kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Kapitain Frakasa / Anjel Lertxundi / Erein, 1991

Errezeloaren sareetan Iñaki Aldekoa / El Diario Vasco, 1991-12-11

Irakurleak, ikasle temosoaren pazientzia eskasaz, berehala jarri nahi du nobelaren irakurketa ziurtatuko liokeen protagonista ongi definitu eta borobilaren esanetara. Baina XX mendeko nobelagintzan pertsonaien nortasuna problematiko bihurtu da. Problematikoa nobelagileari dagokionez eta, zer esanik ez, irakurleari dagokionean. Nobelagileak eginahalak egingo ditu, hala ere, bien arteko zubia eten ez dadin. Bere baliabide ohizkoenari jarraituz, “ni” baten ahotik eraikitako esperientzia mundua genuke nobela. Horrelaxe gertatzen da Anjel Lertxundiren “Kapitain Frakasa” nobelan ere.

Pertsonaia anbiguoa

Nobelako protagonista anbiguo eta definigaitz horren betebeharra izango da bere burua nor den ziurtatuko dion istorioa eraikitzea. Izan ere, zein etsairengandik datorren ez dakien pasaporte faltsua eskuetan, erabaki beharra dago. Zer erabaki, ordea, pasaporte faltsuak areagotzen diolarik bere buruarekiko ziurtasun eza; izen askoren atzean mozorrotu denak badu horrelako arriskurik: Marcel, Antonio Cerdán, Ismael Osorio? Zer erabaki, bestalde, protagonistak berak ere ez dakienean zein den bere lanean izan duen porrotaren arrazoia?

Nobelaren abiapuntua: Omega marka bat (pasaportearen sinaduran) eta aurrezantzu baten indarrez nabarmenduko den irudi bat (bi txori mokoka zeru mugetan). Pasaporte-mehatxuaren hartzailea, mafiosoen itxurako talde baten barruan gainbehera etorritako gizon eroria: Ismael Osorio (oraingoz). Zein ote pasaportearen igorlea? Edo, hobeto esan, zein legoke omega markaren atzean? (Omega markaren obsesioak nobelaren bazter guztiak zipriztinduko ditu). Hipotesi ugarien artean, hiru ertzetako triangelu moduko bat gorpuzten joango da: Franz Gleizes, Gerald D., baina zein ote “hirugaren gizona”? Orson? Aurrerantzean, protagonistaren atsedenik gabeko oroimenaren azterketa urdurian, haren pasadizoen tramazoan filme munduko zenbait erreferentzia tartekatuta agertuko zaigu: Orson (Wells), Citicen Kane, Josep Cotten, betametasona, Greene (Graham) etab…

Nortasun bila

Bada gehiago ere, baina ez dira hain funtzionalak, bat ezik, Abraham-en neskamearen seme bastardo biblikoa. Ismael (Moby Dick). Igorlearen eta hartzailearen artean, bitartekariaren mehatxu sinbolikoa: Adi daukak Jainkoa!

Helburua ez da, dagoeneko, ihes egitea, baizik eta ezerezaren atari huts ez bilakatzea heriotza. Izan ere, ohartua baita protagonista, ordurarteko bere nortasun faltsuaz (“Heuk erabaki beharko duk orain nor haizen, nori egingo dioan orain moko”). Ohartua, besteren usteak mozorrotutako jantziaz eroso ibili arren —Ismael, “Kapitain Frakasa” (Commedia dell’arteko pertsonaia bat)— uste horren aldatzearekin batera, ezer gutxi izatera iritsia dela. Memorian barrena murgiltze horretan poliziaren funtzio —ohizko “genre pilicier”etan ez bezala— memoriaren harilkatze horri sostengua eskaintzea baizik ez da izango. Adibidez, zine-ohiala eta proiektagailua aitzaki, jakingo dugu protagonistaren maitalearen (Monique) heriotzaren berri. Nobela osoa zeharkatzen duen maitasun anbiguo horren istorioa une horretantxe bihurtuko da kontalariarentzat narraziogai. Zine-oihalaren aurrean jasandako zirrara “tempus narratibo” bilakatuko baita. Iraganaren sareari errezelo handiz begiratu arren, handixe berreskuratu beharko ditu bere nortasunaren giltzarriak. Izan ere, jasanezina zaigu taiu eta zentzurik gabeko bizitzarik: bizitza fikzioaren zedarrietan eraiki beharra dago. Gauzak horrela, anbiguotasunaren heroi eredugarri horrek, bere buruarekiko kontu-garbitzea luke garaipen, erredentzio badaezpadakoa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak