kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Non dago Stalin? / Xabier Montoia / Susa, 1991

Komiki kutrea Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1991-10-09

Zaila da kutretasunaren definizio bat ematea, eta are gutxiago hura juzkatzea, beste gauza guztiekin gertatzen den modura, ez baita ez txarra ez ona, ez ederra ez itsusia; hortxe dago eta kito. Batzuek gustoko izateaz gain, bandera egin dute horrekin; eta beste batzuei, aldiz, ez zaie gehiegi gustatzen. Sentsibitate kontua besterik ez da, eta inork aurkakorik frogatzen ez duen bitartean, sentsibilitate ezberdinek osatzen dute herri baten kultura, eta zenbat eta sentsibilitate gehiago, are eta zabalago kultura.

Literatura ere sentsibilitate kontua da; hobeto esanda sentsibilitate ugarien batuketa. Irits daiteke horretara abiapuntu askotatik; batzuk saiatzen dira poesiatik, beste batzuk literaturatik beretik, beste batzuk errealitatetik, baten batzuk rock&rolletik. Baina guztien baitan bada helbururen bat, eta ez dut esango aurrenekoa den ala azkeneko ote, edertasuna bilatzea, hain zuzen. Eta edertasuna zer den denok dakigu geure esparruan, geure neurrian, eta geure egoera animikoaren arauera. Hori bilatzeari uko egiten diona, literatura bera ari da ukatzen.

“Non dago Stalin?” Xabier Montoiaren azken liburua da, prosa luzean idatzi duen lehendabizikoa. Argumentua ez du batere konplikatua. Stalin mutil gazte bat da, biboteduna, eta seminariotik pasa izana; horregatik datorkio izena, beste sobietar famatu haren moduan. Mutil hori desagertu egiten da, eta lagunek, eta batez ere haren andregaiak, bilatze-lanari ekiten diote.

Ez dut uste liburu serio bat egin nahi izan duenik Montoiak; edo bestela esanda, ez dut uste liburu serioa atera zaionik, halakoa baldin bazen xedea. Ez serioa eta ez barre eragitekoa, horretarako, barre eragiteko, lehendabizi norberaren burutik hasi behar baita, edo gauza guztiak kanpotik begiratzen ikasi, norberari zuzenduak ez baletozkio bezela. Eta hau ere ez da bere jarrera.

Gehiago esango nuke, Montoiak bere esperientziatik eta bizkizunetik asko aportatzen duela, baina ironiaz edo umorez hartzeko distantziarik gabe. Nabaria da hori pertsonaiak nola deskribatzen dituen, horri begiratzean. Talde rockero bat dago, “Gorroto” izenekoa, Stalinen lagunek osatua, baina taldekideak, lauak ageri dira, inongo berezitasunik gabe, ez dira iristen ezta arketipo izatera ere. Irakurleak ez daki zer pentsatzen duten, zer egiten duten, ia anonimoak dira. Deskribatzen zaiguna horien giroa da (droga, alkohola, sexu piska bat eta rock&rolla), seguruaski era errealista batez, baina topikoa dirudiena azken finean. Euskal abertzale erradikalen topikoa.

Eskema horretatik ateratzen den bakarra Stalinen andregaia da, gozoa, emea oso eta maitemindua, inongo maitasunik azaltzen ez duten pertsonaien artean. Badaude beste pertsonaia batzuk, horien kontrapuntua egiten dutenak, zehatzago ageri zaizkigularik, beren negatibotasunean besterik ez bada: kazetari emakume bat, ninfomana, polizia baten amorantea; horren senarra, “damutu” bat, emaztearen abenturaz ezertxo ere ez dakiena; polizia bat, anbiziosoa, txibato pilo bat mantentzen duena, sexu kontuetan sadikoa; jeltzale bat, Ertzantzaren buru egiten duena, tximeleta zalea, sexu aldetik masokista. Gaiztotasunaren topikoak.

Tartean intriga politiko-poliziala eduki lezakeen istorio bat, baina kontatuta dagoen eran gehiago ematen du zientzia fikziozkoa.

Ez dakit Montoiak bere belaunaldiaren kronika literarioa egin nahi izan ote duen. Liburuak argitara ateratzen duena gizartearen aurrean zenbait gaztek duten hutsaren sentimendua da, kutrearekiko lilura, eta lilura eta sentimendu horiek dira, hain zuzen, liburuak duen gauzarik ederrena.

Ez nuke amaitu nahi liburuak dituen beste gauza onak, nire eritzirako noski, aipatu gabe: erritmoa, paradojak eta —zatika— poetikotasuna.

Hobeto geratuko litzateke komiki moduan, Freak Brothers izanik pertsonaiak. Ederrak beren kutretasunean.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak