kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ez zen diruagatik / Ana Jaka / Elkar, 2014

Barne galtzaileak Hasier Rekondo / Berria, 2014-10-12

Barne gatazka emozionalak azaleratzeko akuilurik onena dugu dirua edo dirurik eza, txanponaren ifrentzua gauza bera baita. Azken krisialdi ekonomikoak eragindako haustura pertsonalek edota sozialek lekua izan dute gure literaturan azken sasoi honetan, askotan kopuru makro-ekonomikoek marraztutako estereotipoetan erortzeko arriskutik gertu, gehienetan narratiboki eraikitako pertsonaiok haragizkoak ez direlako. Ez zen diruagatik Ana Jakaren (Andoain, 1973) lehen eleberriak ondo ehundutako lau galtzaile sozialen eta, nagusiki, emozionalen erretratu lazgarria harilkatzen du. Eskasiaren potret hori maila narratibo ezberdinetan ematen zaigu, eta esango nuke gorabeheratsua dela azken emaitza.

Olgak, 45 urteko emakume zakar bezain minbera eta narratzaile lanetan diharduenak, deskribatutako bakardadetik bakardaderainoko barne bidaia baten nobela dugu Jakaren lehena. Zalantza izpirik gabe, Olgaren barne hausnarketak dira liburuko pasarte gorenenak. AK-47 fusil baten gisara jaurtitzen ditu politikoki zuzenaren aurkako azken balak Olgak. Esaterako, diru laguntza sozialak jasotzen ditu eta harro dagoela ematen du, lanaren esklabotza albo batera utzita. Mojek erakutsitako lanaren gorazarrearen aurkako bala ironikoa, nolanahi ere. Ez da faltako bankuen aurkako diatribarik edo aita entzungorraren kontrako desirazko kexarik.

Olgarekin batera, Dani homosexual gaztea eta armairutik irtendako Mikel bere amorante heldua. Olgak, Danik eta Mikelek hirukote ezindu bat osatuko dute, ordaindu ezinezko alokatutako Olgaren etxean. “Hirukotearen laugarren hanka” Mikelen emazte haluzinogenoa dugu, Monika. Esan dezadan, bidenabar, planoz kanpo eraikitako Monikaren bakarrizketa errepikakorrak direla eleberriko parterik ahulenak: guztiz soberan daude, eta ez diote ezer eskaintzen lanari.

Eguneroko kontu ñimiñoek baldintzatuko dute bizitzaren astuna: bazkari prestaketak, zigarreta erretze konpultsiboak, zerbezen urritasunak, ospitalerako joan-etorriak. Hiruzpalau egunetan bakarrik gozatu ahal izango dute nolabaiteko zoriontasunaz. Nobelaren erritmo geldoak larregi luzatzen du erabat aurreikus daitekeen narrazioaren ildoa. Printzipioz, horrek ez du zertan kaltegarria izan, baina zenbait elipsiren falta sumatzen da narrazioan. Olgak bi ospitaletan bizi izandako antzeko esperientziak, esaterako, erredundantziaren erreinuan sartzen dute narrazioa. Agian ipuin luze on bat luzatu beharrak kalitatea kentzen dio azken emaitzari, baina pertsonaion sinesgarritasunak eta estereotipoetatik erabat aldentzeak narrazioa salbatzen du. Sinesgarritasunaren borroka erabat irabazi du Jakak lehen entrega honetan. Baina badira hankamotz geratzen zaizkion zenbait literatur errekurtso ere: plano poetiko batetik estilo narratiboago edo estandar batera trantsizio handirik gabe igarotzeak desorekatu egiten du narrazioa.

Pertsonaiak, beste modu batera bizi nahi duten gatibuak diren arren, gehiengoak bilatzen dituen anestesikoen atzetik dabiltza: bikotekidearen berotasuna, etxe baten babes idilikoa, akidura existentziala leunduko duen diru apurra. Ez dira hain ezberdinak, eta horretaz jabetzeak egiten ditu galtzaile. Eta lazgarriagoa dena, ez dute nori errua bota. Honela mintzo da Olga: “… eta ez nintzen ezertan berezi, ez nuen nire bizitzaren errua nori bota, hori ere ez nuen”.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak