Hasier bezalakoak gutxi —izan— direlakoan nago. Are gutxiago, izan ere, poetak. Are oraino gutxiago, gehiengo heterosexualaren bestelakoak. Horixe, Baztango Arraiozko Hasier Larretxearen destinoa.

Laxkaberria eta Mandamenea etxaldeak dituzu Hasierren amatxi Leonitaren haurtzaroko larreko etxeen izenak. Amatxik, haatik, Kallerin karrikako etxe batean bizitzera “egokitu” behar izan zuen. Larreetatik asfaltora heldu ziren azkenetakoa izaki Leonita.

Leonitaren mundutik egungo gure mundura doan aldiko pasadizoak aurkituko dituzu Larremotzetik liburuan, Hasier pertsonaren mundualdiko esperientziaren bidez. Leonita Gure bide galduak kantan (Benito Lertxundik emana) aipatua den gurasoa izan zen nolabait. Hasierrek amatxiren mundua ezagutu zuen. Leonitaren seme-alaben garaikoek “ez zuten mundu aldrebesa hura onartzen”. Hasierren gurasoen garaikoek berriz ere “zaila izan dute seme-alaben mundu aldrebesa hau onartzen”. Anari-ren Gure mundua kantaren doinuetan eta letretan islatua kausitu zuen Hasierrek berea.

Aita hizpide, Patxi, “guztiok ditugu mugak, aitarenak baso hostotsuen errestoak abailtzen doazen eremuetan kausitzen dira”, idatzi digu semeak. Anartean, “amaren mugak, mugagabeak ote?” galdetu diot neure buruari. Mugak muga, oroimenak huts egiten omen digu. Gauza onak baino ez ditugu gogoratzen. Biziko bada, pertsona arruntak ahantzi behar du, ahanzteaz beste erremediorik ez dauka. Ordea, pertsona antzelariak sortu behar du biziko bada, eta sortzeko gogoratu. Idazleak kasu.

Larremotzetik oroimenezko portua da. Herritik hirira bideko portua, basokoa, itsasorik gabekoa. Motzean idatzitako larre motzeko testuak dira. Galderek eta baiezpenek zabaltzen diote portu-bidea Hasierri. Portu berriak… Aitak basoan egunero aizkoraz nola, semeak hirian ebaki behar du egunerokoa. Idaztea iraganeko baso aldia berreskuratzeko modua du.

Nire galderak: “Historia berreskuratzerik ba al dago, historia erreala kontatuz?”. “Ez ote fikzioa egokiagoa?”. Hasierren arrapostua: “Pertsona baten memoria ezin dezakete hitzek bildu, bisaiak zabaldutako ikusmirak baino”. Enborra eta aizkora dira aitaren euskarriak. Papera eta bolaluma semearenak.

Hasier, akolito izan zinen lehenik eta gero poeta. Hobe poetaren bidea kausitu izana alkoholikoarena baino. Alkohola euskaldunon ihesbidea izaki mendez mende.

Eta ni galdezka berriro: “Homosexualitatea naturala dela onartu ezinean, naturalki ernatzen den izaera izanda, nolatan ezin egokitu zinen bada, naturalezan, basoan?” . Ez al da, bada, “herriak bizi behar du edota herrian bizi behar dugu”, geurezko eslogana. Herrian ezin bizi hori garratza behar da gero. Eta zuk hiria aukeratu zenuen: Madril. Herria onartu gabeko izaeren tokia izanik, hiria babes. “Hitza atrapatu ezinezko espora eztanda izaten zen nekazari bizitza oroitarazten zizkiguten apaingarriek errautsa pilatzen zuten bitartean”, zuk, Madrilen, Larremotzetik zertuz kausitu dituzu hitza eta bizitza. “Gure baitako kateez libro izan artio ez garela besterenaz izanen” azpimarratuz.

Larremotzetik irakurrita, “Baztango bazterrak gure baitan” erranairua ernatu zait. “Gure baitan” espresioa, bertakoa, erran sakonekoa. Barandiaran apaizak, hainbat jakintzaren jabeak zioenez, “ez gara gure baitakoak”. Eta nik, ustezko sinesgabe honek, zure bidea ezaguturik, “pertsonok naski, ezin dugula bakarrik geure destinoa zertu ahal, garena zertu eta ahalbidetu ere” ustea baitaratu zait.

“Baztango bazterrak ene baitan sartu ziren”, zioen Artze poetak. Zure kasuan, ordea, bazterrok jaiotzez batera sortu ziren zure baitan. Hartara, anabasa moduko bat daramazu barnean, harildu, xehatu eta zehetu beharreko mataza. Hartara, zuretzat agerikoak diren hainbat historia eta bizialdi, lainopean antzeman ditut nire ikusmiratik. Baina hori idazle orori geratzen zaio, ezta? Idatzi ahala, etengabe idatziz, amiñiz amiñi, pitinka-pitinka uxatuz joanen zaizkizun lainoak baino ez dituzu.

Horiexek iradoki dizkidate Larremotzetik-ako ebaki motzek. Nik, nire motzean, gutun modura karrikaratuak.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak