kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Iraultzen maratoia / Joxe Iriarte "Bikila" / Txalaparta, 2002

Injustiziaren aurkako lasterketa Oier Guillan / Gara, 2002-10-12

Iraultza erronka izugarria da abiatzen duenarentzat. Norbanakoarentzat, bere burua ideien, ametsen eta elkartasunaren baitako koherentzian neurtzeko erronka; herrientzat, injustiziaren testuinguruan beren nortasuna irmo mantentzeko saioa, historiaren amaraunetik herrien existentziari berari loturiko erronka. Gizakia gizaki denetik, iraultzak izan dira: gaur egun badaude, eta ziur asko gerora ere izanen dira, gizakiak bere argi-itzal guztiekin gizaki jarraitzen duen artean.

“Bikila”k bere azalean ezagutu ditu, herri txiki eta zabal honetan pertsona askok bezala, iraultza mota zenbaiten fereka eta hozkada. Hori atzeman daiteke behintzat, urtez urte, lerroz lerro, argitara eman dituen sei liburu eta artikulu anitzen leihotik. “Iraultzen maratoia” hirugarrena du, Txalapartarekin argitaratua, nolabaiteko trilogia osatzera datorren azkena. “Borrokaren gorrian” izeneko lehen lan biziak “Bikila”ren beraren bizipenei estuki loturiko kontakizunak biltzen zituen, gure historia hurbilaren anekdotarioa. “Ekaitz aroa” bigarrenak Lizarra-Garazi atal historikoaren inguruko intentsitatea islatzen zuen, baina, hiru liburuen erdian kokatuta, edukia eta egitura ere nolabait erdibidean gelditzen ziren. “Iraultzen maratoia” hirugarrena freskotasuna berreskuratzeko urrats sendoa da, baina ez du orri bakoitza gertutik bizi izan duelako sinesgarritasuna guztiz lortzen.

Liburuaren abiapuntua erakargarria da oso, iraultza hitzarekiko atxikimendua sentitu duen edonorentzat bederen. Liburua osatzen duten kilometro itxurako berrogeita bi ataletan zehar, historian egindako iraultza ugarietan barrena bisita gidatua eskaintzen du autoreak. Aipatu kilometroetan zehar, Erroma, Atenas, Irlanda, Chiapas, Siberia, Sahara, Eskozia eta Kuba aurkitzen ahal ditu irakurleak, injustizia amaitzeko xedea duen grin komunaren pean, eta munduaren historian izan diren iraultzak gogora ekartzen dituztela. Haien artean Euskal Herriko historiaren pasarteek leku berezia dute, Amaiur, Orreaga, eta Gerra Zibilari dagokien kontakizunekin, esaterako.

Iraultzek eta haien inguruko gertakizun, ideia eta pertsonaiek interesa piztu izan dute beti iruzkin honen egilearengan, eta, alde horretatik, ezin ukatu liburuaz gozatu duenik. Baina atxikimendu sentimentalaren dimentsiotik areago, aitortu beharra dago zaila egiten dela liburuko pertsonaia ezagun nahiz ezezagunengan erabateko sinesgarritasuna aurkitzea. Narrazioan lehenengo pertsonara sarritan jotzen dela aintzat harturik, pertsonaia gehienak gaur egun hitz eginen luketen bezala aritzen dira; gaur egungo hizkera eta espresioaren pisua nabarmenegia da, eta horrek areagotu egiten du pertsonaiek esaten dutenarekiko urruntasun eta naturaltasun ezaren sentsazioa.

Atal bakoitzean azaltzen diren iraultza edo pasarteez liburu bana idazten ahal da; lan honek dakarren egituran agian ezin da larregi sakondu, baina, hala ere, iraultzen epikotasunetik at, haien argi-itzalak eta ñabardurak bota ditut faltan. Iraultza asko handiak egin dira barruko gatazka eta kontraesanak gainditzeko gai izateagatik; beste asko bere grinaren baitan kontsumitu dira, eta esperientziaren lezioa utzi dute ondorengoentzat. Nire aburuz, liburu hau iraultzekiko begikotasuna senti dezakeen irakurlearen neurrira egina dago, eta hori ez da gutxi, baina ezta asko ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak