kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hemen naiz, ez gelditzeko baina / Markel Ormazabal / Txalaparta, 2014

Kartzelaren geografia Iraitz Urkulo / Berria, 2014-10-26

Txalaparta argitaletxeak aldizka egiten dituen arte-faktu bitxien aldeko apustu ausart horietako bati esker, euskal literaturaren plazara idazle berri bat atera da: Markel Ormazabal. Hemen naiz, ez gelditzeko baina du izenburua haren estreinako lan argitaratuak, kartzelaren inguruko kronika berezia.

Berezia diot, egilea euskal preso politiko ohia izanik idazketa esperientzia horrek bultzatua bada ere, liburuan nekez aurkituko dugulako erreferentzia autobiografiko zuzenik. Haren ahotsa, oihartzuna balitz bezala, zeharka baino ez zaigu iristen. Drama baztertuta, uneoro tonu bizia eta estilo adierazgarria darabiltza. Autorearen egitekoa kartzelak bideratzen dituen diskurtso ezberdinak aurkeztu eta horien gainean hausnartzean datza. Emaitza argudio sendoz eraikitako ertz askotako diskurtso kritiko bat da.

Orrialde gutxiko atalak nahikoa dira Ormazabalek egungo espetxe-sistemaren logika salatu eta, horri lotuta, gizartean hain barneratuta dauden kartzelaren inguruko uste faltsuak deseraiki ditzan. Zein betekizun du isolamenduak? Zein da musikaren eta literaturaren papera barruan? Kartzelaren beharrik badugu egiatan? Horra hor kronikak hizpidera dakartzan zenbait gai, irakurleoi modu sintetiko, argi eta originalean emanak.

Izan ere, atalok abiapuntu bikoitza erakusten dute. Alde batetik, musika dago. Liburuak Lisabören kantu bat izenburu hartzen duen bezala, hura osatzen duten atalek ere Mikel Laboa, Willis Drumonden… kantuen izenak hartzen dituzte. Bestalde, idazleak kartzelaren geografiatik abiatzen ditu testuak: leihoak, ziega, burdinazko ateak, alanbre arantzadun hormak… Kartzela-espazioaren egituraketa kontrol- eta zigor-ereduetan oinarritutako gizarte globalaren islatzat ulertzen du Ormazabalek.

Diskurtsoa, aipamenez lepo, dokumentazio-lan zorrotz baten ondorio da. Kartzelarekin lotutako alderdi anitzen inguruko hausnarketak idazle, kazetari zein adituen adierazpenetan, espetxeko pasadizo gogoangarrietan eta beste hainbat presoren lekukotzan oinarritzen ditu. Erreferentzien collagea, Ormazabalen beraren hitzetan. Hurbileko egoera eta baldintzen azterketa saihestu gabe, beraz, mundu zabaleko kartzela-sistemari buruzko ikuspegia aintzat hartzen du.

Espetxe-kronika honek erakusten duen beste berezitasun bat atal bakoitzaren amaieran kantu, liburu edo prentsako artikuluen erreferentziak jasotzen dituen bibliografia laburra da. Ziurrenik musika da denetan erreferentziarik ezohikoena, irakurketaren esperientzia are gehiago aberasteko bidean, hura laguntzeko iradokizun gisa zein idazlearen sentsazioetara hurbiltzeko aukeratzat har dezakeguna. Ildo beretik, nabarmentzekoak iruditzen zaizkit zuri-beltzezko ilustrazio indartsuak, paper urratu efektu baten azpitik azaleratzen direnak.

Liburuari, azkenik, gibel solas interesgarria erantsi zaio. Bertan, Iratxe Retolaza literatura adituak kartzela-kronikek euskal literaturan duten kokapena aztertzen du, horien ezaugarriak azalduz eta obra nagusiak aipatuz. Ezustekorik politena azterketaren amaieran dator: Ormazabalen lanean liburuaren beraren erreseina txukuna eskaintzen zaigu. Hemen naiz, ez gelditzeko baina kronika hutsa baino askoz gehiago baita.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak