kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ilargia putzuan ageri / Rafa Egiguren / Erein, 1990

Oreka bila Txinan barrena Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1991-04-17

Rafael Egiguren Rekalde euskal literaturara itzuli den bidaztia da. Lehenago bazituen bi poema liburu argitaraturik: “Txipiroien bat edo beste” (Hordago, 1981) eta “Mugarrien garraioan” (Susa, 1986). Lehendabizikoan irakurri izan dut nik Donostiako hiriaren deskripziorik zuzenena: “Donostia izeneko / zerrepelkeria txurian. / Non, / arrats hotzetan / itsasoa / plesiglas grixez / estaltzen baita, / ta / hondartza / jijonako turroia / gertatzen”.

Donostian bizi denak badaki zer esan nahi izan zuen Rafak poema horretan. Gero badakigu Txinara joan zela eta handik nobela bat idazteko apunteekin etorri zela. Eta “Ilargia putzuan ageri” jarri zion izenburu aspaldian gure artean argitaratu den libururik potzoloenari. Izenburuak adieraz dezake bestalde, orrialdeetan irakurle ausartak aurki dezakeena. Ilargia putzuan ageri baldin bada, putzuak isladatzeko ahalmena duelako da. Putzua ispilua bait da. Eta Rafaren liburua, ispiluen jokoa. Liburuko pasarte batzuk hona ekarriz uler daiteke ederkien.

“Aspalditik datozen ispilu arraro batzu dira eta ez dituzte edozein lekutan saltzen. Aurretik ikusita beste askoren antzekoak izan litezke, baina ba omen dute ahalmen bereziren bat. Izan ere, eguzkiak indarrez jotzen duenean, eta aurrean horma ilunen bat suertatuz gero, atzekaldean idatzitako karaktereak irakurtzen omen dira egindako isladan. Antzinako ispilu magikoak dira eta esaera zaharrak ezkutatzen omen dituzte”. Oroimena duten ispiluak dira beraz, Lumiere anaiek zinema asmatu aurrekoa, eta gizonaren antzekoak dira, argiak buruan jotzen dienean askatzen bait dute hauek ere gordeta dutena. Antzinako ispiluen oroimena dute izenburutzat atal batzuk, narratzailea bere ahots propioaz mintzo denean eta bere gogoeta eta oroitzapenak idazten dituenetan hain zuzen.

Badaude ordea beste ahots batzu, narratzailearenarekin batera halako puzzle bat osatuz (ez dezagun ahantz puzzle arazoetan txinarrak zirela maixu), edo Joxerra Gartziak dioen moduan (gu baino iaioago bait da, eta ez alferrik, musikarako) ihardun polifonikoa sortuz. Bakoitzaren bizikizunak azaltzen zaizkigu poliki-poliki nobelan zehar, pertsonaiek beraiek kontatzen dute nola elkartu diren, zein izan den elkartu arteko bizitza, eta zeren bila etorri diren urrutiko Igrraldera. Guztiak joan dira Txinara Mendebaldeak eskaintzen ez zuen zerbaiten bila, eta aurkitu dutena horixe da seguruenik, hemen urrea bezain garestia dena: oreka.

Rafak berak kontatzen du mendebaldeko kulturaren ezaugarri bat abentura den bitartean, ekialdekoa oreka dela. Horrelaxe mintzo da pertsonaia bat: “Norabide eta oreka kontuetan, esate baterako, bestetako sistema baten osagarriak somatzen ditut hemengo oinarrietan…” Eta beste bat honelaxe: “Orekak liluratzen ditu, guk abenturaren eromena maite dugun haina”.

Baina pentsa daitekeenaren kontra liburuan ez da mendebaldea eta ekialdearen arteko kontraposizioa egiten. Batak ez du bestea ukatzen. Yin eta Yanaren moduan elkar osatzen dute, laiotzak eguterarena duen gisa elkarren beharra dute bat izateko biak. Bizitza ikusteko bi modu ezberdinak dira. Zera dio pertsonaia batek Txinako gauza txarren laburpena egin ondoren: “Aldekoak ere, gainera, onartu nizkion beste batzu. Mendebaldean aspaldi galduta dagoen patxada, adibidez. Izan ere, inguru hauetako denborak airegaz du antza; hor dago, baina ez da sentitzen. Irakiten dihardu akaso, baina geldirik dagoela ematen du”.

Ametsak ere bere garrantzia du. Elementu narratiboa da liburuan, zatiak elkartzeko modu bat. Rafa Egigurenentzat ametsa bizitzeko modu bat da, gerorako bideak ireki litzakeena. Etsitzen ez duenak amets egiten bait du.

Narratzaileak dioen moduan: “Edonon badira, hala ere, ametsik egiten ez duten herriak, baina oraindik etsi ez duenik ere badago. Izan ere, ametsa baino ikuskizun zoragarriagorik nekez eman liteke, nahiz eta hurrengo goizean oroitu ezinik ihardun. Geu gara ikusle eta entzule, nahiz eta antze-lanak ere sarritan egin behar izan ditugun. Itxuraz, egileak ere geu gara, baina auskalo egitan nork agintzen duen”.

Politikaz ere mintzo dira pertsonaiak, eta iraganean hiperpolitizatu egon diren gehienen antzean, desdramatizatzeko eta, noiz edo noiz, barre egiteko aipatzen dituzte politikako gorabeherak. Ironiaz beti ordea. Lau lagunek osatzen duten taldeari izena jartzekotan, ez zaie besterik okurritzen La banda de los cuatro jartzea baino.

Aipa daiteke pasarte bateko ametsaren kontakizuna ere. Pertsonaia batek zera amesten du, Txinako Errepublika Popularraren Biltzar Ttipiko burukideak ezagutzen dituela. Darion umore surrealistarengatik antologikoa da pasarte horretako elkarrizketa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak